xabier martin

Geometria aldakorraren arriskuak

2025eko martxoaren 6a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Pelloren egia da: gehiengoan erosoago gobernatzen da gutxiengoan baino. EAJren eta PSE-EEren bikoak urte askoan gobernatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeak, baina azken hauteskunde zikloak dinamika hori hautsi du, hein batean. Jeltzaleek eta sozialistek gutxiengoan gobernatzen dute orain, Gipuzkoa eta Arabako aldundietan eta Gasteizko Udalean, eta oposizioaren babesak behar dituzte aldiro lege berriak onartzeko.

Ez da aparteko egoera bat. Europako herrialdeetako gobernuetara begiratzea baizik ez dago normaltasun horretaz jabetzeko; demokrazia parlamentarioa da, besterik ez. Galde diezaiotela Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi. Batzuen eta besteen babesak lortuta, aurrera jarraitzen du, match ball-ei erantzunez ia egunero. Geometria aldakorra esan diote eskuinera zein ezkerrera jotzea babesa lortzeko gaitasunari. Nekeza da gero, ordea, eta arriskuz betea. Espainian, oinarrizko bihurtu den lan erreforma bat erortzear egon zen geometria aldakorraren izenean. Casero diputatuaren esperpentoak salbatu zuen, orduan, UPNko bi transfuga euskal herritarren traizioa.

Euskal Herrian, orain arte, hobeto kudeatu du trebezia hori EAJ-PSE bikoak. Araban eta Gipuzkoan, PPri esker lortu zituzten foru aginte makilak; Gipuzkoan, aurrekontuak ere PPk babestu zituen, baina, Araban eta Gasteizko Udalean, EH Bildurekin egin zuten akordioa aurrekontuak onartzeko.

Kontua da gobernu horietan ezin dutela jada gehiengoaren alperra pasatu, eta zerga erreformaren prozesua aurreko legegintzaldietako dinamikan edo gaur egungoan gauzatu duten, auzi hori ere badago EH Bilduren eta EAJ-PSEren arteko desadostasunaren muinean. Baliteke, azkenerako, Ahal Dugu-ren aukerak argitzea egoera, geometria aldakorrari beste garaipen bat emanez, baina, badaezpada, hasiak dira denak porrotaren erantzukizuna elkarri egozteko kontakizunak sortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.