Geoalcaliren baimenek ez dutela balio salatu dute Erreniegako hautetsiek

Potasa ustiatu nahi du enpresak Nafarroako hainbat tokitan; herriek diote zundaketak legez kanpo ari direla egiten

Undia herria, Erreniegako magalean. Potasa meatzea egin nahi du han Geoalcali enpresak. Herritarrak aurka dira. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ez da ongi ari. Erreniega inguruko herrietako hainbat hautetsik salatu dute Geoalcali enpresak zundaketak egiteko dituen baimenek ez dutela balio. Etxe horrek potasa ustiatu nahi du. Hiru proiektu ditu Ebroren arrorako, eta haietako bi daude Nafarroan: bat Undio kontzejuan, eta bertzea Xabier inguruan. Erreniegako herriak ukitzen ditu Undioko proiektuak, eta bertako hainbat hautetsik idatzi bat aurkeztu zuten atzo Nafarroako Gobernuko erregistroan: Geoalcalik dituen baimenak bertan behera utz ditzatela eskatu dute.

Nafarroako Gobernuak baimen horiek «gaizki» eman zituela nabarmendu zuen atzo Enrique Mirandak, Galar zendeako zinegotziak. Kontua da potasa ote dagoen ikertzeko baimena jaso ahal izateko, zundaketak egin behar dituzten tokiak lehengoratzeko plana aurkeztu behar duela enpresak, eta plan hori onartu egin behar duela administrazioak. Geoalcaliren baimenen kasuan, ordea, plan horiek onartu gabe daude. «Eta plan horiek egin eta onartu gabe, ezin da zundaketak egiteko baimenik eman, legeak hala agintzen duelako», azaldu zuen Mirandak, Iruñean egin agerraldi batean.

Geoalcali martxan jarri zen une beretik ari dira lanean herriak, enpresa horren proiektuaren aurka. Ez dute potasa meatzerik nahi inguruan. Eta halaxe jaso eta nabarmendu dute Nafarroako Gobernuan aurkeztutako idatzian. Azken hilabeteotan hainbat mobilizazio ere egin dituzte meatzea egiteko asmoa bertan behera uzteko eskatzeko.

Lizentziarik gabe

Geoalcaliren proiektua ez ezik, enpresaren jokatzeko modua ere salatu zuten Erreniegako hautetsiek, atzoko ekitaldiaren bitartez. Izan ere, zundaketen eremua lehengoratzeko plana ez izatea ez da enpresak egin duen huts bakarra, hautetsiok agerian utzi zutenez: «Beriainen egindako zundaketarako baino ez dute baimena jaso; eta baimen horren kontra ere helegitea aurkeztu dugu. Bertze bost zundaketak lizentziarik gabe egin ditu enpresak», azaldu zuen Miranda zinegotziak.

Araudiak agintzen du halako zundaketak labore lurretan egin behar direla. «Zizur zendean, ordea, zuhaizti batean egin zuten. Ezponda handiak utzi dituzte, eta ez dute tokia lehengoratzeko inolako urratsik egin», erantsi zuen hautetsiak. Proiektuak jendaurrean erakusteko epeak ere ez direla bete salatu zuten udal ordezkariek, idatzia erregistroan aurkeztu baino lehen.

Enpresak «nahi duena» egiten du, Nafarroako Gobernuak «uzten» diolako. Horixe salatu zuten Erreniegako herrietako hautetsiek. «Enpresaren interesen alde ari dira, argi eta garbi». Zundaketek ukitzen dituzten espazioak lehengoratzeko planak onartu gabe egonda, gainera, haien kontrako helegiterik ere ezin dutela aurkeztu erantsi zuen zinegotziak. «Erabat babesik gabe gaude herriok eta herritarrok gertatzen ari den guztiaren aurrean».

Nafarroako Gobernua eta enpresa saiatu dira egindako hutsak ezkutatzen, hautetsiek salatu zutenez. «2012. urteko abuztukoak dira gobernuaren hainbat baimen, adibidez; gero, horiei erantsi dizkiete 2013. urteko abuztuan egindako espazioa lehengoratzeko planak».

Nafarroako Gobernuak halakoak gertatzea baimendu izana kritikatu zuen Mirandak. «Lourdes Goikoetxea kontseilariak Nafarroako Parlamentuan erran zuen dena ongi zegoela eta dena ongi egiten ari zirela enpresako kideak. Baina ez da egia». Mirandak gaineratu zuen gobernuak ez dituela herriak babestu.

Hautetsiek argi dute proiektuaren aurka lanean jarraituko dutela. Galar eta Zizur zendeetako, eta Astrain, Etxauri, Obanos, Gares eta Zabaltza herrietako ordezkariek sinatu dute potasa meatzea egiteko asmoaren aurkako idatzia, bertzeak bertze.

Erreniegan ez ezik, Xabier inguruan ere egin ditu zundaketak Geoalcali enpresak jada. Hogei kilometro koadroko eremu batean aritu da enpresa ikerketak egiten. Geoalcaliren arabera, 350 eta 500 metro arteko sakoneran bada potasa aurkitzeko aukera eremu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.