Gaurko egunez duela 87 urte, faxistek Gernika bonbardatu zuten. Urtero bezala, memoriaren eta bakearen aldeko ekitaldiak antolatu dituzte herri osoan gaurko. Balkoietatik ere ekarri dute gogora Gernikak jasandakoa: herritarrek ikurrinak atera dituzte, xingola beltz eta guzti. Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkari egon dira goizean udaletxean eta Lizeoan egin diren ekitaldietan. Arratsaldean ere bai, hilerriko omenaldian. Besteak beste, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramailea. Espainiako Gobernuaren izenean bertaratu dira Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroa eta Fernando Martinez Lopez Memoria Demokratikoko estatu idazkaria.
Goizean, omenaldia egin diote George Steer kazetariari. Hark eman zuen bonbardaketen berri nazioartean. Bonbardaketa gertatu eta ordu batzuetara iritsi zen Gernikara, eta suntsipenaren berri eman. «Haren liburuan jasota dauden testigantzei esker dakigu Gernikan zer gertatu zen, nolakoa izan zen txikizioa, eta zenbateko sufrimendua izan zen», azpimarratu du Zupiriak omenaldian, eta faxistak zabaltzen saiatu ziren gezurra aipatu du: «Faxistek, errepublikaren kontra armaz altxatu ziren horiek, gezur bat sortu nahi izan zuten Gernikaren bonbardaketaren inguruan. Steerri esker, aukera izan genuen gezur hori desmuntatzeko». Erresuma Batuko Times eta Ameriketako Estatu Batuetako The New York Times egunkarietan Gernikako bonbardaketari buruzko artikuluak argitaratu zituen, herrian bertan jasotako testigantzekin osatuak. Horri esker jakin zen faxistek bonbardatu zutela herria.
Orain arte, Steerren senideek urtero parte hartu izan dute kazetariaren omenaldian. Aurten, hala ere, ezin izan dira bertaratu. Semea etortzekoa zela adierazi dute, baina atzo abisatu ziela azkenean ez zela etorriko. Horren ordez, gutun bat idatzi die herritarrei eta bere aita gogoratzen duten guztiei: «George Steerren espirituak bizirik dirau gatazken berri ematen duten kazetari ausart guztien artean».
Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak ere hartu du hitza omenaldian. Palestinan eta Ukrainan hil dituzten kazetariak gogora ekarri ditu, Steerrek egiaren alde egindako lanaz baliatuz: «Ukrainako gerran eta Palestinako genozidioan hil diren kazetari horiek ez dira zenbakiak, estatistikak edo zifrak, baizik eta istorio isilduak».
Gernika sariak
12:00etan, urtero legez, Bakearen eta Berradiskidetzaren Aldeko Gernika sariak banatu dituzte Lizeo teatroan. XIX. aldi honetan, irabazle bi egon dira: Bakearen Aldeko Borrokalariak eta Mediterraneoko Justuak elkartea. Sariketan, Gorroño alkateak berriro ere ekarri du hizpidera Palestinako genozidioa.
Bakearen Aldeko Borrokalariak soldadu palestinar eta israeldar ohiek sortutako talde bat da. Gerra garaietan, bakearen aldeko apustua egiten dute. Nobel saria irabazteko hautagai izendatu zituzten 2017an eta 2018an. Mediterraneoko Justuak 53 elkartek osatzen dute, eta erreskateak eta sorospen lanak egin ohi dituzte Mediterraneo itsasoan.
Sariketa amaitu ostean egin ditu adierazpenak Torresek. Esan du bonbardaketa ez dutela soilik isildu, «baizik eta gezur kolosal bihurtu ere bai», eta beharrezkotzat jo du egia osatzea.
«Oroimenari lotutako gune»
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du Batzar Etxearen alboko eraikina eta lur saila erosteko akordio bat egin dutela Bizkaiko Elizarekin eta Aldundiarekin, Bakearen Museoari «bultzada bat» emateko. «Oroimenari lotutako gune» bilakatzea dute xede. Santa Klara monasterioan izan da lehendakaria, Batzar Etxearen alboan, eta gogora ekarri du inguru hori «historiaz eta esanahiz beteta» dagoela. Bonbardaketen ostean zutik iraun zuen, eskola zaharrekin, pasealekuarekin, Andre Maria elizarekin eta Batzar Etxearekin batera.
