Gernikak Italiari eskatu dio onar dezala bonbardaketan izan zuen erantzukizuna

Jose Maria Gorroño alkateak esan du aurretik Alemaniak eta Espainiak emandako pausoa emateko «garaia» iritsi zaiola Italiari.

Gernika sarietako saridunak. Erdian, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gernika sarietako saridunak. Erdian, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Gernika
2025eko apirilaren 26a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Jose Maria Gorroño Gernikako (Bizkaia) alkateak 1937ko bonbardaketan izandako erantzukizuna onartzeko eskatu dio Italiako Gobernuari. Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika sariak banatzeko ekitaldiaren aurkezpenean egin du eskaera. Nabarmendu du lehendabizi Alemaniak aitortu zuela eragindako kaltea, ondoren Espainiak, 2022an, eta txartzat jo du Italiak oraindik halakorik egin ez izana: «Badu garaia onartzeko sarraskian hango hegazkinek ere parte hartu zutela».

Ondoren, eskerrak eman dizkio Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzari Gernika aukeratzeagatik Bakearen aldeko oihua ekinaldia aurkezteko. Munduko hainbat gerra aipatu ditu: Palestina, Ukraina, Siria, Boli Kosta… eta hango biktimei esan die Gernikak inoiz ez dituela ahaztuko. Oroimena irudikatzeko, Jai Alai pilotalekuko argiak itzali, eta harmailetan bildutako berrehun ikusleetako bakoitzak kandela txiki bat piztu du.

Kandelen metaforari eutsiz, Gorroñok argi bat eskatu du «gerren aurka», argi bat «aginteari indarkeriaren bidez eusten dioten agintarien aurka», argi bat «munduko errefuxiatu guztien alde», eta argi bat «faxismoak dakarren iluntasunaren aurka».

Bakea arriskuan

Ondoren igo dira oholtzara aurtengo saridunak. Lehenbizi, Maria Saladok jaso du saria, Argentinako Antropologia Forentseko Taldearen izenean. «Egiaren berri jakiteko eskubidea eta memoriarako eskubidea» aldarrikatu ditu, eta Argentinako diktaduran desagerturikoen senideek izandako ausardia gogoratu.

Bigarren sariduna Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan da. Guterres ezin izan da Gernikan egon, Frantzisko aita santuaren hiletara joan beharra zuelako. Haren izenean, Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzako idazkari nagusiak jaso du saria, eta Guterresek bidalitako hitzak irakurri. Nabarmendu du NBE «inoiz baino beharrezkoagoa» dela egun, «bakea arriskuan» dagoela eta gerrak amaitu behar direla, «giza miserien katalogo bat» direnez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.