Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasun Zuzendaritzak jakinarazi du indarkeria matxistaren aurkako prozedura abiatu duela sare sozialetan mezu «arrazistak, klasistak eta matxistak» egin dituen irakaslearen aurka. Horrenbestez, kautelazko neurri gisa, irakasleak ez du irakaskuntza lanik egingo prozesua amaitu arte. Era berean, erakunde akademikoak adierazi du irakasleak argitaratutako iruzkinak «euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioekin erabat bateraezinak» direla.
Hori ikusita, irakasleak honako hau idatzi du sare sozialetan, gazteleraz: «EHUko berdintasunekoek esan berri didate nirea dela errua, eta ez [naizela] biktima... Bada, hor konpon! Ez daukat aurreragoko lanik protokoloa irakurtzen hastea baino».
EHUk ikasleen kexen bidez izan zuen Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I ikasgaiko ordezko irakaslearen egoeraren berri. Joan den ostegunean hasi ziren ikasleen protestak, Ernaiko kide batzuek irakasle horren bulegoko atea margotu zutenean. Gazte antolakunde horrek eman zuen irakasleak idatziriko mezuen berri, eta EHUk ikasturte honetarako «irakasle faxista bat» kontratatu duela salatu. Faxismoaren gorakadarekin lotu zuten haren jarrera: «Ez dugu jarrera erreakzionariorik onartuko».
Hark egindako mezuak salatzeko protesta bat egin zuten astelehenean, Leioan (Bizkaia), Zuzenbide Fakultatean. Unibertsitateko buruei irakaslea unibertsitatetik «berehalakoan» kaleratzeko eskatu zieten bertan. Halaber, agiri baten bidez, azken egunetako gertakariak argitu ditu fakultateko Bizkaiko Saileko 301 ikasgelako ikasle taldeak. Bertan, lehen eguneko pasarteak argitzen dituzte, irailaren 23tik hasita: «Egun horretan bertan, gizon horrek bere sare sozialetan iruzkin matxistak, LGTBIfobikoak, xenofoboak, arrazistak, bortitzak, mehatxuzkoak egiten zituela jakin genuen». Mezu horietatik hamabi transkribatu dituzte agirian. Denak gazteleraz idatziak izan ziren, eta iazko urriko bat argitaratu zuten ikasleek, euskaraz: «Abortuaren aldeko emakumeak, aita baztertu eta bizitza gutxiesten duzuenak, puta-alabak zuek, harrikoa egin al duzue, aurrekoan agindu nizuen bezala? Orbanen bat ikusten badut plater edo edalontziren batean, ikusiko duzue... Kondenatu krimena eta erdi zaitezte, kabroiak. Gora Espainia, urdanga zikinak».
Ikusi gehiago
Ikasleen jarrera ikusita, EHUk hasieratik «irmoki gaitzetsi» ditu «hertsapen eta mehatxu» ekintzak. EHUk gaur plazaratu duten prentsa oharrean berretsi egin du, gainera, irakaslearen bertsioa; ikasleek atzo plazaratu zuten komunikatuan hark adierazitako hainbat kontu gezurtatu zituzten, baina unibertsitateak onetsi egin du irakasleak esandakoa. Besteak beste, salatu du ikasleek «oihu mehatxu artean» irakaslea «bere borondatearen kontra» atxiki zutela.
EHUren «hipokrisia»
Leioako campusean auzi honen harira eratu den ikasleen biltzarrak ere ohar bat atera du gaur, eta esan dute EHUk irakaslea behin-behinean eskolak ematera ez itzultzeko erabakia «ikasleen presioaren ondorioa» izan dela. «Horren aurrean, ikasleok EHUren hipokrisia seinalatu nahi dugu», adierazi dute. Izan ere, unibertsitateak ikasleen «borroka kriminalizatu eta kritikatu» egin duela salatu dute.
Unibertsitatea Kritikoa Sareak ere hartu du hitza auzi honetan. Ikasleen kontrako «narratiba kriminalizatzailea» kritikatu dute hauek ere. «Eskatzen dugu gertakariei buruz egiten diren komunikazioek ez dezatela polarizazioa elikatu edo gertaeren larritasuna apaldu». Era berean, ohartarazi dute egungo eskuin muturreko diskurtsoen «naturalizazioaren» arriskuari buruz. «Uste dugu unibertsitateak gogoeta egin behar duela ikasgeletan eta unibertsitate bizitzan presente egongo den pedagogia antifaxista baten egokitasunari buruz».