Gernika, euskaldunen kultur tradizioaren bilgunea eta hiririk antzinakoena, erabat suntsita geratu zen atzo arratsaldean matxinatuen aire erasoaldi batean. Borroka lerroetatik urrun dagoen hiri ireki bat da, eta, zehazki, hiru ordu eta laurdenean aritu ziren hura bonbardatu eta bonbardatu. Aireplano ahaltsuak erabili zituzten bonbardaketan: hiru modelo alemaniar, Junker eta Heinkel bonba hegazkinak eta Heinkel gudu hegazkinak. Etengabe aritu ziren hiria bonbardatzen; 460 kiloko bonbak jaurti zituzten, eta 3.000 tik gora su jaurtigai, gutxi gorabehera, 1.000 liberakoak [0,920 kilokoak]. Gudu hegazkinek, berriz, hirigunean hegaldaka ibili ziren, eta handik kanpoalderantz metrailatzen zituzten landa aldean babestera ihesi zihoazen zibilak.
Handik laster, sutan zegoen Gernika osoa. Gernikako Batzar Etxe historikoa izan ezik: euskal arrazaren agiritegi oparoa, zeinetan biltzen baitzen antzina Euskal Parlamentua. Zutunik zegoen Gernikako arbol ospetsua ere, hala 600 urteko haritz enbor zahar idortua, nola mende honetako haren kimu berri gazteak. Hemen, Espainiako erregeek zin egiten zuten Bizkaiko foru eskubide demokratikoak errespetatutko zituztela, eta, ordainetan, lealtasuna hitzeman zioten babesle gisa, Bizkaiko jaun, ez errege gisa. Santa Maria parrokia eliza ere ez zen hondatu; hango kapitulu-gela zoragarria bakarrik txikitu zuen su bonba batek.
Gaur, goizaldeko ordu bietan izan naiz hirian, eta sutan zegoen, alderik alde;ikuskizun izugarriagorik. Sugarren isla ikus zitekeen mendiez gaindiko ke adarretan, hamar milia [hamasei kilometro] haraindira ere. Gau osoan, etxeak jausi ahala, ezin iritsizko hondakindegi gorri amaigabe bihurtu ziren kaleak. Bizirik zirauten zibil askok Gernikatik bilborako ibilbide luzeari ekin zioten, euskal baserrietako antzinako gurdietan, idiek tiratakoak eta gurpil sendokoak ziren haietan. Sutetik nola hala libratutako etxeko gauzez gainezka zihoazen bidean barrena, samaldaka, gau osoan. Bizirik atera zirenetako beste batzuk gobernuaren kamioietan garraiatu zituzten, baina bertan gerarazi zituzten gehienak, kiskaltzen ari zen hiriaren ingurumarian; lastairetan etzanarazi zituzten, eta ahaide eta haur galduen bila jarri. Bien bitartean, suhiltzaileek eta euskal polizia motorizatuak egunsentira arte jardun zuten salbamendu lanetan, Telesforo Monzon Barne ministroaren eta haren emazte Maria Josefa Muñoaren gidaritzapean.
Elizako kanpaihots larria
Egiteko moduari, eragindako hondamendiari eta jomuga zuen helburuari dagokienez, Gernikako bonbardaketak ez du parekorik historia militarrean. Gernika ez zen helburu militar bat. Gerrako materiala egiten zuten hiriaren kanpoaldeko lantegi batean, baina ez zuten ukitu ere egin. Ezta hiritik hurrean zeuden beste bi kuartel ere. Borroka lerroetatik urrun zegoen hiria. Antza denez, bonbardaketak bazuen helburu bat: biztanle zibilak adoregabetzea eta euskal arrazaren sehaska suntsitzea. Uste hori egiaztatzen dute egintza guztiek, baita balentria hura egin zuteneko egunak berak ere.
Astelehena azoka eguna izan ohi zuten Gernika ingurumariko landa herriek. Arratsaldean, 16:30ean, azoka bete-betean zegoela eta nekazarien emana artean amaitu ez zela, elizako kanpaiek larri hots egin zuten, aireplanoak zetozela iragartzeko, eta herritarrak lurpeko soto eta babeslekuetan aterpetu ziren, martxoaren 31n Durangon biztanle zibilen kontra izandako bonbardaketa ostean prestatu zituztenetan—harekin hasi zuen Mola jeneralak iparraldeko erasoaldia—. Aldarte onean jokatu omen zuen jendeak. Apaiz katoliko batek hartu zuen bere gain ardura, eta ezin hobeto eutsi zion ordenari.
Handik bost minutura, alemaniarren bonba hegazkin bat agertu zen, eta hirian hegaldaka ibili, zirkuluan eta nahiko behean; gero, sei bonba astun jaurti zituen, antza denez, tren geltokia jotzeko asmoz. Bonbak eta granada zaparrada handi bat jaurti zituen institutu izandako eraikin batean, hainbat etxetan eta haien inguruko kaleetan. Ondoren, aireplanoak alde egin zuen. Handik bost minutura edo, beste bonba hegazkin bat agertu zen, eta beste hainbeste bonba jaurti zituen hirigune erdi-erdian. Handik ordulaurden ingurura, hiru Junker iritsi ziren, eta suntsitu eta suntsitu segitu zuen, eta, handik aurrera, are eta handiagoa izan zen bonbardaketa, eta gero eta etengabeagoa; iluntze aldera baino ez zen eten, 19:45 inguruan. Hiri osoko 7.000 biztanleak, eta beste 3.000 iheslari, txiki-txiki egin zituzten ezari-ezarian eta modu sistematikoan. Zortzi bat kilometroko ingurumarian, teknika berezi bat erabili zuten erasotzaileek: sakabanatuta zeuden baserriak bonbardatzea. Gauean, kandelatxoen modura erretzen ziren muinoetan. Ingurumari osoko herrixkak ere bonbardatu zituzten, Gernika hiria bezain basaki. Muxikan, esaterako, Gernikako sarreratik gertu baitago, hamabost minutuan jardun zuten hango biztanleak metrailatzen.
