Gernika-Palestina plataformak urriaren 21ean herri guztietan elkarretaratzeak egitera deitu du

Deialdiak babes zabala jaso du: besteak beste, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Ahal Dugu-k, Sumarrek eta Ezker Anitzak bat egin dute.

Gernika-Palestina herri plataformaren agerraldia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Gernika-Palestina herri plataformaren agerraldia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 7a
14:04
Entzun

Gaur bete da urtebete 2023ko urriaren 7tik, Israelek Palestinaren aurkako sarraski gordina hasi zuenetik. Hori dela eta, Gernika-Palestina herri plataformak bilera bat egin du, baita agerraldi bat ere; dozenaka eragileren eta norbanakoren babesa jaso du. Eta deialdi bat egiteko probestu dute: urriaren 21ean Euskal Herriko herri guztietan protestak antolatzeko eskatu dute, Palestinari elkartasuna adierazteko iaz Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenarekin bat eginez.

Azken urteko errepasoa eginez, Gernika-Palestina herri plataformak nabarmendu du 2023ko urriaren 7tik Palestinaren aurkako «indarkeriak eta genozidioak» hainbat eragileren arteko mobilizazioa eta elkarlana piztu dituela Euskal Herrian, «inoiz ikusi gabekoa»: «Ugariak eta arrakastatsuak izan dira Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko egindako ekinaldiak. Euskal Herriak lagundu du Palestinaren oihua munduan kokatzen».

Alabaina, oraindik ere Palestinaren «suntsiketak» eta Ekialde Hurbiletik iritsitako azken albisteek «ezintasunez» betetzen ditu: «Israelen bortxak eta inpunitateak ez dute mugarik». Izan ere: «Inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta, halere, nazioarteko komunitateak ez du lortu izugarrikeria hau bukatzea». «Izugarrikeria» horren adierazgarri, bi datu eman ditu herri plataformak: Israelgo armadak —alegia, Israelgo estatuak— 41.000 palestinar hil ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Eta erasoaldiari ez diote amaierarik ikusten: «Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako gehiago eta suntsipena eragingo dituen urratsa egin du. Abiatu da non eta nola amaituko den ez dakigun espirala».

Horiek horrela, Gernika-Palestinak «bakea eta justizia» aldarrikatu ditu munduko herri guztientzat: «Iazko urriaren 7tik hamabi hilabete beltz eta luze hauetan, munduko beste herri eta txoko askotan bezala, Euskal Herrian, Gernikako herrian, kaleetan zein instituzioetan, bakea eta nazioarteko zuzenbidea erdigunean jarri nahi izan ditugu, biak txanpon beraren bi aldeak baitira». Halaber, salatu dute nazioarteko komunitatea oraindik ez dela gauza izan Israelen «inpunitatea» amaitzeko eta palestinarrei «segurtasuna eta itxaropena» bermatzeko.

Aitzitik, egoera hori izanik ere, Gernika-Palestina plataformako eragilek ziurtatu dute elkartasunean oinarritua badagoela itxaropenerako leku bat. Horregatik, zenbait aldarrikapen egin dituzte.

eskaerak

  1. «Palestinarrek berehalako su etena behar dute, armak isil daitezen eta buka dadin Israelek egindako okupazio koloniala».

  2. «Mendebaldeko estatuek gelditu egin behar dituzte Israelgo estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta».

  3. «Funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu Palestinan inongo estatu edota potentziaren esku-hartzerik eza Palestinan, eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beren lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko».

  4. «Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Hori da aldeak negoziatzera bultzatu, eta nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da».

Protestarako deia

Aldarri horiek Euskal Herriaren luze-zabalean entzun daitezen, Gernika-Palestinak mobilizatzera deitu du urriaren 21erako: goizean, sindikatuen eta hezkuntza komunitatearen manifestazioak izango dira; arratsaldean, berriz, 19:00etan, eskatu dute herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egiteko.

Gernika-Palestinaren deialdiak babes zabala jaso du, eta gaurko agerraldian eta bileran alderdi politiko eta sindikatu hauetako ordezkariak egon dira: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar, Ezker Anitza, ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru. Gainera, beste zenbait norbanakok eta eragilek ere adierazi diote babesa: EHUko errektore ohi Nekane Balluerkak, Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak, besteak beste.

Ikasleak ere kalean

Ikama ikasle mugimenduak hainbat elkarretaratze egin ditu gaur, iazko urriaren 7an Israelek hasitako sarraskia salatu eta palestinarrei elkartasuna adierazteko. Hamaika ikasle batu dira Euskal Herriko hainbat ikastetxetan egindako protestetara, eta palestinar ikasleriari «aitortza berezia» egin nahi izan diote.

Izan ere, ikasle mugimendu abertzalearen arabera, Gazako sarraskiak bete-betean zeharkatzen du palestinar ikasleria: salatu dute sarraskiak ikasle horien hezkuntzarako eskubidea ukatu egin duela, eta horien garapen pertsonala eta akademikoa zapuztu duela. Halaber, ikastetxeak berreraiki daitezen eta ikasle horiek merezi duten hezkuntza eredu baten alde borrokan jarraituko dutela esan dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.