Marga Saenz Herrero. Psikiatra

«Genero ikuskera usu ez da aintzat hartzen, baina eragina du»

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Osasuna aztertzean, oro har, genero ikuspegia ere aintzat hartzeko mezuak ozentzen ari dira, eta horiek hauspotzen ari diren profesionaletako bat da Marga Saenz Herrero (Madril, 1968), Gurutzetako erietxeko psikiatra. Ikerketa talde zabal batekin ondu du atzo Emakundek aurkeztutako ikerketa, eta buruetako bat izan da. Onartu du lan honetan bakarrik oinarrituta ondoriorik ezin dela atera, baina «gogoetarako» motibo izan behar dutela hartan bildu dituzten datuek. Izurriaren aurretik egin zuten: «Ikertu behar da ordutik zer jazo den ere».

Ikusi gehiago:Buruko gaixotasunen artan farmako gehiago ematen zaizkie andreei.

Lehendik ere adierazi izan duzu kezka: botika gehiago ematen zaizkie emakumeei arta psikiatrikoa emateko orduan. Ikerketa honek hori bera berretsi du...

Bai. Ikusi dugu diagnostiko bera duten taldeetan era ezberdinean jokatzen dela gizonekin eta emakumeekin: nahasmenduak dena delakoak izanda ere, ezberdin jokatzen da. Botika gehiago ematen zaizkie emakumeei: bereziki, lasaigarriak eta depresioaren kontrako botikak. Buruko gaixotasun larriei dagokienez, ohikoena psikosien kontrako botikak ematea litzateke, baina ikusi dugu halakoetan ere andreei usuago eman zaizkiela lasaigarriak eta depresioaren aurkako botikak.

Botika gehiago, eta proba diagnostiko gutxiago, ezta?

Bai, ikusi dugu buruko nahasmendu ohikoenetan probabilitate txikiagoa izaten dela andreei, oro har, analitikak-eta egiteko gizonekin alderatuta.

Datuek erakutsi dute hori gertatzen dela zuen eguneroko martxan. Genero estereotipoen itzala uxatzea zaila da, ezta?

Jakina. Genero ikuskera usu ez da aintzat hartzen, baina eragina du profesionalen jarduteko eran. Askotan, geu begirada okerrarekin aritzen gara, eta ez gara konturatu ere egiten. Nik neuk adi-adi egon behar izaten dut; iruditzen zait berdin artatzen ditudala andreak eta gizonak, baina litekeena da neuri ere, era inkontzientean bada ere, larriagoa iruditzea, adibidez, gizon baten kasua, eta hari, adibidez, analitikak-edo eskatzea, eta andrazko bati ez. Eta tankera honetako ikerketek balio dute ulertzeko zuk agian uste zenuela gauzak modu batean egiten zenituela, baina berriz planteatu behar dituzula zure hainbat jokatzeko era. Alde horretatik, ikerkuntza guztiz oinarrizkoa da zer egiten ari garen jakiteko, horren gainean zer balorazio egiten dugun ikusteko, eta nola hobetu dezakegun aztertzeko.

Generoaren ikuspegia aintzat hartuta egin duzue lana. Aldagai sozioekonomikoei ere erreparatu diezue. Zer azaldu da?

Noski, intersekzionalitatea kontuan hartu behar da. Etnia, klase soziala, egoera ekonomikoa... Horiek guztiak ere aintzat hartu behar dira. Adierazleak apalak badira, horiek ere badakarte buruko osasunari begira adierazle okerragoak izatea, eta patologia gehiago izatea. Eta, oraingo honetan ez dugu aintzakotzat hartu sexu eta genero aniztasunaren aldagaia, baina hori ere begiratzekoa litzateke. Oraingoa ikuskera binario batetik abiatuz egin dugu, aurrez ez zegoelako ikerketarik eginda arlo horretan. Hasi ginen begiratzen, eta ez zegoen deus ere.

Gurutzetako erietxeko pazienteen datuekin egin duzue ikerketa. Oso interesgarria litzateke orain beste erietxeren batzuetakoekin alderatzea, ezta?

Bai, guk 550.000 biztanle ingururi ematen diegu arta, eta errealitate horri begira jardun dugu. Enkarterri, Sestao-Barakaldo eta Uribe Kostako erakunde sanitario integratuetako pazienteak hartzen ditugu guk. Oso interesgarria litzateke antzeko ikerketa bat egitea beste erakunde sanitario batzuetan, datuak antzekoak diren ikusteko. Zer ikertu franko dago, eta generoaren irizpide hori hedatzera jo behar da, buruko osasunean eta osasunaren gainerako adarretan ere bai.

Nazioartean bada antzeko ikerketak egiteko joera bat?

OME Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi esan zuen generoa aldagai erabakigarria dela osasunean; adibidez, Kanadan gida bat dago egiten diren hipotesi diagnostikoetan eta ebaluazioetan genero irizpidea kontuan hartzeko. Eta Ameriketako Estatu Batuetan eman diren irizpideetan ere aintzat hartu dute generoaren aldagaia. Eta hori da bidea, honek ez du atzera-bueltarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.