Gernikako Sare Feministak salatu du Mario Lopez inpunitatez aritu dela salatu zutenetik

Gernikako Sare Feministak nabarmendu du epaiketarekin «beste fase bat» hasiko dela, eta fiskalaren eskariek «egoeraren larritasuna» adierazten dutela. Hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak.

Mario Lopezen sexu erasoak salatzeko manifestazioa, iazko abenduan, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mario Lopezen sexu erasoak salatzeko manifestazioa, iazko abenduan, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko urriaren 4a
13:00
Entzun

Iazko abenduan jakin zen Mario Lopez Lointek Gernikako (Bizkaia) entrenatzaile ohiaren aurkako salaketa bat zegoela, hiru urtez 13 urteko neska bati sexu abusuak egitea egotzita. Artean klubeko kirol arduraduna zen. Atzo iritsi zen fiskalaren zigor eskaria: hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du, eta hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua. Beste eskari bat ere egin du: ahozko epaiketa hastea. Gernikako Sare Feministak nabarmendu du epaiketarekin «beste fase bat» hasiko dela, eta fiskalaren eskariek «egoeraren larritasuna» adierazten dutela. Hala ere, salatu dute Mario Lopez inpunitate osoz aritu dela 13 urteko neskak haren aurkako salaketa jarri zuenetik —bi urte baino gehiago pasatu dira ordutik—.

Zehazki, zera adierazi dute ohar baten bidez: «Bi urte luze hauetan, haur bat bortxatzeagatik salatua izan den gizon bat umeekin egon da lanean, hainbat jokalariri jazarri zaie bere botere posizioaz baliatuz, min egitea baino helburu ez zeukaten salaketa faltsuak jarri zituen epaitegian, eta lasai-lasai ibili da poteak hartzen gure herriko kaleetan. Sistema judiziala ez dugu aliatu, ez».

Izan ere, Lointek taldearen jarrera hasieratik gaitzetsi du Gernikako Sare Feministak, salaketaren berri izanda ere entrenatzaile postuan mantendu baitzuten. Iazko abenduan, ikerketaren berri izan ostean, Gernikako Sare Feministak manifestazio jendetsua antolatu zuen herrian, eta «erasotzailearen inpunitatea eta konplizitatea» salatu zituen. Orduan, klubak esan zuen ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina mugimendu feministak argi esan zuen berak jakinarazi ziola eta, beraz, bazekiela. Uda hasieran, feministek zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, baina klubak esan zien zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko. Are, helarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin.

Lopezek, bestalde, aurtengo maiatzean salaketa jarri zuen Busturialdeko lau herritarren kontra; sare sozialetan jazarri izana leporatu zien. Herritar horietako bi Onintza Enbeita bertsolaria eta Asier Musatadi musikaria dira; beste biek nahiago izan zuten anonimo segitu. Gernikako epaitegian deklaratu ostean, epaileak artxibatu egin zuen kasua.

«Zurekin gaude»

Gernikako Sare Feministak gaur zabaldutako oharrean nabarmendu du «guk sinesten zaitugu» esan ordez «gu zurekin gaude» esaten hasiko direla: «Epaiketa prozesuak oso gogorrak dira erasotuak izan direnentzat». Auzia Bizkaiko Auzitegiaren esku dago, eta datozen asteetan akusazio partikularrak eta defentsak beren idatziak aurkeztu beharko dituzte. Urtarrilean hasiko da ahozko epaiketa.

Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima. 2022ko ekainean Gernika-Lumoko epaitegiak jasotako salaketaren arabera, erasotzaileak 31 urte zituen neskari sexu erasoak egiten hasi zitzaionean, neskak baino hemezortzi gehiago; lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen. Biktimak zehaztu zuen sexu abusuak jasan zituela, eta etengabeak izan zirela mehatxuak eta kontrola ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.