Gernikan «transmisio komunitarioa» dagoela adierazi du alkateak

Herritar guztiei eskatu die PCR probak egitera joateko, eta birusa «edozein kaletan» egon daitekeela nabarmendu du. Murgak adierazi du konfinamendua «ez dagoela aukeren artean».

PCR probak egiten hasi dira gaur Gernika-Lumoko ospitalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko abuztuaren 24a
12:49
Entzun

Jose Mari Gorroño Gernikako (Bizkaia) alkateak herritar guztiei eskatu die PCR probak egitera joateko. Gorroñok adierazi duenez, «transmisio komunitario» bat dute aurrez aurre; izan ere, azken egunetan atzemandako 51 positiboetatik 11k ez dute elkarren artean loturarik.

Hasieran PCR probak egiteko deialdia abuztuaren 14tik 17ra parranda guneetan ibilitako pertsonentzat egin bazuten ere, orain herritar guztiei eskatu diete probak egitera joateko. Hala adierazi du alkateak prentsaurreko batean, eta gehitu du birusa «sakabanatuta» dagoela eta, hortaz, «edozein kaletan» egon daitekeela.

Egoeraren larritasuna nabarmendu du Gorroñok, eta adierazi du ekainean nahiz uztailean kasu bakarra zutela baina orain 87 kasu positibo dituztela. Abuztuaren erdialdean izaten dira Gernikako festak. Udalak «arduraz jokatzeko» deialdia egin zuen, baina Gorroñok adierazi du «ez zirela neurriak bete». Kutsatutako jende gehiena gaztea da, 19 eta 45 urte bitartekoak. Hala ere, birusa «zabal» egoteak arduratzen du Gorroño, eta adierazi du ezinbestekoa dela herritar guztiak «elkarlanean» aritzea.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak adierazi du konfinamendua «ez dagoela aukeren artean», eta kutsatutako pertsonen soslaia «identifikaturik» dagoela. Asteazkenean hasi zen kasuen gorakada Gernikan, eta, Murgak adierazi duenez, aurreko asteburuan herriko ez-jaietan ibili zirenak dira kutsatuak. Bestalde, gehitu du bertan «transmisio komunitarioa» egon daitekeela, baina ez dagoela «kale, taberna edo txoko zehatzik». Hemendik aurrera PCR probak egiten jarraitu behar dela adierazi du, egon daitezkeen kasu guztiak lokalizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.