Gernikako Akordioan jasotako oinarriekin bat egiten dutela berretsi dute gazte independentistek. Bide demokratiko eta baketsuak erabiltzeko konpromisoa bere egin dutela gogorarazi dute beste behin, eta prozesuak aurrera egin dezan, modu aktiboan parte hartuko dutela nabarmendu dute.
Era berean, gazteek ohartarazi duteareagotu egin dela azken hilabeteetan haien aurkako «intoxikazio mediatikoa», gazte mugimendua Espainiako eta Frantziako estatuen errepresioaren «jopuntuan» jarriz. Horrek, baina, ez dituela hartutako bidetik mugiaraziko nabarmendu dute. «Gazte independentistak errepresioaren bidez makurrarazi nahi gaituzte. Nora ezean nahi gaituzte; gure herrian ireki den aro berri honetan, indarge eta galduta nahi gaituzte. Baina errepresio horrek guztiak ez gaitu mugiaraziko harturiko konpromisoetatik», adierazi dute.
Donostian eginiko agerraldi jendetsu batean, ezker abertzalearen, LABen eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen babesa jaso dute gazte independentistek. Besteak beste han izan dira ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Itziar Aizpurua, Miren Legorburu eta Niko Moreno, AAMko Oihana Agirre eta Ainhoa Baglietto abokatua eta LABeko Olatz Arozena eta Gorka Berasategi.
Gazte mugimenduko kideek gogorarazi dutenez, irailaren 25ean Gernikan aurkeztutako akordioa haiek ere sinatu zuten, beste 27 eragilerekin batera. «Gazteria da herri honen oraina eta etorkizuna. Eta herri honetako gazteria jakitun da une politiko honetan duen erantzukizunaz. Alde horretatik, gazteria konponbiderako lanean kolektibo aktiboa izango den ziurtasun osoa dugu», adierazi dute.
Txalotu egin dute gatazkaren konponbide demokratiko baten alde azken hilabeteotan eragile ugarik agertutako prestutasuna, eta adierazi dute Euskal Herria «une historiko» baten atarian jarri dutela «egindako urratsek». «Fruituak eman ditu eragile politiko, sindikal eta sozialek harturiko konpromisoak, indarrak batuz prozesu demokratikoa garatzeko urrats emankorrak ikusi ditugulako». Pauso horiek euskal gizartearen «gehiengoaren» onespenarekin eman direla uste dute, halaber. «Horrek abian den bidea geldiezina egiten du», nabarmendu dute.
Gazte independentistak, baina, jakitun dira gazte mugimendua dela eragilerik ahulena estatuen errepresioari aurre egiteko orduan. Besteren artean, gogorarazi dute gazte independentisten aurka azken hilabeteetan eginiko epaiketak, euroagindu eskaerak eta ekimenen debekuak. Era berean, nabarmendu dute iaz eta aurten 49 gazte atxilotu eta inkomunikatu zituztela eta guztiek salatu zituztela torturak eragile horren aurka eginiko bi polizia operazio nagusietan. Gertakari horiek direla medio, atxiloketa gehiago egon daitezkeela ohartarazi dute. «Inkomunikazioan eta torturapean ateratako izenek gazte konprometituen zerrenda beltza luzatu baino ez dute egin», adierazi dute.
Urte askoko lana
Gazte independentistek gogorarazi dutenez, 30 urte baino gehiago daramatzate lanean, modu antolatuan eta gazteriaren arazoei aurre egiten eta irtenbideak lantzen. «Herritar askez osaturiko Euskal Herri aske bat da gure helmuga», azaldu dute.
Era berean, lan hori urtez urte indartu egin dela nabarmendu dute, «zenbaitzuen zoritxarrerako». «Horrelako operazioek borrokan jarraitzeko indar gehiago baino ez digute ematen, horrek erakusten baitigu gauzak ongi egiten gabiltzala, bide onetik goazela», diote.
Euskal Herri osoko herri eta auzoetan antolatuta jarraituko dutela adierazi dute, eta euskal gazteriari dei egin diote bide horrekin bat egitera.
Gernikako konpromisoak berretsi dituzte gazte independentistek
Gatazkaren konponbiderako lanean, gazte mugimendua kolektibo aktiboa izango dela nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu