Gernika-Lumoko bonbardaketa

Gernika memoria leku izendatu osteko urratsez galdetu dute

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak «behetik gorako memoria herritarra» aldarrikatu du. Zenbait euskal erakundek alegazioak aurkeztu ondoren, atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak Batzar Etxeaz gain Gernika-Lumoko hirigunea ere memoria leku izendatuko duela.

Gernikako bonbardaketan hildakoen omenez egindako ekitaldia joan den apirilean. Bertaratuen artean daude Iñigo Urkullu eta Felix Bolaños. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko abuztuaren 2a
12:08
Entzun

Gernika-Lumo (Bizkaia) memoria leku izendatzeak baduela «balioa» aitortu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Gainera, izendapena hirigune osora zabaltzea «are eta zentzuzkoagoa» dela uste dute. Halere, izendapenaren osteko urratsek zalantza eragiten die: «Panel informatiboak jartzea ondo dago, baina memoria leku izendatzeak azalpen euskarriak jartzea dakar soilik? Zein memoria politika garatuko da bere bidez?». Gehitu dute Gernika memoria leku gisa «Euskal Herriaren markoan» kokatu behar dela. Izan ere, uste dute euskaldunei memoria legea eraikitzeko eskumena «ukatzen» zaiela. Eta galdegin dute ea izendapenak, «bederen», Memoria Demokratikoaren Euskal Legea eratzeko pizgarri gisa baliatuko den.

Gernikako Udalari ere luzatu diote galdera: «Zein parte-hartze eta erabakitzerako espazio bultzatuko dira?». Plataformaren ustez, «behetik gorako memoria herritarra» bultzatu behar da eta herritarrak zein erakundeek «norabide horretan» egin beharko lukete lan. Orain arte memoria elkarteek egindako lanaren garrantzia ere goraipatu dute: «Horiek gabe, ez zen memoria demokratikoa deritzon legerik izango».

Atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak Gernika-Lumoko hirigunera zabalduko duela «memoria leku» izendapena. Izan ere, hasieran Batzar Etxera mugatu nahi zuten izendatzea. Hori iragarri zuen Felix Bolaños Espainiako Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak joan den apirilaren 26an, bonbardaketaren 86. urteurrenean.

Espainiako Gobernuak lehen aldiz bidali zuen ministro bat bonbardaketaren biktimak omentzera, eta, bide batez, izendapenaren iragarpena egin zuen. Zenbait euskal erakundek, ordea, ez zuten ontzat jo, eta eskatu zuten izendapena Gernika-Lumoko eremu gehiagotara zabaltzeko. Zenbait txosten ere aurkeztu zituzten Bizkaiko Batzar Nagusiek, udaletxeak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak.

Ezenarro elkarlanaren alde

Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean aurreikusitako «memoria lekuen» inbentarioan ageri da jada «Gernika-Lumoko hirigunea», eta ez soilik Batzar Etxea. Espainiako Memoria Demokratikoaren Zuzendaritzak aintzat hartu ditu euskal instituzioek jarritako alegazioak eta aurkeztutako txostenak. Horrela, espedientearen edukia zabaldu du zuzendaritzak, «Gernika-Lumoko hirigunea memoria demokratikorako lekutzat jotzeko ofiziozko deklarazioari hasiera emateko». Espedientearen arabera, «1937ko bonbardaketa eta garrantzi bereziko gertakariak jazo ziren leku gisa, eta horien esanahi historiko eta sinbolikoagatik zein memoria kolektiboan izan duten eraginagatik» izendatu dute Gernika-Lumo memoria demokratikoko leku; bai eta bertan egindako memoria ekintzek «bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura» bultzatu dutelako ere.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak positibotzat jo du euskal instituzioen eskaera onartu izana: «Dagoeneko euskaldun guztiontzat bazen memoria gune bat, baina Espainiako lege batek hala adieraztea garrantzitsua eta positiboa da». Instituzioek jarritako alegazioari erantzun izanak «elkarlana aktibatu» duela adierazi du Ezenarrok, eta hau gehitu du: «Espero duguna da etorkizunean elkarlanean aritzea memoriari lotutako politiketan». Gogorarazi du, gainera, Eusko Legebiltzarrean «onartzear» dagoela Memoria Demokratikoaren Lege propioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.