Ikasleen «aletxoa» genozidioa amaitu dadin

Palestinari elkartasuna adierazteko, kanpaldiak egiten ari dira Hego Euskal Herriko lau campusetan. Students For Gaza mugimenduarekin bat egin dute. Argi dute ikasleek: Palestina aske izan arte, borrokan jarraituko dute.

Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUko Leioako campusean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUko Leioako campusean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Leioa
2024ko maiatzaren 7a
18:55
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako liburutegia eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea pasabide batek lotzen ditu. Eta pasabide horri zutabe batzuek eusten diote. Gaur, zutabeok ez daude hutsik. «Sionistek 31.000 palestinar baino gehiago erail dituzte», irakur daiteke zutabe batean. «Desagertuak: 7.000. Zaurituak: 72.000», albokoan. Hirugarrenak ez du hitzik, argazkiak baizik. Hiru irudi: zauritutako umeak batean, Israelen bonbek eragindako kale suntsituak beste batean, eta Palestinako bandera eskutan duen herritar bat hirugarrenean, Israelgo armadako kide baten eskua haren sorbaldaren gainean jarria duela. Askotan, argazkiek hitzek baino gehiago esan dezakete. Zutabeen atzean, hogeita hamar kanpin denda baino gehiago daude atzotik: Palestinari elkartasuna adierazteko, ikasleak kanpaldiak egiten ari dira.

IA Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatu ditu kanpaldiak Hego Euskal Herriko lau campusetan, duela aste batzuk sortutako Students For Gaza mundu osoko mugimendura batzeko. Leioan, kafetegiaren ondoan jarri dute pankarta: «Palestina askatu! Akanpada». Informazioa emateko gune bat ere ezarri dute. «[New Yorkeko] Columbia unibertsitatean hasitako egitasmoaren harira jarri dugu martxan kanpaldia; egitasmo hori, bertan behera eta indarrik gabe geratu ordez, indar eta dimentsio handiagoa hartzen ari da», azaldu du Axier Gurrutxaga IAko kideak. «Gure aletxoa jarri nahi genuen. Izan ere, Israelgo estatu sionista Rafahn sartu da gaur; beraz, uste dugu erabateko urgentzia duela horrelako egitasmoak egiteak», gehitu du.

Euren aldarria argi adierazteko, kanpin denden artean Palestinako banderak jarri dituzte. Haizea lagun, argi desberdindu daitezke lau koloreak: beltza, zuria, berdea eta gorria. Denden artean daude Amaia Belasko eta Oier Legaria IAko kideak ere. Sarriko eta San Mameseko fakultateetako ikasleak direnez, «hurbilen duten kanpaldira» hurbildu dira. «Batetik, errepresioa jasaten ari diren ikasleei elkartasuna adierazi nahi diegu; bestetik, inpunitate osoz egiten ari diren genozidioa eteteko eskatu nahi dugu», zehaztu du Belaskok. Eta Legariak erantsi du: «Hemengo erakundeei exijitu nahi diegu Israelekin dituzten harremanak eteteko».

Kanpaldiaren lehenengo bi egunek «harrera eta inpaktu dezente» izan dute, Gurrutxagaren iritziz. Izan ere, deialdia egin zutenetik, hainbat eragilek egin dute bat harekin. Besteak beste, LAB eta Steilas sindikatuek, Ernai gazte antolakundeak eta Ikama ikasle mugimenduak.

«Gatazka honek bi irtenbide ditu: genozidioaren bitartez Palestinako herria guztiz suntsitzea, edo honi guztiari aurre egitea eta Palestinako herri aske, sozialista eta laiko bat eraikitzea».

AXIER GURRUTXAGA IA Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduko kidea

Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu lelopean ari dira kanpaldia egiten. «Ikusten ari gara gatazka honek bi irtenbide dituela», zehaztu du Gurrutxagak. Bat: «Genozidioaren bitartez Palestinako herria guztiz suntsitzea». Eta bi: «Honi guztiari aurre egitea eta Palestinako herri aske, sozialista eta laiko bat eraikitzea». Azken horretan dihardute ikasleek. Izan ere, «Palestinako herria aske izan arte» borrokan jarraitzeko asmoa dute.

Hainbat ekintza

Unibertsitatean lo egiteaz gainera, hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Besteak beste, asanblada irekia egin zuten atzo. Horren ostean, afaldu eta kontzertu akustikoa izan zuten. Gaur, berriz, elkartasun argazkia egin dute goizean. Eta hitzaldi batekin jarraitu dute eguna; Palestinaren aldeko unibertsitate sarearen parte diren irakasleek hartu dute parte. Arratsalderako, beste hitzaldi bat antolatu dute: Gabirel Ezkurdiak Palestinako herriaren genozidioa aztertuko du.

Kanpaldira ez, baina hitzaldira bertaratu da Azahara Hag Martin. Izan ere, praktiketan dago, eta, beraz, ez du klaserik eta ez luke campusean egon behar. Baina: «Palestinar bezala, gutxienez hitzaldira etorri behar nuen». Hag Martinen aita Gazakoa da; 40 urte inguru daramatza Euskal Herrian. «Oso polita da hau ikustea», aitortu du Hag Martinek. «Guretzat garrantzitsua da kanpaldia; Palestinan gertatzen ari dena ezin da arabiarren eta musulmanen kontu bat izan; gizateria kontua da».

Palestinaren aldeko kanpaldian egindako asanblada irekia, atzo, EHUko Leioako Campusean. IKASLE ABERTZALEAK
Palestinaren aldeko kanpaldian egindako asanblada irekia, atzo, EHUko Leioako Campusean. IKASLE ABERTZALEAK

Hag Martinen iritziz, Palestinako gatazka ezin da ahanzturan gelditu: «Lehen, ehun bandera zeuden kalean, eta orain askoz gutxiago. Jendeak ahaztu al du gertatzen ari dena? Bidegabea da behin eta berriro azaldu behar izatea zer ari den gertatzen».

Antzera mintzatu da ondoan duena ere, Omaima Boussoufa. Liburutegitik jaitsi berri da; ikasturte amaierako lehen azterketa du astelehenean, baina tarte bat hartu du hitzaldia entzuteko. «Denbora pasa ahala, ahaztu egiten zaizkigu kontu asko; baina ezin da hori gertatu: ikusgai egin behar dugu egoera hau», azpimarratu du. Boikotaren alde ere egin du: «Boikota oso garrantzitsua da; enpresak entera daitezela jakinaren gainean gaudela eta kontziente garela».

Milaka kilometrora egonda ere, Gurrutxagak argi utzi du Euskal Herritik ere eragin daitekeela. Izan ere, Euskal Herriko zenbait erakundek Israelekin duten «harreman oro» etetea exijitu dute. Unibertsitateei mintzatu zaie IAko kidea: «Badakigu EHUk eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak harremanak dituztela Israelgo Estatuarekin; beharrezkoa da horiek etetea». Helburu horiek betetzeko presio mekanismo bat izan nahi dutela nabarmendu du Gurrutxagak. «Ikasleriaren indarraren arabera, saiatuko gara helburu horiek betetzen; hau guztia folklore hutsa izan ez dadin, presio mekanismo erreal bat izatera bideratuko ditugu gure indarrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.