Gernikako Batzar Etxea memoria leku izendatzea kritikatu du Ana Otaduik

Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen esanetan, erabakia «ezjakintasunaren» ondorio da, eta zuzenketa bat eskatuko dute

Felix Bolaños, asteazkenean, Gernikan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek asteazkenean iragarri zuen Gernika-Lumo (Bizkaia) izango dela Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean aurreikusitako «memoria lekuetatik» lehena, herri hark 1937ko apirilaren 26an jasandako bonbardaketa oroitzeko. Espainiako Aldizkari Ofizialean erabakia argitaratzearekin, ordea, «harridura» adierazi du Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik, eta Batzar Nagusiek iragarri dute adierazpena zuzentzeko eskatuko diotela Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari. Izan ere, Madrilek izendapena Gernikako Batzar Etxeari emateko prozesuari ekin dio, eta ez udalerriari emateko.

Ana Otaduiren esanetan, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza «memoria leku» izendatzea, juntetxeko presidentetza ohartarazi gabe, Bizkaiko herritarrentzat eraikin hark duen sinbologiaren inguruko «ezjakintasunaren» ondorio besterik ezin da izan. Haren hitzetan, beraz, erabakia «errespetu falta bat» da: «Bizkaiko Batzar Nagusiekiko begirunerik eza adierazten du». Besteak beste, gogoratu du Gernikako Batzar Etxea lurralde hartako parlamentuaren egoitza dela, eta bertan dagoela Gernikako arbola ere. Horiek hala, Otaduik atzera egiteko eskatu dio Madrili: «Espero dut Espainiako Gobernuak erabakia zuzentzea eta propagandaz beteriko iragarpena eraginik gabe uztea».

«Elkargune»

Espainiako buletin ofizialean jasotakoaren arabera, Gernika «euskal gizartearen historiaren eta autogobernuaren udalerri adierazgarri eta sinbolikoenetako bat da»; baita «zibilek gerretan sufritzen dutenaren eta gerren kontrako borrokaren nazioarteko ikurra» ere. Era berean, Gernikako Batzar Etxea euskal lurraldeen «elkargunetzat» jo dute: «Gernikako arbola euskal gizarte osoaren sinbolo bilakatu da». Hala, gobernuak ebatzi du «ezinbestekoa» dela batzar etxeak «Espainiako historia demokratikoan» duen garrantzia aitortzea, eta hura «memoria leku» izendatzea, bonbardaketari lotuta.

Prozesuak aurrera jarraitzeko, ordea, Espainiako Presidentetza Ministerioak txosten bana eskatuko die Gernika-Lumoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Gogora institutuari eta Euskal Herriko Unibertsitateari. Horiek eskuan, Memoria Demokratikorako Zuzendaritza Nagusiaren esku legoke izendapena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.