Gerenabarrenak dio berak ziurtatuko duela Agirre ABBko buru izendatzea

Exekutibo zaharretik berrirako aldaketa «normal-normal eta lasai-lasai» egingo dela ziurtatu du buruzagi jeltzaleakJuan Jose Ibarretxe proposatu du jeltzaleen Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko

Iñaki Gerenabarrena, atzo, ABBko lehendakari gisa egin zuen agurreko agerraldiaren une batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakaria eta batzorde eragileko kideak izendatzeko gaur egingo den batzarrak erreleboa markatuko du buruzagitzan. Xabier Agirrek lortu du herrietako batzarretan boto gehien, eta diputatu nagusi ohiak hartuko du azken hamar urteetan Iñaki Gerenabarrenak bete duen lekua.

Gainontzeko lurraldeetan nahikoa lasaiak izan dira buru batzarrak berritzeko hauteskunde prozesuak, baina Araban bi hautagaien sektoreen artean ika-mika ugari izan dira, eta alderdi barnetik aireratu zuten gaurko batzarrean inpugnazioak ere izango zirela. Kontu horiek guztiek bultzatuta, jarduneko ABBko lehendakaria hedabideen aurrera irten zen atzo. Gerenabarrenak Argi utzi nahi izan zuen Agirre izendatuko dutela gaur ABBko lehendakari, alderdiko udal erakundeen gehiengoaren babesa lortu duelako, eta hori horrela izan dadin bere burua jarri zuen «bermetzat», eta errefusatu egin zituen batzarreko bozketan «amarruak» egiteko aukerak «iradoki» dituztenen adierazpenak. «Alderdiko oinarriek hartutako erabakia betetzeko berme izango gara», azaldu zuen Gerenabarrenak. «Zeharo» ukatu zuen ABB afiliatuen erabakia inpugnatzea pentsatzen ari dela, eta berretsi egin zuen batzorde eragilezaharretik berrirako botere aldaketa «lasai-lasai eta normal-normal» egingo den «berme» izango dela.

Ia ordubeteko agerraldian, minduta ere agertu zen, «jasan» behar izan dituen «irainengatik». «Iruzurti izatea leporatu didate; baina hemen iruzurrak egitea eragozten saiatu den lehena Iñaki Gerenabarrena izan da», ziurtatu zuen.

ABBko jarduneko lehendakariaren arabera, afiliatuek Araban «aldaketa» egon behar duela ebatzi dute, «baina zuzendaritza berriaren aukeraketak alderdia ez du hautsiko», bai bera eta bai Agirre «alderdiko pertsonak» direlako eta ezagutzen dituztelako «barne eztabaidarako bideak».

Damurik ez

ABBko buru gisa egin dituen hamar urteotan hartutako erabaki bakar batekiko ere ez duela damurik ziurtatu zuen, jazo diren hainbat gertaerak «higatu» egin dutela aitortu arren. Horien artean nabarmendu zuen De Miguel auzia, alderdiko kargudun batzuk nahastuta dauden ustelkeria eta espioitza auzia. Higadura horretan, alderdi barruan bertan auzi horrengatik entzun behar izan dituenak ere eragina izan duela salatu zuen, «irainik handienak» barnetik eginikoak izan direlako.

Lau lurralde batzar

Ipar Buru Batzarrek iragan astean egin zuen batzarra, eta Txaro Goikolea aukeratu zuten IBBko lehendakari. Arabakoaz gain, gaur berrituko dira EAJren BBB, GBB eta NBB ere. BBBko lehendakari Andoni Ortuzar izendatuko dute; GBBkoa Joseba Egibar, eta NBBkoa Manu Aierdi. Ortuzarrek eta Egibarrek errepikatu egingo dute, eta Aierdik, berriz, Jose Angel Agirrebengoaren lekua hartuko du, hark kargua utzi baitu.

Lurralde batzarrak eginda, EBB osorik berrituko duen prozesua amaituko da, eta EAJren organo gorenaren lehen egitekoa Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia izendatzea izango da. Hainbat izen aipatu dira jadanik, eta EBBko lehendakari Iñigo Urkullu entzuten da ozenen. Alderdiko buruek, ordea, oraindik ez dute hauturik egin.

Salbuespena Gerenabarrena izan da, bere agurrean Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren aldeko apustua berretsi baitzuen, ABBko lehendakariaren ustez, hura delako EAJri hauteskunde emaitza onenak eman dizkiona eta «EAJk bazter utzi ezin duen aktiboa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.