Palestinaren aldeko ekintzaileak

Txuri Ollo eta Patxi Gerriko: «Genozidioa geldiarazteko, hitz egin ez ezik ekin ere egin behar diogu»

Duela urtebete hasi zuen Israelek Gazaren aurkako sarraskia, eta genozidioa amaitu dezatela exijitzeko manifestazioak eginen dituzte bihar Bilbon eta Iruñean.

Patxi Gerriko eta Txuri Ollo, biharko manifestazioaren antolatzaileetako bi, Iruñean, deialdiaren afixa eskuetan dutelarik. IÑIGO URIZ / FOKU
Patxi Gerriko eta Txuri Ollo, biharko manifestazioaren antolatzaileetako bi, Iruñean, deialdiaren afixa eskuetan dutelarik. IÑIGO URIZ / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Euskal Herrian Palestinaren alde ari diren hainbat eragileek antolatu dituzte manifestazioak biharko. Bilbon 12:00etan abiatuko da, Jesusen Bihotzetik; Iruñean, berriz, 18:00etan Golem zinemetatik. Iruñeko manifestazioaren antolatzaileetako bi dira Txuri Ollo (Goldaratz, Nafarroa, 1955) eta Patxi Gerriko (Altsasu, Nafarroa, 1958), Palestinaren aldeko ekintzaileak. Gogorarazi dute iazko urriaren 7an «ez zela ezer hasi», eta Israelek duela 76 urte abiatu zuen genozidioaren beste fase bat dela. Siglarik gabeko manifestazioa izanen da, «ahalik eta zabalena» izan dadin.

Zer aldarrikatuko du manifestazioak?

TXURI OLLO: Urtemuga dugu datorren urriaren 7an, urte bat beteko baita Palestinako genozidioaren fase hau hasi zenetik, gatazka duela 76 urte hasi bazen ere. Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria egin nahi dugu, eta gure elkartasuna adierazi; Israelekin harremanak dituztenei horiek eteteko eskatuko diegu; kolonizazioaren eta apartheid sistemaren amaiera ere aldarrikatzen dugu; baita erakunde sionista bukaraztea ere; baina, bereziki, berehalako su etena eta genozidioa amaitu dadila exijitzen dugu, eta nazioarteko legea bete dadila.

Zergatik da garrantzitsua kalera ateratzen segitzea?

PATXI GERRIKO: Motiboak ez dira falta. 40.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, horietako %65 haurrak eta emakumeak. Israelek bonba gehiago jaurti ditu Gazan, Bigarren Mundu Gerran Londresen, Dresdenen [Alemania] eta Hiroshiman [Japonia] baino. Zisjordaniako egoera ere larria da, azken hamabost urteetan baino lur gehiago lapurtu baitituzte urtebetean.

«Mobilizazio hau guztiona izan dadin nahi dugu»

TXURI OLLOPalestinaren aldeko ekintzailea
Biharko manifestazioak ez du siglarik izanen. Zergatik?

OLLO: Mobilizazio hau guztiona izan dadin nahi dugu; herritar guztiak interpelatu nahi ditugu, ahalik eta zabalena izan dadin.

Garrantzitsua da gatazkari erantzun bateratu bat ematea?

GERRIKO: Bai, eta hori nahi dugu. Ez bagara elkartzen halako egoera bati erantzun bat emateko, noiz elkartuko gara, ba? Euskal Herrian ez da erraza denok batzea, badakigu hori; bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina ez gara gai izan egoera honen aurrean batzeko ere. Gu saiatu gara.

«Erakunde sionistarekin konplizitatea duten erakundeak eta enpresak salatzeko deia egiten diogu gizarteari»

TXURI OLLOPalestinaren aldeko ekintzailea
Iragan irailaren 27rako, genozidioa eta apartheid sistema amaitzeko eskatzen zuen greba orokor batera deitu zuten Espainian. Zer-nolako jarraipena izan zuen Euskal Herrian?

OLLO: CGT aspaldi hasi zen greba prestatzen, baina gainerako sindikatuek ez zuten bat egin. Aurreko ostiralean ikusi nuen gazteak eta jubilatuak mobilizatu ginela gehienbat; langileak gutxi ziren. Badakigu gizartearen gehiengoa Palestinaren alde dagoela, baina genozidioa geldiarazteko, hitz egin ez ezik ekin ere egin behar zaio. Urte osoan manifak eta elkarretaratzeak egin ditugu; tantak jarri ditugu, baina uholde bat behar dugu orain, genozidioa geldiarazteko tsunami bat.

Erakunde sionistarekin konplizitatea duten erakundeak eta enpresak salatzeko deia ere egiten diogu gizarteari; horregatik aldarrikatzen dugu eragile horien aurkako boikotaren, desinbertsioen eta zigorren beharra. Ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zertan oinarritzen da boikotaren, desinbertsioen eta zigorren mugimendua?

