Gernika-Palestina eta Nafarroako Yala elkarteak 35.000 euroko diru laguntza eman diote UPWC Palestinako Emakumeen Batzordeen Batasunari. Bi elkarte horiek, besteak beste, dirua biltzen dute Hego Euskal Herrian, ondoren Palestinara bidaltzeko.
UPWC erakunde palestinar feminista bat da, 1980an sortua, eta haien helburua da «emakume palestinarrak maila guztietan gaitzea». Haiei emandako diru laguntzak Israelen erasoen emakume biktimei banatzen zaizkie, baita emakume desplazatuei, lekualdatutakoei, familiaburuei, adinekoei, ezkongabeei, haurdunei, eta ezintasunen bat eta gaixotasun kronikoren bat dutenei ere.
Gernika-Palestinak eta Yalak egindako laugarren diru bidalketa da. Apirilean, 35.000 euro bidali zizkioten Hego Euskal Herriko bi elkarteek UPWCri eta beste hainbeste UAWC Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasunari. Maiatzean, UAWCri beste 35.000 euro bidali zizkioten.
Horrez gain, Gernika-Palestinako Jarraipen Batzordeak onartu du UAWCri 30.000 euroko beste diru laguntza bat bidaltzea. Gainera, alokairuekin laguntzeko beste 10.000 euroko ekarpena egitea ere onartu du.
Gainera, Gazako haurdunen egoera salatu dute. Gaur egun, 50.000 emakume daude haurdun han, eta 5.500 datorren hilabetean erdituko dira. Osasun zentroen egoera txarra dela eta, emakumeek anestesiarik eta beharrezko ebakuntza kirurgikorik gabe erditu behar dute.
50.000Gazan 50.000 emakume daude haurdun, elkarteen arabera, eta 5.500 datorren hilabetean erdituko dira, baldintza txarretan, osasun etxeetako egoera kaskarrarengatik.
2023ko urriaren 7tik 39.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Armadak, horietatik %70 inguru emakumeak eta haurrak. Gazatik 1,8 milioi pertsona lekualdarazi dituzte —biztanleriaren %85—, eta lehen mailako osasun zentroen %64 itxita daude.
UNRWA sarituko dute Nafarroan
Nafarroako Gobernuak UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren lana sarituko du, Palestinako herritarren alde egindako guztiagatik. 2016tik, Nafarroako Gobernuak urtero saritzen du pertsona edo elkarte bat irailaren 21ean, Bakearen Nazioarteko Egunaren harira.
Nafarroako UNRWA 2006an sortu zen, errefuxiatu palestinarren egoeraren berri zabaltzeko. Elkarlana Zuzentzeko Nafarroako III. Plana sinatua dute Nafarroako Gobernuarekin, eta urtero 660.000 euroko diru laguntza jasotzen dute, osasun arloan laguntzeko.