Euskal autogobernuaren etorkizunaz galdetu du EITB Focusek irailaren 19tik 27ra egindako inkestan, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako boto emaileetan nagusitzen den aukera da Gernikako Estatutua «hobetzea». Hamarretik lauk hautatu dute aukera hori, autogobernuaren etorkizunaz galdetuta. Estatus berri baten alde egiten dute %21ek. Aukera horretan nagusitzen dira EH Bilduren boto emaileak (%38) eta EAJkoak (%19). Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bizitokia duten 1.600 pertsonak hartu dute parte inkestan. 400 izan dira lurralde bakoitzeko.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ehun egun bete ditu agintean. Kudeaketari buruz galdetuta, inkestatuek seiko nota jarri diote, hamarretik. Alderdi guztietako boto emaileek eman diote bostetik gorako puntuazioa Pradalesen gobernuari, eta notarik handiena 65 urtetik gorakoek eman diote.
Alderdietako gidariei buruz galdetuta, denak dira gizonezkoak, Voxeko Amaia Matinez kenduta. Notarik altuena Pradalesek jasotzen du (6,2). Joseba Diez Antxustegi jelkideak 6,1 eta Pello Otxandianok (EH Bildu) 6a, EITB Focusen arabera. Ondoren ozta-ozta gainditzen du Eneko Anduezak, 5 batekin. Sumarreko Jon Hernandezi 4,5 eman diote inkestatuek, PPko Javier de Andresi 2,9 eta Voxeko Amaia Martinezi 1,1.
Herritarren lehen hiru kezka iturri nagusiak Osakidetza, etxebizitza politikak eta hezkuntza dira.