PSE-EEk atzo iragarri zuen Eneko Andueza izango dela aurrerantzean ere alderdiko idazkari nagusia. Hark soilik aurkeztu du hautagaitza, eta, lehiakiderik ez duenez, atzo berretsi zuten haren izendapena. Bada, Anduezak berak eta Pau Blasi PSE-EEko Programa eta Prestakuntza idazkariak gaur aurkeztu dute txosten politikoa. Bertan, Gernikako Estatutua berritzeko nahia jaso du PSE-EEk, baina horretarako EH Bilduri eta EAJri eskatu die erabakitzeko eskubidea alde batera uzteko: «Gai hori ez dago euskaldunen lehentasunen artean», esan du idazkari nagusiak, abertzaleek Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo zabalari erreparatu gabe.
Haren ustez, beharrezkoa da estatutua berritzea, eta orain «aukera historikoa» dute parean: «Euskal gizarteak zintzilik duen gogoeta bat da». Gernikako Estatutua onartu zenetik 45 urte pasatuta, errealitate sozial, politiko eta ekonomikoa erabat aldatu da, Anduezaren hitzetan, eta «egonkortasun politikoa aprobetxatu behar da estatutuaren inguruan hausnartu eta ituna lortzeko». Hitz egiteko prest daudela esan du, baina ñabardura batekin: erabakitzeko eskubidearen inguruko aldarria eztabaidatik kanpo uztea. Hori «beste momentu» batean egin beharko litzatekeela iritzi dio alderdi sozialistak. «Elkarguneak topatu behar ditugu, eta horietan ados jarri».
Akordioa lortzea «beharrezkoa» da urteotan lortutako eskubideak «blindatzeko», PSEren arabera. Bestalde, nabarmendu du estatutuak Eusko Legebiltzarrari zerga arloa arautzeko eskumena aitortzea nahi dutela, eta udal botere publikoei «berariazko aintzatespena» egitea. Garrantzitsutzat jo dute itunak azken urteetan onartutako legeak jasotzea: berdintasun legea, etxebizitzarena, enpleguarena, trantsizio energetikoarena...
Ongizatea sendotu
Hain zuzen, Anduezak esan du denbora daramatela «garrantzi handikoak» diren gaiak lantzen. Besteak beste, klima aldaketa, aro digital berria, erronka demografikoa, biztanleriaren zahartzea, zaintza, osasun sistema, migrazioa eta inklusioa aipatu ditu. Hala, «eredu berri bat» proposatu dute, «ongizatea sendotzean» oinarrituta dagoena eta «zerbitzu publiko indartsuagoak, unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak» dituena. Uste du gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela egonkortasuna izatea, eraginkor aritzeko.
Anduezaren hitzetan, «oinak lurrean izanda errealitateari aurre» egiten dio aurkeztutako txosten politikoak, eta etorkizuneko erronkak ere biltzen ditu: «Herri ponentzia bat da». Aurrerapausoa eman nahi dute, «Euskadiren lidergoa lortzeko moduan» direla uste dutelako. Azken urteetan alderdia haziz joan dela adierazi du Anduezak, eta herritarren babesa sumatzen dutela azpimarratu. Horregatik, haien ardura eta protagonismoa ere areagotzen ari dela esan du, eta, hala, txosten politiko «anbiziotsua» ondu dutela adierazi. Helburua: «Euskadin buru izatea».
Behin Anduezak idazkari nagusi jarraituko duela berretsi eta gero, urtarrilean hautatuko dituzte ordezkariak, eta txosten politikoaren eta antolaketaren inguruko eztabaidak ere orduan egingo dituzte. Hain zuzen, urtarrilaren 27ra arte dute taldeek zuzenketak aurkezteko epea. Otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo dute X. Kongresua.