Generoa euskaran: bizigarri ala itogarri?

Euskarak eta generoak arnasguneetan duten elkarreragina aztertzeko ikastaro bat antolatu dute UEUk eta Kontseiluak. Besteak beste, sexu-genero sistemaz eta hitanoaz aritu dira Kattalin Miner, Onintze Legorburu eta Garbiñe Bereziartua.

Garbiñe Bereziartua eta Onintza Legorburu ikerlariak, Manex Mantxola Kontseiluko kidearekin, atzo. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
Tolosa
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hizkuntzaren hautua eta praktikak baldintzatzen dituen elementu adierazgarrienetako bat da generoa. Euskararen kasuan, emakumeek gehiago erabiltzen dute eremu gehienetan, eta hizkuntzarekiko engaiamendua ere handiagoa da —Euskaraldi guztietako partaideen %60 baino gehiago izan dira andreak—. Datu horiek kontuan hartuta eta gaiaren ezagutzan sakontzeko asmoz egin zuten UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza hautuen eta generoaren arteko gurutzaketa arnasguneetan ikastaroa atzo, Tolosako kultur etxean (Gipuzkoa). Egun osoko egitaraua prestatu zuten, gaia ertz askotatik lantzeko; genero disidentzia, arnasguneen erronkak, hitanoa eta gorputzak izan zituzten hizpide, besteak beste.

«Intuiziotik» heldu zion sexu-generoaren eta arnasguneen arteko gurutzaketari Kattalin Miner ekintzaile feminista eta Eihera kooperatibaren sortzaileak. Hain zuzen, kooperatiba horrek «LGTBI prozesuak» lantzen ditu herri txikietan, eta prozesu horietan bizitakoez aritu zen. Alderaketa batekin hasi zuen azalpena: «Zis-hetero araua da genero sistemaren agindu nagusia, eta euskara da, berriz, arau nagusi hori arnasguneetan». Hala ere, bereizketa bat egin zuen bien artean: «Arnasgunea bizigarria da, eta zis-hetero araua, itogarria». Era berean, azaldu zuen sistema bat arautzen duten elementu horiek hobeki ezagutzen dituztela sistema horretan «disidente» direnek: «Bollera batek hobeto daki heteroarauak nola funtzionatzen duen hetero batek baino. Azken horrek ez duelako zalantzan jarri behar izan arau hori».

Uste hori oinarritzat hartuta, galdera bat erantzuten saiatu zen: «Zer konnotazio ditu euskarak genero araua betetzen ez dutenentzat?». Batetik, azaldu zuen euskara «onarpenerako bide bat» zela «gorputz disidenteentzat», «konpentsazio» bat: «Marika da, baina euskalduna». Onarpenerako bide horretan, ordea, azaldu zuen euskarak «marikatasuna kendu» egiten duela.

Halere, Minerren aburuz, «gorputz disidenteentzat» arnasguneak ez dira «bizigarriak»; herri txikiak izan ohi dira, eta «ihesi» egin nahi izaten dute: «Euskaraz aritzen diren disidenteen erreferentziak falta dira. Mugimendu feminista, esaterako, euskaldunagoa izan da, baina LGTBI+ mugimenduko erreferenteak, gehienbat, kanpoan daude». Ondorioz, askok «sexiliora» jotzen dutela azaldu zuen. Horrela deitzen zaio herria atzean uzten duten LGTBI komunitateko kideek egin ohi duten bideari, onarpen handiagoaren edo beste aukera baten bila.

Hain zuzen, kontzeptu horren bueltan euskarari lotutako zenbait esperientzia ezagutzeko aukera izan du Minerrek, eta horietako batzuk eraman zituen atzo Tolosara. «Ezagutu nuen pertsona batentzat, Bilbo zen arnasgunea disidente gisa. Baina, era berean, euskara galtzen hasi zen hara bizitzera joan zenean». Halere, pertsona horrek kontatu zienez, herrira bueltatzen zenean joan aurretik zeukan «identitatea» berreskuratzen zuen, eta, horrekin batera, «euskaldundu» egiten zen, «herrian onarpen hori lortzeko»: «Bi mundu banatu ditu: batean euskara, eta bestean marika izatea».

Sexiliotik herrira bueltatzean izandako esperientziez ere aritu zen. «Esaterako, euskara galdua zuen pertsona bat herrira bueltatu zen, eta talde feministan, eroso sentitzen zen espazio batean, euskara erabiltzeak adiskidetu egin zuen hizkuntzarekin». Gehitu zuen, gainera, halakoetan ez dela «euskara bera» izaten pertsona horiek «euskarara itzultzera» bultzatzen dituena, «baizik eta espazio disidenteetan euskara erabiltzea». Bide horretatik, kolektibo disidenteek «potentzialitatea» daukatela ere azpimarratu zuen: «Bizigarritasuna, bazterren batura, hauturako aukeraedo elkar elikatzea».

Toka edo noka?

«Hitanoa ez da ezkontzen feminitatearekin». Onintza Legorburu ikertzaileak bota zuen esaldia, Garbiñe Bereziartua ikerlaria ondoan zuela, eguneko laugarren saioan. Manex Mantxola Kontseiluko kideak egin zituen moderatzaile lanak, eta bi ikerlariek bide eman zioten Hitanoa eta generoa: nola gurutzatzen dira arnasguneetan? hitzaldiari. Legorburuk azaldu zuenez, hitanoari «zakarra, bortitza, pobrea, baserritarrena...» eta antzeko adjektiboak ezarri izan zaizkio, eta horrek, neurri batean, emakumeek gutxiago erabiltzea ekarri du: «Nik señorita bat izan nahi badut, ez dut hitano zakarra erabiliko, baizik eta zuketa edo erdara».

Andreek hitanoaren bidez harremanak eraikitzeko duten moduak ere zenbait arlo agerian uzten dituela azaldu zuten. Legorburu: «'Ezkontzen naizenean, jada ez dut gizonarekin hika egingo'. Esaldi horrek gehiago esaten du ezkontzaz instituzio heterosexual gisa, hitanoaz baino. Ezkontzen zarenean zuketara aldatzeak agerian uzten ditu instituzio horren barruko botere harremanak».

Gizonek hitanoa nola erabiltzen duten ere aztertu zuten. Euskararen aldaera hori erabiltzeak «anaitasuna» erakusten duela azpimarratu zuen Bereziartuak: «Espazioaren arabera, gizonei hika aritzeak autoritatea ematen die; maskulinitatea performatzeko modu bat da». Ikertzaileak Azpeitian (Gipuzkoa) egindako azterketen datuak ere eman zituen: gizonen %90 inguruk egiten dute hika haien artean; emakumeen artean, berriz, %2k egiten dute noka. Hala ere, itxaropen mezu batekin bukatu nahi izan zuten hizlariek: «Hitanoak kolektibo batzuk kanporatu ditu, baina horiek berriro sartzeak aldaera horren barneko harremanak aldatu ditzake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.