Gerenabarrenak dio ezin dela baztertu ezker abertzalearen prozesua

Uste du indarkeria politikoaren amaiera lortzeko prozesuari ez liokeela «ezetz» esango alderdi «serio» batek

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Iñaki Gerenabarrena EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak dio «ezker abertzaleak hasitako prozesuak oinarri sendoa badu» ez lukeela hainbeste baldintzatu behar Espainiako Gobernuan PSOE edo PP egoteak.

ABBko presidentearen ustez, inongo alderdi «serio eta arduratsu batek» ez lioke «ezetz» esango «indarkeria politikoaren amaiera ekar lezakeen prozesu bati». Hala, bere alderdiko presidenteak esandakoa zehaztu nahi izan du EAJko Arabako buruak; izan ere, Iñigo Urkulluk esan zuen ETAri indarkeriaren behin betiko amaiera exijitzeko denbora udazkenera arte duela ezker abertzaleak, orduan izango liratekeelako Espainiako hauteskunde orokorrak.

Gerenabarrenak, bestetik, azaldu du ETAren amaiera «duela urte asko» espero duela EAJk, baina ETAk hori egiten duenerako, «urte askoko atzerapenarekin» egingo duela. EAJko Arabako buruak adierazi du, gainera, ETAk ez duela izan «zentzurik inoiz», eta «gauzek zentzurik» ez dutenean, «ahalik eta azkarren desagertu» behar izaten dutela.

Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak proposatu bezala, Gerenabarrenak baztertu egin du Araban zentsura mozioa aurkezteko aukera, eta azaldu du ez duela erabiliko «tresna» hori etengabe mehatxatzen ibiltzeko.

PSE-EEren mozioa

Bestalde, ETA gaitzesteko deklarazio instituzionala aurkeztu du PSE-EEk Donostiako Udalean. Ernesto Gasco alderdi sozialistaren bozeramaileak azaldu du «beste behin» ETAri bere amaiera eskatuko zaiola «terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak gogorarazteko bidean adiskidetasuna lortzeko beharrezkoa den prozesuaren aurretik».

Sozialisten bozeramailearen ustez, deklarazioa aurrera ateratzea «aukera egokia izango litzateke denentzat», eta «bakea lortzeko urrats garrantzitsua». Gasco, gainera, itxaropentsu azaldu da EAko eta Alternatibako kideek deklarazioa babestuko dutela, alderdi horiek «beti» eskatu dutelako «ETAren amaiera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.