Gernikako Gerrako Presoen Ospitale Militarra memoria toki izendatu dute

1938 eta 1940 bitartean gutxienez 269 preso hil ziren han, baldintza txarretan egon ostean.

Gernikako ospitale militarra izandakoa memoria toki izendatu dute. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE / LEA ARTIBAIKO HITZA
Gernikako ospitale militarra izandakoa memoria toki izendatu dute. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE / LEA ARTIBAIKO HITZA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urtarrilaren 31
13:00
Entzun

Gernikako Gerrako Presoen Ospitale Militarra memoria toki izendatu dute gaur. 1938ko ekainaren 2tik 1940ko ekainaren 3ra, 1936ko gerra garaian eta gerra amaitu ondoren, bakarrik, beren lurretatik urrun eta gaixorik hil ziren bertan 269 preso. «Gerra baten inpaktua, kontzentrazio esparru batean igarotako denbora, esklabo lana eta asistentziarik ezak eragindako gaixotasunak pairatu behar izan zituzten biktimek, bizia galdu arte», Alberto Alonso, Gogora-ko zuzendariak gaur Gernikan esan duenez.

Eraikina, 2024ko apirilaz geroztik, Gernikan deklaratutako memoria lekuetako bat da. Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzaren 2024ko martxoaren 13ko erabakiaren bidez aitortua, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legea aplikatuz.

Gernikako Gerrako Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) Agustindarren Ikastetxe zaharrean egon zen. Gaur egun Gernikako bigarren hezkuntzako institutua da. Ospitale militar horretan gutxienez 269 preso errepublikano hil ziren gaixotasun infekziosoen ondorioz. Ikerketen arabera, %80 tuberkulosiak jota.

Hildakoak Zalloko udal hilerrian (Bizkaia) lurperatu zituzten, eta bertan 269 Memoriala delakoa eraiki dute. Hildako presoen senideei, askotan, ez zieten heriotzaren berri eman: desagertutzat jotzen zituzten, eta gehienetan ez zekiten nola eta zein egoeratan hil ziren.

Pipergorri elkartearen lana

Pipergorri elkartea aritu da azken hamarkadetan ospitale hartan gertatutakoak dokumentatzen. Arakatze horren emaitza izan zen han hildako zenbaiten biografien bilduma. Haietako asko Euskal Herritik kanpokoak ziren, ondorioztatu dutenez. Gernikako gerra-presoen ospitale militarra. 1938-1940 liburuan daude jaso zituztenak.

Pipergorrikoekin batera parte hartu du ekitaldian Begoña Fernandezek: 1938ko urriaren 12an ospitalean tuberkulosiagatik hildako preso baten alaba da, Constantino Fernandezena. Gaur aurkeztutako panelean jasotzen da Begoñak aitari, hura jada gaixo zegoela, bisita egin ondoren emandako testigantzaren parte bat. Gogora-k orain arte jakin ahal izan duenez, Begoñarena da ospitalea ezagutu zutenetatik oraindik bizirik dagoen bakarra. Honela dio testigantzak: «Ahizpa eta biok behin bakarrik joan ahal izan ginen hura ikustera (...), ia ezin nuen ezagutu: zein ahul zegoen. Gogoan dut musu eman zigula eta malkoak begietan zituela esan ziola amari: ‘Ez itzazu abandonatu’. Eta hori izan zen nire aitaren amaiera niretzat. Hil zenean, beste bizitza bat hasi zen gure familiarentzat: senarrik gabeko bizitza amarentzat, eta aitarik gabeko bizitza guretzat».

Gaur egun, Ospitale Militarra hartu zuen eraikina Gernikako bigarren hezkuntzako ikastetxea da, eta bertako zuzendari Andoni Agirrek eta hainbat ikaslek hartu dute hitza ekitaldian. Alde artistikoan ere parte hartu dute, Segundo Olaeta musika eskolako ikasleekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.