Iragarri du inbertsio bat egin asmo dela, eta Jaurlaritzaren «beste ekarpen bat» izango dela «Urdaibai eta Busturialdea indartzeko euskal erakundeen estrategiaren barruan».
Lau minutu
Eta 15:45ean, sirenak. Hotsa eta isiltasuna aldi berean. Herri oso bat hunkituta. Garai hartan entzundako bonben orroa eta herritarren oihuak gogoan. Lau minutuz, hotsa eta isiltasuna. Eta horren ostean, txaloak. Gernikarrek, beste behin ere, herriak jasandakoa gogora ekartzea lortu dutelako.
Urtero, gernikarrek 1937ko bonbardaketa oroitzeko ekitaldiak antolatzen dituzte apirilaren 26an. Sirenena ukigarriena izaten dela diote, modua ematen baitie gurasoek, aitona-amonek edo beste senideren batek bizi izandakoa gogoratzeko.
Gernikako bi tokitan jotzen dute sirenek. Batetik, pasealekuan, herriko merkatua antolatzen zen lekuan. Bestaldetik, Astran, arma fabrika izandako eraikinean. Biak toki sinbolikoak dira gernikarrentzat.
1937ko apirilaren 26a astelehena zen, merkatu eguna Gernikan. Milaka pertsona batzen ziren pasealekuan, bai gernikarrak eta bai inguruko herrietako bizilagunak ere. 15:45ean, herria bonbardatu zuten. Gaur egun, Gernika Batzordea memoria taldea arduratzen da pasealekuko sirenaz. Urtero, eragile horrek erabakitzen du nork joko duen sirena. Aurten, Ipar Euskal Herriko Bakegileei egokitu zaie eginkizuna.
Astrako arma fabrikako sirena nork joko duen, berriz, Lobak elkarteak erabakitzen du. Talde hori bonbardaketatik bizirik ateratzea lortu zutenen ilobek osatzen dute. Aurten, Astraren aurrean dagoen bunkerraren barruan egin dute ekitaldia. Dozenaka pertsona sartu dira babeslekura, sirenak barrutik entzuteko. Han egon dira Eñaut Elorrieta gernikarra eta Ikrame Benzyane palestinarra, sirena –1937an jo zuten bera, omen– entzunarazteko izendatuak.
Lau minutuz, isiltasuna eta sirenen hotsa kondentsatu dira babeslekuko sabai apalen pean. Sartu direnak geldi-geldi geratu dira. Batzuk, begiak itxita; beste batzuk, eskutik helduta. Negarrari ezin izan diote eutsi askok. Lau minutuz, orain dela 87 urte senideek bizi izan zuten hori bera sentiarazi die bunkerreko giroak, denbora kapsula bat balitz bezala.
«Berbaz deskribatu ezin den emozioa» piztu diela aitortu du Elorrietak babeslekutik atera eta gero. Sirena piztean, «isiltasuna» izan da Benzyanek gehien igarri duena. Esperientziak «mina» eta «ezinegona» eragin dizkiela azaldu dute biek, eta Palestina jasaten ari den genozidioa aipatu dute. «Orain han gauza bera bizitzen dabiltzala pentsatzeak» beste esanahi bat ematen dio gaurko ekitaldiari, Elorrietaren ustez. Benzyanek gehitu du Gernikan geratutakoa egunero pairatzen dutela Palestina osoan.
Gogoratzeko lau minutu izan dira. Duela 87 urte gertatutakoa gogoratzeko, bai, baina baita gaurko omenaldia gogoan hartzeko ere. Mina, suntsipena eta heriotza ahanzturan ez erortzeko ariketa beharrezko eta mingarria. Gernikarrek argi dute memoria lantzen jarraitu behar dutela, iraganean jazotakoak ez daitezen berriz gertatu.