Gernika memoria historikorako leku izendatu dute, ofizialki

Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratu du herri osoa memoria leku izendatzeko agindua. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak urteurreneko ekitaldiak aurkeztu ditu.

Bonbardaketa oroitzeko iazko herri antzerkiaren irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bonbardaketa oroitzeko iazko herri antzerkiaren irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel p ansa
2024ko apirilaren 13a
22:18
Entzun

Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du, eta, beraz, ofiziala da: Gernika-Lumo (Bizkaia) memoria historikoaren leku izango da. Eztabaida eta gorabehera batzuk izan ditu auziak, Espainiako Gobernuak hasieran juntetxea izendatu nahi baitzuen memoria leku. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora institutuak, EHUk eta beste eragile askok helegiteak aurkeztu ondoren, irizpidea zuzendu, eta herri osoa memoria leku izendatuko zuela hitzeman zuen gobernuak, eta hala gauzatu da gaur izendapena.

1937ko apirilaren 26an, orain duela 87 urte, Gernika osoa bonbardatu zuten Alemaniako hegazkinek, Espainiako frankisten esanetara. Aldizkari Ofizialean argitaratu den testuaren arabera, «euskal historiaren eta autogobernuaren herri esanguratsu eta sinbolikoenetako bat» da Gernika. Horrez gainera, testu horren arabera, «Espainiako eskualdeen eta nazionalitateen autonomiaren aitortza konstituzionala» ere irudikatzen du herriak, ez alferrik Gernikako izena baitarama estatutuak, eta, horrekin batera, «aniztasun kultural eta linguistikoa» ordezkatzen ditu, eta «gerretan herritar zibilek jasaten duten sufrimenduaren eta gerren kontrako borrokaren oroigarri unibertsala» ere bada.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuaren hitzetan, «agerikoa da» Gernika-Lumok memoria demokratikoaren leku izendapena jasotzea merezi duela.

Palestina gogoan

Hamabi egun barru izango da urteurrena, eta justu gaur aurkeztu dituzte urteurreneko ekitaldiak. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak jakinarazi du Palestinako herria hartuko dutela gogoan, Israel egiten ari zaion erasoaren harira; apirilaren 27an Palestinari elkartasuna adierazteko eguna egingo dute.

Apirilaren 26a dute egun seinalatuena, halere. 15:45ean, bonbardaketaren ordu berean, 4 minutu ekintza izango dute, eta 21:00etatik aurrera, Gernika garretan kale antzerkia, eta kandelen ibilbidea segidan.

Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte, eta, horien artean, Pablo Gonzalez askatzeko eskatzeko elkarretaratze bat egingo dute maiatzaren 3an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.