Heriotzaren erritmoan
Ezin zehaztu liteke, oraindik, biktimen kopurua. Bilboko egunkariak gaur goizean zekarrenez, «txikia, zorionez»; beldur naiz, ordea, behetik ez ote duten jo, Bilboko iheslari mordoa ez izutzeko asmoz. Josefinatarren ospitalean—huraxe bonbardatu baitzuten lehenik—, 42 miliziano zeuden zaurituta, eta guztiak hil ziren. Batzar Etxetik maldan behera eginda zegoen kale batean, esaterako, 50 pertsona zeuden bazter batean —emakume eta haurrak ia denak—; suteko errauts eta hondakinen azpian omen zeuden, aire erasoaldi batean hantxe babestuta. Landa aldean hil zituzten asko; guztira, ehunka izan omen litezke.Aronategi izeneko apaiz adintsu bat, berriz, bonba batek jo eta bertan hil omen zen, sutan zegoen etxe batetik haur batzuk atera nahian zebilela.
Bonba hegazkinek taktika bereziak erabili zituzten; jakingarriak, zientzia militar berrietako ikasleentzat. Hona hemen: lehenik, aireplano talde txikiek bonba astunak eta eskuko granadak jaurti zituzten hiri osoan, alderdi bakoitza banan-banan eta modu ordenatuan aukeratuta. Hurrengo, gudu hegazkinak hegaldarazi zituzten, gainbehera, eta babeslekuetatik irtenda izu-laborriak jota ihesian zebiltzanak metrailatu; 460 kiloko bonbekin zulatuak zituzten haietako batzuk —190 metro inguruko zuloak egin ditzakete—. Korrika zihoazela hil zituzten haietako asko. Azokara ekarria bide zuten artalde handi bat ere garbitu zuten. Antza denez, egintza hark ere bazuen helburu bat: lurpean ezkutatzera behartzea biztanleak; izan ere, hamabi bonba hegazkin iritsi ziren hurrengo, aldi berean, eta su bonba astunak jaurti zituzten hondakinen artean. Hiri ireki bat bonbardatzeko erritmo hark ere bazuen bere logika: lehenik, eskuko granadak eta bonba astunak, biztanleak arrapaladan aterarazteko; hurrengo, metrailadoreak, lurpean ezkutarazteko; ondoren, su bonba astunak, etxeak txikitzeko eta biktimen gainean kiskalarazteko.
Kontraerasorako baliabide bakarra erabil zezaketen euskaldunek, ez baitzeukaten aireplano nahikorik matxinatuen armadari aurre emateko: alegia, apaizen heroismoa. Hantxe zebiltzan, belaunikatuei bedeinkazioa emanez eta haien alde otoitz eginez; jende mordoa zegoen belauniko: sozialistak, anarkistak eta komunistak, bai eta babesleku txikituetako fededun aitortuak ere.
Gauerdi ostean sartu nintzen Gernikan, eta etxeak burrundaran jausten ziren alde banatara; suhiltzaileak ere ia ezinean zebiltzan, hiriguneraino iritsi nahian. Josefinatarren ospitaleak eta Santa Klara komentuak diz-diz egiten zuten txingar mordotan, eta artean zutik zirauten etxe bakanak hondatuta zeuden. Gaur arratsaldean, berriro joan naiz Gernika ikustera; artean kiskaltzen ari zen, eta beste su batzuk piztu berriak ziren. Ospitale baten hondakinean artean, berriz, 30 hildako zeuden.
Euskaldunentzako deia
Hemen, sekulakoa izan da Gernikako bonbardaketaren eragina, hiri hori sakratua izaki euskaldunentzat. Gaur goizean, ezinbestean, Agirre lehendakariak berak honako adierazpen hau egin du euskal prentsan:
«Espainiar matxinoen zerbitzura dabiltzan hegazkinlari alemaniarrek Gernika bonbardatu dute, eta euskaldun guztiek hainbeste miresten duten hiri historikoa kiskaldu. Gure abertzaletasun sentimendurik minenean zauritu izan nahi gaituzte, eta, berriro ere, argi eta garbi utzi diote Euzkadiri zer espero daitekeen mendez mende gure askatasunaren eta demokraziaren gordeleku historiko izan dena erabat suntsitzeko zalantzak izpirik izan ez duten horiengandik.
»Izugarrikeria halakoa ikusita, indartsu erantzun behar dugu euskaldun guztiok, eta bihotz-bihotzetik hitzeman gure jendearen printzipioen alde egingo dugula, eta, hala badagokio, inoiz ez bezalako jarraikitasunez eta heroismoz. Ezin ezkuta dezakegu garaiaren larria, baina erasotzaileak ezin erdiets dezake garaipena; aitzitik, geure burua kemenik eta erabakimenik handienaz adoretuta, porrot eginarazi behar diogu.
»Etsaiak toki askotan egin du aurrera, nahiz eta gero egotzi egin dituzten. Ez daukat zalantza izpirik esateko hemen ere beste horrenbeste gertatuko dela. Gaurko izugarrikeria hau beste akuilu bat izango ahal dugu, lehenbailehen gerta dadin».
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena. Erasoaren kronika 'The Times'-en
Gernikako tragedia. Aire eraso batean suntsitutako hiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu