Gernikako Akordioak «ez etsitzeko» asmoa agertu du

Duela bi urte hitzarmena izenpetu zuten eragileek «eskua luzatuta» edukiko dutela adierazi dute

Gernikako Akordioaren sinatzaileetako batzuk, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARP.
gotzon hermosilla
Gernika-Lumo
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bi urte igaro dira 2010eko irailaren 25ean Euskal Herriko 28 eragilek Gernikako Akordioa izenpetu zutenetik. Bigarren urteurrena kari, berriro agertu dira agiriaren sinatzaileak iritzi publikoaren aurrean, bi urteotako bilana egin eta orduan hartutako konpromisoak berresteko. Eta, berriro ere, Gernika-Lumo (Bizkaia) aukeratu dute euren mezua helarazteko agertokitzat. Oztopoak oztopo, «etsitzeko asmorik» ez dutela adierazi, eta Euskal Herrian zabaldu den «aukera historikoa» galtzen ez uzteko borondatea agertu dute aipatutako eragileek.

Gauza asko gertatu dira bi urteotan; «une ilun eta argiak», akordioaren izenpetzaileen izenean Haizea Solagurenbeaskoak eta Arantza Fernandez de Garaialdek adierazi dutenez. Egindako urratsen artean, ETAren su-eten iraunkorra, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak akordioarekin bat egin izana, Aieteko Bake Konferentzia eta ETAren jardun armatua behin betiko uzteko erabakia nabarmendu dituzte.

Baina «jarrera oztopatzaileak» ere aurkitu dituzte bi urteko ibilbide horretan Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik, eta, horren ondorioz, «Euskal Herriko zerutik laino beltzak uxatzerik» ez dutela lortu esan dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek.

«Jokabide krudela»

Hiru multzotan zerrendatu dituzte Gernikako Akordioaren izenpetzaileek duela bi urte ezarri zituzten eta oraindik betetzeko dauden helburuak. Alde batetik, preso politikoen egoera hartu dute hizpide, eta gogoratu dute gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, Parot doktrina bertan behera uztea eta sakabanaketa amaitzea bete gabeko xedeak direla oraindik. Alde horretatik, joan den udan Josu Uribeetxebarria presoarekin gertatutakoa «estatuaren jokabide krudelaren adibidetzat» jarri dute akordioarekin bat egin duten eragileek.

Aukera politiko eta gizarte erakunde guztiak legeztatzea ere osorik erdietsi ez den eskakizuna dela salatu dute, eta, hirugarrenik, gogoratu dute azken bi urteotan erasoek ez dutela etenik izan, Espainiako Auzitegi Nazionalean zenbait gazteren kontra berriki abiarazitako epaiketak eta Bateragune auzia dela-eta hainbat lagunek kartzelan jarraitzeak erakusten duten moduan.

Horren atzean, eragileon ustez, «euskal gizarteari egin nahi zaion iruzurra» dago, hots, «ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen jarraitu nahi izatea».

Dena dela, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek, «bakea eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko konponbidearen oinarria gero eta askotarikoagoa eta zabalagoa izan dadin». Horretarako, «elkarlanerako eskua» luzatu nahi diete Euskal Herriko gainerako eragileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.