Trans eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege proiektua onartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Pertsona horien eskubideetan sakontzeko aurrerapauso garrantzitsua dela azpimarratu zuen atzo Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak: «Estatuak izateko eskubidea aitortzen die».
Trabaz eta eztabaidaz beteriko bidea egin du arauak, eskuinean ez ezik, gobernu barruan ere hautsak harrotu baititu —bereziki PSOEren barruko zenbait ahots aurka agertu dira—. Gainera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak lege egitasmoaren hainbat alderdiren aurkako txostena kaleratu zuen apirilean, eta, besteak beste, gobernuari eskatu zion 18 urtera igotzeko epaileen baimenik gabe sexu aipamena aldatzeko gutxieneko adina. PSOEk eta Unidas Podemosek ondutako lege proiektuak, baina, 16 urtetan jartzen du muga hori. Lege egitasmoak uda ostean abiatuko du bide parlamentarioa.
DESPATOLOGIZAZIOA
Sexu aipamena aldatzeko prozesua erraztea du helburu lege proiektuak, eta, horretarako, bide emango dio genero identitatearen autodeterminazioari. Hori hala, erregistro zibileko sexu aipamena aldatzea eskatzeko ez da exijituko eskabidea egiten duenak inolako prozedura medikotan parte hartzea. Ez da galdegingo psikologoen oniritzirik edo mediku txostenik, ez eta erregistroko moldaketa egin nahi duen pertsonak bere gorputzean aldaketak egitea ere; ez hormona bidez, ezta ebakuntza bidez ere.
Sexu aipamena aldatzeko prozesua nabarmen laburtu nahi du legeak. Aurrerantzean, eskatzaileak dokumentu bat sinatuz adieraziko du bere nahia, bi fasetan: lehenbizi, inprimaki bat bete beharko du; eta, gero, hiru hilabeteko epean, erregistro zibilean beste inprimaki bat aurkeztu beharko du, nahia berresteko.
ADIN MUGAK
Lege proiektuak jasotzen duenez, 12 urtetik gorako herritarrek eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea. Hala ere, adinaren arabera hainbat muga ezartzen ditu. 16 urtetik gorako herritarrek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea. 14 eta 16 urte artekoek ere egin ahalko dute eskabidea, baina baldintza batekin: tutoreek edo gurasoek lagunduta egin beharko dute. Aldiz, lege proiektuak ez die genero autodeterminaziorako eskubiderik aitortzen 14 urtetik beherakoei. 12 eta 14 artekoek sexu aipamena aldatu nahi izanez gero, epai batek eman beharko die horretarako onespena. Gainera, epaileak froga dokumentalak eta lekukotasunak galdegiteko aukera izango du halakoetan, beharrezkotzat jotzen badu. 12 urtetik beherakoek izena aldatu ahal izango dute nortasun agirian.
ESKUBIDEAK
LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko neurriak jasotzen ditu lege egitasmoak. Batetik, pertsona horien diskriminazioaren aurkako neurriak proposatzen ditu enpleguaren, osasunaren, hezkuntzaren eta administrazioaren esparruetan. Eta, bestetik, ernalkuntza teknikak erabiltzeko eskubidea eta horietarako sarbidea aitortzen diete emakume lesbianei, bisexualei, bikotekiderik gabeei eta haurdun gera daitezkeen transei —azken horiei dagokienez, Espainiako Gobernuak adierazi du sei hilabeteko epean eskubide hori bermatuko diela agindu baten bidez—. Gainera, Zigor Kodea erreformatuko da ezkontzeko beharrik gabe seme-alaben gurasotasuna aitortua izateko.
Horrez gainera, konbertsio terapiak debekatu egingo dira. Halaber, oinarrizko eskubideak arautuko zaizkie pertsona intersexualei, hala nola jaiotzean mutilaziorik ez jasateko eskubidea eta bizitzako lehen hilabeteetan definituta ez duten sexu batean inskribatu beharrik ez izatekoa.
ISUNAK
Lege egitasmoak isunak aurreikusten ditu sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatzen duenarentzat. 200 eta 150.000 euro artekoak dira isunak. Arau hauste larritzat joko da, besteak beste, ikasliburuetan bazterketa mezuak sustatzea sexu identitateagatik, genero adierazpenagatik eta sexu ezaugarriengatik.
Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek
Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu