Xabier Irazabal Gernika-Lumoko (Bizkaia) EAJko zinegotziak agerraldia egin du gaur, eta adierazi premiazkoa dela udala blokeo egoeratik ateratzea: «Ez dugu ezer baztertzen, ez zentsura mozioa, ez ezer. Ez dugu gura Jose Maria Gorroñok alkatetzan segitzea».
2023ko balantzea egiteko agerraldia egin du Gernika-Lumoko talde jeltzaleak. Bertan, Irazabalek adierazi du premiazkoa dela «paralisi» egoeratik ateratzea: «Konpondu beharra daukagu, zeren onartezina baita udal honen paralisi eta utzikeria egoera». Adierazi du Gorroñoren hitzaz fidatzea izan zela okerrik handiena. Izan ere, 2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduk atera zuen boto gehien udalean (2.844). Bigarren indarra Gorroñorena izan zen, Guztiontzako Herria plataforma (2.628 boto). Hirugarrena EAJ izan zen (2.500 boto), eta Gorroñok eta EAJk akordioa egin zuten alkatetza Gorroñori emateko, baldintza batekin: hilabete gutxiren buruan Iñaki Gorroñori ematea alkatetza, Jose Mariaren anaiari.
Urte eta erdi joan da geroztik, baina Gorroñok ez du utzi alkate makila, nahiz eta EAJk behin baino gehiagotan eskatu dion. 2023ko abenduan, elkarrizketa batzuk izan ziren EAJren eta EH Bilduren artean zentsura mozio bat aurrera eramateko, baina ez zen atera.
Blokeo egoera ikusita, Irazabal prest agertu da pausoak eman eta Gorroño alkatetzatik kentzeko, zentsura mozioa bera baztertu gabe.
EH Bilduk ontzat hartu du
EH Bilduk begi onez hartu du Irazabalek agerraldian esandakoa, eta Gernika-Lumorako «gobernantza berri bat» ahalbidetzeko konpromisoa berretsi du.
Adierazi du EH Bilduk hilabete asko zeramatzala udala desblokeatzeko EAJri egindako deien eta erantzunaren zain. Gehitu du udala paralisi egoera betean dagoela, eta horren berri eman ziela herritarrei.
Paralisi horren konponbide gisa, Gernika-Lumoko alkatetzaren buru izango zen gobernu berri bat eratu beharra planteatzen zen. «Badirudi horrek eragina izan duela, eta orain bai, EAJ prest agertu da EH Bildurekin akordio bat egiten hasteko, herriko egoera desblokeatu nahian».
EH Bilduren arabera, Bizkai Buru Batzarraren «kanpoko esku sartzeengatik» ezin izan zen akordiorik lortu 2023ko zentsura moziorako. Abagunea bestelakoa dela diote orain. «EAJk nahi izanez gero, ordu gutxi barru zentsura mozioa sinatu, eta aro berri bati bide eman ahal izango litzaioke Gernika-Lumon. Ia dena idatzita dago, sinadurak baino ez dira falta». Horregatik jo du ontzat erabakia, «EAJren urrats hori zintzoa eta ausarta bada».
Gorroñoren bosgarren legealdia
Jose Maria Gorroñok 2007an hartu zuen lehen aldiz Gernika-Lumoko alkatetza, Eusko Alkartasunarekin aurkeztuta, eta EAE-ANVren babesarekin. 2011n Bilduren izenean aurkeztu zen, eta gehiengo osoa eskuratu zuten. 2015ekoetan, berriz, Euzko Abertzaleak izeneko plataforma sortu zuen, eta EAJrekin koalizioan aurkeztuta izan zen alkate. 2019an berriz ere koalizioan aurkeztu ziren, eta, zinegotzi bat galdu bazuten ere, alkatetzari eutsi zion.
Koalizioa 2022an hautsi zen, eta 2023ko hauteskundeetara EAJtik bereizita aurkeztu ziren. Gorroño Guztiontzako Herria plataformaren izenean aurkeztu zen, eta bigarren indarra izan zen botoetan, EH Bilduren atzetik. EAJren babesarekin hartu zuen berriz ere aginte makila, baina desadostasunak agerikoak izan dira azken agintaldian.