Udazkeneko ekaitza. Lur bustiaren usaina. Bizirik egotearen zirrara. Garunak fabrikatutako sentsazio hori atzemateko beharrezkoa den proteina lehen kromosoman dagoen lehen geneak kodetzen du. Hala zehazten du, bederen, Siddhartha Mukherjee medikuak The gene liburuan. Aurreko lan batengatik Pulitzer saria eman zioten Mukherjeeri; beraz, sinistu beharko.
Gene andana dago bizidunengan. Gizakiengan, 20.687 gene dira, azken zenbaketaren arabera. Hor zehazten dira biziaren gakoak. Horretarako, lau letra besterik ez da behar: A, T, C eta G. Adenina, timina, zitosina eta guanina, hurrenez hurren. Biologian base nitrogenatu deritze horiei. Gizakiaren genoma lau hizki horiekin eratutako liburu handi bat da. 3.200 milioi hizki inguruz osatako kodea, hain zuzen. Zaila da zifra hori irudikatzea. Bihartik aurrera BERRIAk genoman dagoen informazio hori egunero paperean argitaratzeari ekingo balio, 2049ko otsailaren 12an argitaratuko litzateke azkena.
Letra horiek, ordea, ez daude beti ondo jarrita, eta mutazioak sortzen dira. Aldaketa horiek eboluzioa ahalbidetu dute, baina ez dira beti onerako izan. Gaur egun, zientzialariek badakite mutazio horien atzean dagoela gaixotasun askoren abiapuntua. Beraz, tiritatxo batekin azaleko zauria sendatzen den modu berean, genoman txertatutako akats horiek sendatzea da ametsa.
Bide horretan izugarrizko mugarria izan da CRISPR-Cas9 izeneko teknika. Tresna horrekin, genoma editatzeko aukera dago, eta, teorian, jatorri genetikoa duten gaitzak sendatzeko bidea ere bai. Halere, hasierako ospakizunak pixkanaka baretu ziren, teknika horrekin ere arazoak sortzen direlako. «Giza enbrioietan ere probatu da CRISPR-Cas9, baina lehen ikerketa hauetan ikusi da akats asko eragiten dituela, eta ez dela uste zen bezain ziurra», azaldu du Nafarroako Unibertsitateko Genetika Departamentuko irakasle Javier Novok. «Horregatik, zientzialariak sistema horren aldaera berriak topatzen saiatzen ari dira».
Tresna berriak
Aste honetan ezagutarazi dira ahalegin horien lehen emaitzak. Broad Institutuko (Massachusetts, AEB) ikertzaileek genoma editatzeko tresna berriak aurkeztu dituzte Nature eta Science aldizkarietan: ABE eta REPAIR izena jarri diete teknika berriei. Biak ala biak CRISPR-Cas9 tresna ezagunaren aldaera berriak dira. Bi teknikekleku ezberdinetatik heltzen diote arazoari. Batetik, CRISPR-Cas13 edo ABE (Adenine Base Editor) teknikaren bitartez, DNA osatzen duten base nitrogenatuetako atomoak aldatzeko gai den tresna molekularra eratu dute ikertzaileek. Proteinetan oinarritutako makina txikiak dira, eta base baten atomoak lekuz aldatzeko gai dira, beste base bat osatzeko. Dena ondo bidean, hemendik aurrera zientzialariek aukera izango dute modu selektiboan lau base horiek nahieran ordezkatzeko.
Bestetik, REPAIR (RNA Editing for Programmable A to I Replacement) teknikak RNA du jomuga, eta ez DNA. Akronimoak berak azaltzen du metodoaren funtsa: adenosina molekula (A) inosina (I) bihurtzean datza. Teorian bederen, sistema horrek aukera emango luke hainbat gaixotasunen atzean dauden mutazio genetikoak konpontzeko. Betiere, DNA ukitu behar izan gabe. Biodonostia institutuko ikertzaile Koldo Garciak adibide bat aukeratu du sigla horien atzean zer dagoen azaltzeko: «Sukalde batean bageunde, DNA errezeta liburu osoa izango litzateke, eta RNA, berriz, errezeta jakin baten fotokopia, une horretan errezeta jakin bat egin nahi duzulako», azaldu du. Hala, DNAren informazioa zelula guztietan dago une oro, baina RNA une jakin batean ateratzen den molekula da, funtzio bat osatzeko. RNA aldatuta, beraz, jatorrizko errezeta liburua bere horretan geratzen da. «Hori garrantzitsua da, prozesuan atzera jotzea badagoela esan nahi duelako», esan du Garciak. «Ikerketa artikuluan aipatzen ez badute ere, etikoki ez du horrenbesteko izurik sortzen; malguagoa dela esan genezake».
