Genero indarkeria jasaten duten haurrekin nola jokatu jaso du Osakidetzak gida batean

Umeak artatzeko kontsultetan bortizkeria nola hauteman eta halakoetan nola jardun azaltzen du agiriak. Sintomei erreparatzea eta koordinazioa fintzea giltzarritzat hartu dituzte egileek.

Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu dute gaur gida, dozenaka osasun langileren aurrean. BERRIA
Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu dute gaur gida, dozenaka osasun langileren aurrean. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko maiatzaren 14a
16:00
Entzun

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak artatzean, osasun sistema «lehen atea» izan daitekeela aipatzen da maiz. Eta hala da, neurri batean: iaz, bikotekidearen tratu txarrak pairatzen ari ziren 2.055 andre artatu zituen Osakidetzak, aurreko urtean baino %22 gehiago. Eta, halere, ez dira denak. Osasun zerbitzuetan indarkeria matxista hobeto hautemateko, emakumeekin nola jokatu jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2019an gida batean, eta haien seme-alabei erreparatu die orain: osasun profesionalentzako gida bat aurkeztu du gaur Bilbon, jakin dezaten nola detektatu bortizkeria umeekiko harremanetan, eta nola jardun halako egoeretan.

Izan ere, genero indarkeriak ez die soilik emakumeei eragiten; haien seme-alabek ere jasaten dituzte kalteak, epe laburrean zein luzaroan, zuzeneko indarkeria fisikoa pairatu ez arren. Hego Euskal Herrian, legez, biktimatzat hartzen dira 2015etik. Hori dela eta, bortizkeria goiz hautematea oso garrantzitsua dela esan du Ainhoa Zabaleta pediatrak: «Zenbat eta lehenago atzeman, orduan eta ondorio gutxiago izango du, bai haurtzaroan, bai helduaroan». Batzuetan indarkeria hori umea jaio baino lehen ere hasten dela gaineratu du Leire Askargorta emaginak, haurdunaldia bera garai arriskutsua da eta: «Emakumeak aurrez indarkeria jasaten badu, prozesu horretan areagotu egiten da, edo bortizkeria psikologikoa jaso badu, fisiko bihurtu daiteke. Eta horrek kalte egin diezaioke umearekiko loturari, indarkeriak harreman hori gurutzatzen duelako».

«Seinale gehienak ez dira genero indarkeriaren sintoma espezifikoak; beste arazo batzuen adierazle ere izan daitezke, baina horien artean genero indarkeria egon daitekeela pentsatu behar dugu». 

AINHOA ZABALETAOsakidetzako pediatra

Gida ondu duen lantaldean aritu dira Zabaleta eta Askargorta. Funtsean, jarraibide batzuk jaso dituzte, osasun langileek jakin dezaten zer egin bortizkeria kasu batean. Hasteko, nola detektatu, zer seinaleri erreparatu. Izan ere, gutxitan iristen dira umeak kolpe fisikoekin kontsultara, baina beste hainbat sintoma daudela azaldu du Zabaletak: «Izan daiteke haurra triste egotea bat-batean, edo oso asaldatuta, jokabide nahasmenduak izatea, edo berriro ohean pixa egiten hastea, edo eskolan hainbat gai ez gainditzea, sexu jokabide arriskutsuak edukitzea, alkohola kontsumitzen hastea...».

Adingabeak ez ezik, amak ere seinaleak utz ditzake pediatrarenean: «Triste egon daiteke, nekatuta edo gainezka eginda; agian ahaztu egin zaio kontsultara etortzea, edo ez ditu tratamenduak bete...». Halako aldaketei adi erreparatzeko eskatu du: «Ez dira genero indarkeriaren sintoma espezifikoak; beste arazo batzuen adierazle ere izan daitezke, baina horien artean genero indarkeria ere egon daitekeela pentsatu behar dugu».

Susmorik bada, amarengana

Hasierako esku hartze hori egiteko aholkuak ematen ditu gidak: zer egin susmo bat izatean, nola erregistratu informazioa historia klinikoan, nola bideratu galderak eta solasaldiak, nola baloratu arriskua... Izan ere, haur batek bortizkeria jasaten duela susmatzen bada, amarengana jotzea da hurrengo urratsa, emakumea ere biktima baita. Zabaletak esplikatu du: «Normalean guk ez diogu haurrari zuzenean galdetuko, ez badigu hark kontatzen, edo ez bada umea oso gaizki ikusten dugula eta zelan dabilen galdetzen diogula. Baina, oro har, amari egingo dizkiogu galderak: bakarrik, ez haurraren ez beste inoren presentzian».

«Ama-umeak zein egoeratan dauden aztertu behar da. Ikusten badugu ezin direla etxera itzuli, larrialdietarako gizarte zerbitzuetara bideratuko ditugu». 

LEIRE ASKARGORTAOsakidetzako emagina

Une horretan, gainera, beste zerbitzuekin koordinatzea ere oso garrantzitsua dela nabarmendu du Askargortak: «Amarekin hitz egin behar da, baina baita ere familia medikuarekin, erizainarekin, agian emaginarekin; eta, Osakidetzatik kanpo, gizarte langileekin eta eskolarekin. Denok koordinatuta egon behar dugu, ama-haur horiei babesa ematen saiatzeko». Halakoetan, «esku-hartze unitatetzat» hartzen dituzte ama-umeak, baina horrek ez du esan nahi bidea beti erraza denik. Izan ere, gerta daiteke emakumeak, indarkeriaren ziklo betean, bortizkeria bera ukatzea. Halako egoeretan «kontraesanak» sor daitezkeela onartu du emaginak: «Ama-umeak zein egoeratan dauden aztertu behar da. Oso larria bada, ikusten badugu ezin direla etxera itzuli, larrialdietarako gizarte zerbitzuetara bideratuko ditugu. Bestela, apurka landu behar dira gauzak; presionatuz gero, umea eta ama arriskuan jar ditzakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.