GERRIKO: Ekiten hasteko erreminta bat da. Israelekin harremana duten enpresa eta erakundeak salatzea, horiei boikot egitea eta zigorrak eskatzea du helburu. Palestinako herritarren artean 2005ean sortu zen ekimen zibila da. Mundu guztira hedatu da, eta leku askotan daude horren aldeko plataformak. Helburua Hegoafrikan lortu zena egitea da, hau da, boikotaren bidez nazio hori baztertzea eta, ondorioz, apartheid sistema eta kolonialismoa amaitzea.

Zer enpresa eta erakunde dira horiek?

OLLO: Carrefour enpresa, esaterako. Haren kontrako kanpaina asko egiten dira; izan ere, Gazan dauden soldadu israeldarrei jaten ematen die enpresa horrek. Gainera, supermerkatu pila bat jarri ditu kolonia guztietan. Carrefourren ez erostea ekitea da ja; oso erraza da gure tanta jartzea. Euskal Herrian beste hainbat adibide daude, esaterako Noain Elortzibarren [Nafarroa] dagoen MTorres enpresa: droneak egiten ditu Israelendako. CAF da beste adibide bat: Jerusalemgo trena egiteko esleipena lortu zuenetik daramagu enpresa horren aurkako kanpaina egiten, duela bost urtetik. Izan ere, trenbidea egiteko, palestinarren etxeak bota dituzte. Saiatu gara zuzendaritzarekin hitz egiten, langileekin, sindikatuekin… baina hortxe jarraitzen dugu oraindik ere. CAFek ez du proiektu hori egiteko beharrik; proiektu asko ditu esku artean, eta Jerusalemgo trena alde batera utz dezake. Badakigu Israelek edonon duela atzaparra sartua; horregatik, boikota dugu elementu indartsu bat.

«Sionisten eta nazien arteko akordioak egon ziren jendea Palestinara joateko. Orain gauza bera gertatzen ari da».

PATXI GERRIKOPalestinaren aldeko ekintzailea
Eraginik izan du boikotak?

OLLO: Hogei urte daramatzagu, eta oraindik ez dugu helburua lortu, baina bidea egiten ari gara. Gure indarraz jabetzea falta zaigu; gauza asko egin ditzakegu batera. Esaterako, Carrefourrek denda anitz itxi omen ditu Marokon, boikot egin diotelako. Dena den, mobilizazio guztiek dute eraginik, eta horretan jarraitu behar dugu. Enpresek ikusten badute jendeak ez duela erosten, erabakiak hartuko dituzte.

Hamas deuseztatzeko aitzakia erabili du Israelek Gaza suntsitzeko; orain, Libanoren inbasioa hasi du, aitzakia berarekin Hezbollah desegin nahian. Zein da Israelen benetako asmoa?

OLLO: Hasieratik dakigu Israelen asmoa dela bere lurraldea Nilo ibaitik Eufrates ibaira hedatzea; eta lortzen ari da pixkanaka. Munduan izan ditugun beste prozesu kolonial bat bezalakoa da. Israel hasiera-hasieratik planifikatu zuena egiten ari da, eta ez da herrialde horren proiektu bat, Europaren eta AEBren proiektu bat baizik. Eremu hura konkistatzeko Mendebaldeak darabilen tresna bat baino ez dira Israel eta hango kolonoak, han dagoen aberastasuna kontrolatzeko, besterik ez; nahasten dizkigute erlijio kontuak eta islamofobia eta abar, baina interes ekonomiko eta estrategikoak daude horren atzean.

«Geroz eta errepresio handiagoa ari gara ikusten Palestinaren alde aritzen direnen kontra»

PATXI GERRIKOPalestinaren aldeko ekintzailea
Azken urteetan indartu egin da Israelgo gobernuen eta Europako eskuin muturren arteko harremana. Zer dago horren atzean?

GERRIKO: Beti egon dira nazien eta sionisten arteko loturak. Alemania naziak baztertu egin zituen juduak, Palestinara joan zitezen, besteak beste; ez zien utzi AEBetara joaten, ez, Ekialde Hurbilera baizik. Sionisten eta nazien artean akordioak egon ziren jendea Palestinara joateko. Orain gauza bera gertatzen ari da.

Europako Parlamentua inoiz baino eskuindarragoa da. Zein da Europako Batasunaren egitekoa gatazka honetan?

GERRIKO: Europako Batasuna beti izan da AEBen txotxongilo bat. AEBek, gainera, beto eskubidea dute Nazio Batuen Erakundean, eta beti egiten dute Israelen alde. Europako politikariak horren konplizeak dira, ez baitute harremanik eten Israelekin, Ukrainako gerran Errusiarekin egin bezala. Gainera, geroz eta errepresio handiagoa ari gara ikusten Palestinaren alde aritzen direnen kontra; azkenaldian ezaguna egin da Alemaniako Poliziak palestinar bandera bat daraman haur bat atxilotzen duen bideoa.

Eta komunikabideena?

OLLO: Kazetari palestinarren egoera salatu nahiko nuke; dozenaka hil dituzte, eta orain ezin da inongo kazetaririk sartu Gazan. Gertatzen dena kontatzeko ahalmena dute kazetariek, baina baita ardura handia ere; guztiona da ardura, eta ez badugu ezer egiten, konplizeak izanen gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.