Hamabost urte igaro dira Nafarroako Legebiltzarrak Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako 33/2002 Foru Legea onartu zuenetik. Garai hartan lege berritzaile eta aitzindaria izan zena «zaharkitua» gelditu dela uste du Nafarroako Berdintasuneko Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek (Iruñea, 1966). Horregatik, arau berri bat garatzeko «momentu aproposa eta erabakigarria» dela uste du. 2018ko lehen hilabeteetan aurkeztu nahi dute legearen zirriborroa.
Berdintasun lege berria ontzeko prozedura abiatu berri duzue. Zein izanen da lehen urratsa?
Lehen urratsak, egiazki, eginak daude: egungo egoeraren diagnostikoa eta oinarrizko dokumentua prest ditugu jada. Bi txosten horien gainean abiatu dugu parte hartze prozesua, eta hori izanen da lege berriaren abiapuntua. Lege proposamena 2018ko lehen hilabeteetan igorri nahiko genuke parlamentura. Prozesu luzea izan da, 2015eko akordio programatikoan bertan azaltzen baitzen berdintasun lege berri baten aldeko konpromisoa. Honako hau une aproposa zela iruditu zitzaigun, 2002. urteaz geroztik asko aldatu delako egoera. Inguruko erkidegoetan arau berriak onartu dituzte berdintasuna ardatz hartuta, baina gizartea bera izan da aurrera urrats handienak egin dituena, eta, finean, egun indarrean den legea zaharkituta utzi duena.
Egungo egoeraren diagnostikoa mahai gainean duzue. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?
Nahiko argazki fidagarria utzi digula esanen nuke. Errealitatea zein den ezagutzen genuen lehendik ere, baina ona da zenbait faktore egiaztatzea eta, datu fidagarriekin, hori guztia zurian beltz jartzea. Genero arrakalak dira, finean, diagnostikoak agerian utzi dituenak. Argi gelditu da genero eta sexu desorekak erro sakonak dituela; egiturazko arazoa dela, alegia. Lan esparruko arrakala da horren erakusgarri garbiena: okupazio maila txikiagoa, langabezia tasa handiagoa, lan baldintza okerragoak, behin-behinekotasun handiagoa, soldata txikiagoak... Enpresa pribatuan nahiz administrazioan gertatzen da: emakume asko lantaldean —maiz, gizonak baino gehiago—, baina oso gutxi, ardura postuetan.
Horren zergatiak aztertu dituzue?
Bai. Desoreka handia da lan esparruan, batez ere, emakumeoi historikoki egokitu zaigulako zaintzarekin zerikusia duten postuetan aritzea: osasuna, hezkuntza... Eta, hara non, horiek dira administrazio barruan behin-behinekotasun handiena duten lanak. Gainera, emakumeak izan ohi dira lanaldia murrizten dutenak edo baldintza kaskarrenak dituzten postuetan aritzen direnak, askotan, hori delako etxeko lanak, familia, zaintza eta bestelako faktoreak uztartzeko modu bakarra. Datu horiek guztiak aintzat hartu behar dira gizon eta emakumeen soldaten arteko arrakala aztertzeko garaian. Finean, lan esparruko desoreka gizarte osoaren isla da: gizonezkoek denbora gehiago eskaintzen diote soldatapeko lanari eta euren bizitza profesionalari; gutxiago, berriz, etxeko zereginei. Emakumeen kasuan, egoera kontrakoa da. Hezkuntzan ere nabari daiteke segregazio hori.
Hezkuntzan?
Hala da, bai. Goi mailako hezkuntzan, batez ere, nabarmena da genero marka. Ez dituzte ikasketa berberak hautatzen neskek eta mutilek; gizonek maizago jotzen dute lanbide heziketako graduetara, mekanika eta eskulanarekin lotura duten ikasketetara, eta abar. Eta unibertsitatean ere beste horrenbeste gertatzen da: teknologia eta ingeniaritza karreretan oso urria da emakumezkoen kopurua. Eta gero horrek isla dauka lan esparruan, teknologia berrien erabileran, rol eta genero ereduetan... Sorgin gurpil bat da. Alde horretatik, desoreka horiei guztiei aurre egiteko tresna izanen da berdintasun foru legea.
Zeintzuk dira 2002ko berdintasuneko foru legean antzeman dituzuen gabeziak?
Legea oso zabala da, hortaz, esparru asko ukitzen ditu. Administrazioaren barruan, adibidez, ez du berdintasun unitaterik ezartzen, eta halakoak ezinbestekoak dira, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren gaia era transbertsalean landu ahal izateko. Guk ikuspegi horrekin lan egiten dugu jada departamentu guztietan, baina egungo arauak ez dio aipamenik ere egiten. Sail guztiak inplikatuko dituen berdintasun plangintzak garatzeko tenorean, ezinbestekoa da zeharkako ikuspegi hori: ekonomia, kultura, enplegua, hezkuntza... Gobernuaren lan esparru guztietan aplikatu behar dira berdintasun irizpideak, ez soilik gure departamentuan. Enpleguari dagozkion atalak ere berritu nahi ditugu. Hori da gure helburu nagusietako bat.
Zer aldatuko zenukete?
Lan arloan emakumeen parte hartzea sustatu eta bermatzeko neurriez ari naiz. Lan munduan eta, batez ere, ardura postuetan, gizon eta emakumeen parte hartzea ez da parekidea, eta arazo horren erroetara jo nahi dugu. Hainbat faktoreren eragina suma daiteke hor, eta batzu-batzuk aipatu ditut lehen ere: zaintza, kontziliazioa, arduren banaketa desorekatua... Neurri eraginkorrak planteatu nahi ditugu, enpresetan nahiz etxean, ardurak modu bidezko eta parekide batean bana daitezen. Erantzukizun partekatua.
LGTB+ legea onartu zuen parlamentuak maiatzean. Kontsentsu maila bertsua espero duzue oraingoan ere?
Bai. Inork ez du kanpoan gelditu nahi. Oinarrizko eskubideez ari garenean, talde guztiak ados azaltzen dira hasiera batean. Hala izan ohi da, behintzat, helburuei eta ildo orokorrei dagokienez. Arauaren xehetasunak jorratzen eta eztabaidatzen ditugun heinean, ordea, desadostasun gehiago azalduko dira, LGTBI+ legearekin gertatu zen bezala. Hala ere, berdintasun lege hau laukoaren botoekin bakarrik ez, parlamentuaren gehiengo zabal baten babesarekin onartuko dela uste dut.
Mertxe Leranoz. Nafarroako Berdintasun Institutuko burua
«Genero desorekari aurre egiteko tresna da berdintasun legea»
Emakume eta gizonen arteko berdintasun «erreala» bermatzeko, lege esparru berri bat behar dela uste du Mertxe Leranozek. Lan munduan, hezkuntzan eta administrazioan eragin nahi dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu