Gernikako Sare Feministak babesa erakutsi dio biktimari Lointekeko entrenatzaile ohiaren epaiketa hasi berri den honetan

Hiru egun iraunen du epaiketak, eta ateak itxita eginen dute.

Gernikako Sare Feministaren kontzentrazioa gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gernikako Sare Feministaren elkarretaratzea, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 14a
14:00
Entzun

«Orain biktimari gure babesa adieraztea dagokigu, duela bi hamarkada baino gehiago bizi izan zuen zerbait berriz ere bizi beharko du eta». Horrela mintzatu da Arlette Apraiz Gernikako Sare Feministako kidea, Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa hastear zela. Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egitea egozten diote Lopezi, eta fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatzen du harendako, baita hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua ezartzea ere.

Gaur hasi da epaiketa, eta hiru egun iraunen du. Gernikako Sare Feminista Bilboko Justizia Jauregiaren aitzinean bildu da goizean, erasoa jasan zuen emakumeari babesa erakusteko. «Bi hamarkada baino gehiagoz inpunitate osoz bizi izan eta gero, gaur akusatuen aulkian eseriko da Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena», erran du Apraizek, eta orain «erreparazio prozesu bat» abiatu behar dela gehitu.

Sistema judiziala kritikatu du, argudiatuta biktimak ez dituela babesten. Hortaz,  erran du «justizia feminista» baten aldeko lanean jarraituko dutela, bidea ez delako amaituko epaiketa horren ondotik edo sententzia plazaratu eta gero. Garrantzitsua zaie «biktimen testigantzei balioa ematea», eta «erreparazioan» arreta jartzea. Are, uste du emaztekiek salaketak jartzeko «bermeak» behar direla, salatzaileak «zaurgarri» direlako «etengabe».

Epaiketa saio guztia ateak itxita eginen da, baita bukaerako txostenen aurkezpena ere. Izan ere, akusazio partikularrak erran du komunikabideak aretora sartuko balira biktima nor den jakingo luketela, «bukaerako txostenean zehatz deskribatzen baitira gertakariak eta hainbat lekukoren testigantzak». Gainera, akusatuak eta biktimak elkar ikustea eragotziko dute saio guztietan; gaur, adibidez, bionbo bat jarri dute bien artean.

Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez gaur, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez gaur, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE

Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, akusatuaren defentsak erran du «harreman platonikoa» izan zela, «inolako eduki sexualik gabea». Hala, ez du onartu «kontaktu sexualik» egon zenik, eta gehitu du biktimak «onartu» duela «maitasun gutunak» igorri zizkiola akusatuari. Akusazio partikularrak, berriz, ez du adierazpenik eginen sententzia izan arte.

Hiru urtez

Lehenbiziko erasoa 1998ko uztailean gertatu zen: Lopezek saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu zuen biktima, eta ukituak egin zizkion. Geroztik jarraituak izan ziren abusuak, hiru urtez; biktima etxera ere eramaten zuen, eta sexu abusuak egiten zizkion. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, eta biktimak, berriz, 13; Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima.

2022ko ekainean, Gernika-Lumoko epaitegiak jaso zuen kasuari buruzko salaketa. Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatzeaz gain, saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa gogor kritikatu zuten herritarrek. Izan ere, hasiera-hasieratik, sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten 2023ko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri, eta biktimari sinistea erabaki zutela. Uda hartan, klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko.

Azkenean, feministei jakinarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hala izanen zela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta akordio bat egiteko prozesua amaitu zuen.

«Konplizitate eta inpunitate hori» salatzea helburu izanik, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero, ohar bat atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu. Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gai hori kudeatzeko orduan egindako hutsengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.