Abantailak, beraz, agerikoak dira. Batetik, zerbait espero ez zen moduan ateratzen bada, atzera bueltatzeko bidea errazten duelako; bestetik, RNA mailako aldaketak izanik, hurrengo belaunaldiek ez dutelako jasoko aldakera hori; horrek etikaren inguruko zalantzak uxatzen ditu.
Ezarpen zaila
Halere, Javier Novok oraindik ez du argi ikusten geroan teknika horrek izango duen alde praktikoa. Izan ere, teknikaren abantailetan, badira desabantailak ere. «Teknika, berez, oso ondo dago, RNA aldatzea lortzen duzulako. Baina eritasunaren abiapuntua den mutazioa DNAn mantenduko da, bere horretan. Horrek esan nahi du, gainera, tratamenduak etengabekoa beharko lukeela. Demagun gibela sendatu nahi duzula. Pazienteak jarraian hartu beharko lituzke injekzioak, egunero edo astero, adibidez; RNA egunero sortzen delako, etengabe. DNAn aldaketa eginez gero, behin egitearekin nahikoa litzateke sendatzeko».
Horregatik guztiagatik, Novok uste du ABE sistemak REPAIRek baino etorkizun oparoagoa duela. «Oso indartsua eta berritzailea da. CRISP-Cas9 sisteman erabiltzen ziren entzimak eraldatu dituzte, eta horrekin lortu dute DNAn apurketarik ez sortzea eta zuzenean letra jakin batzuk ordezkatzea». ABE metodoaren funtsean dago, hain zuzen, letra edo base nitrogenatuen ordezkatzea. Iaz, aurkikuntza egin duten institutu berean, hainbat ikertzaile gai izan ziren G-C parea T-A pare bihurtzeko. Oraingoan, A-T basea G-C bilakatzeko era aurkitu dute. Horrek eritasunak sortzeko gai diren mutazio asko bere onera bueltatzeko bidea ireki dezakeela diote teknika garatu dutenek. %50eko efizientzia duela ere ziurtatu dute.Novo irakaslearen ustez, sistema hori oso zehatza da, eta, hortaz, tresna handia izan daiteke. «Hasierako CRISPR-Cas9 atera zenean, mirari baten modukoa zen, baina gero arazoak azaldu ziren. CRISPR-Cas13 berri honekin, aldiz, DNA ez apurtzea lortu dute. Nahi gabe sortzen diren oso aldaketa gutxi atzeman dituzte».
Koldo Garciak ere ongi-etorria eman dio teknika berriari, baina zuhurtzia eskatu du. «Egunotan edizio genomikoa modan dagoenez, zerbait berria ateratzen denean, aldizkari garrantzitsuetan ateratzen dute, izugarrizko aurkikuntza dela esanez. Abuztuan ere giza enbrioietan edizioa lortu zutela zabaldu zen, eta mugarritzat jo zen, baina handik gutxira lan horren inguruko zalantzak agertu ziren». Mundu klinikotik gertu egonda, Garciak gertutik ezagutzen ditu zientzia artikuluetan agertutako proposamenak osasun arlora eramateko zailtasunak.«Hemendik aurrera, ondo ikusi behar da teknika berriek nola funtzionatuko duten bizidunengan. Tira, ez da hain arina. Proba horiek ingurune eta baldintza jakin batzuetan egin dira, baina orain ikusi behar da ea hain ziurrak diren beste ingurune eta baldintzetan», azaldu du.
«Ikertzaile moduan, gehien arduratzen nauena da itxaropen faltsurik ez ematea. Ikerketa artikuluetan eta prentsa oharretan berehala aipatu da agian aurkikuntza hauekin gaixotasun arraroak konpon daitezkeela. Niretzat garrantzitsua da gizarteak ulertzea edizio genomikoa etengabe hobetzen ari dela, eta gero eta efizienteagoa dela».Osasuna ukitzen duen gai ororekin gertatu ohi den eran, kasu honetan ere tentuz ibili behar da. «Badirudi edizio genomikoaren lanabesak aldaera desberdinak izango dituela; horri esker, kasu bakoitzaren arabera teknika bat edo bestea aukeratu ahal izango da. Gero eta teknika gehiago izanik, orduan eta samurragoa izango da bidea. Baina ezin dugu aurreikusi, agian arazoak agertu eta atzera egin beharko baitugu», esan du Garciak. Bidaiari guztiek dakite bidea hala urratzen dela. Bi pauso aurrera, eta, behar izanez gero, pauso bat atzera. Norabidea, ordea, argi dago.
Genoma eskura izateko gogoa
Genoma editatzeko teknika berriak ezagutu dira asteon. CRISPR teknikaren aldaera horiek bidea ireki dezakete jatorri genetikoa duten gaitzak sendatzeko. Adituek, ordea, zuhurtzia eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu