Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 ikertzaile baino gehiago aritzen dira lanaldi osoan. Horietatik %35 baino ez dira emakumeak. Zenbat eta ikerketa postu edo ardura garrantzitsuagoak, orduan eta emakume gutxiago daude.
Eusko Jaurlaritzako eta Ikerbasqueko arduradunek onartu dute genero arrakala hori txikitzea dela hurrengo urteetarako erronka nagusietako bat, zientziaren iazko jardueraren txostenaren aurkezpenean, Donostian.
Ikerketaren kantitatea baino gehiago, kalitatea nabarmendu du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak. Ikertzaileen argitalpenen kalitatea baliatu du horretarako, munduko datuekin alderatuta: «EAEko ikertzaileek egiten dute munduko ekoizpen zientifikoaren %0,2, bertako populazioa edo errenta mundukoarekin alderatuta baino askoz ere gehiago. Bertako ikertzaileek egiten dute %25 aldizkari onenetako ekoizpen zientifikoaren %0,3 eta %10 aldizkari onenetako ekoizpenaren %0,35». Itxuraz kopuru txikiak, baina oso garrantzitsuak, sailburuaren esanetan.
1
Genero arrakala
Zientzia eta teknologia arloan nabarmena da genero arrakala. 2022an %35 soilik ziren lanaldi osoan ikerketan ari ziren emakumeak, eta, azken hamar urteetako grafikoaren bilakaera ikusiz gero, marra lau bat da ia. Kopurua, batez beste, ia parekoa da, ordea, unibertsitateetan ikerketan eta garapenean ari direnen artean.
Artazi efektua badago, hau da, portzentajeak aintzat hartuta, emakume ikertzaileak gehiago dira oinarrizko postuetan, baina gero eta gutxiago zientzia ibilbidearen goi mailako postuetan, gizonekin alderatuta. Ibilbide hori grafiko batean erakutsiz gero, emakumeen kurbak goitik behera egiten du; gizonenak, aldiz, behetik gora. EHUn, esaterako, hamar katedratik hiru baino gutxiago (%27) zeuden emakumeen esku aurreko ikasturtean.
«Genero arrakala itxi behar dugu: funtsezkoa da zientzia inklusiboa eta plurala izateko, eta talentu guztia aprobetxatzeko», esan du Sara Urionaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazio zuzendariak.
Joera, berez, aldatzen ari da, baina oso motel. Motelegi. «Ez da nahikoa denbora pasatzen uztea, polikiegi aldatzen ari da», onartu du Perez Iglesiasek. «Proaktiboak izan behar dugu». Genero arrakala txikitzeko neurri batzuk ditu bere gobernu programan, eta horietako bi aipatu ditu: alde batetik, curriculumak baloratzeko orduan zuzenketa neurriak aplikatzea, zaintza lanek duten eragina zuzentzeko; bestetik, hautaketa eta promozio prozesuetan genero alborapenak eta estereotipoak indargabetzea, sailburuak berak onartu baitu oraindik ere genero alborapen asko dagoela.
2
Finantzaketa
Europa iparraldeko eta erdialdeko herrialdeek, batez beste, BPG barne produktu gordinaren %2,5 edo gehiago inbertitzen dute I+G+B-n, hau da, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan; Europa hegoaldean, %1,5 inguru. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan portzentajea %2,2koa da (2022ko datua). Kopurua %2 eta %2,5 artekoa izan da 2012tik.
Eta hori zenbat da dirutan? Gaurko agerraldian 2022ko datua eman dute: 1.800 milioi euro. Iazkoa 2.000 milioi euroren bueltakoa izan zela adierazi dute. Kopuru horrek, Perez Iglesiasen iritziz, erakusten du «herri honek garrantzia ematen diola zientziari». Ingeniaritzan eta teknologian gastatzen dira hamar eurotik zazpi. Hamar eurotik bat baino gutxiago giza eta gizarte zientzietan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikertzaileek 160 milioi euro lortu zituzten iaz Europako Horizon Europe programatik. Agintariek nabarmendu dute 53 ERC Grant ikerketa proiektu lortu direla. Maila zientifiko goreneko ikerketa proiektuak dituzten ikertzaileei ematen dizkiete laguntza horiek. Bost urte irauten dute.
3
Ikertzaileak
Ikerketan aritzen dira, lanaldi osoan edo lanaldiaren zati batean EAEko ehun biztanle aktibotik bi. 22.860 ikertzaile dira, 2022ko datuen arabera. Horietatik 15.230 lanaldi osoan, eta kopuru horretatik erdiak pasatxo unibertsitateetan, zentro teknologikoetan, osasun ikerketarako institutuetan eta ikerketa zentroetan; gainerako erdiak, enpresa pribatuetan.
4
Kalitatea
Ikertzaileek argitaratutako artikulu zientifikoak izan ohi dira ikerketaren kalitatea neurtzeko adierazleetako bat. Kopuru osoa baino gehiago, zer aldizkari zientifikotan argitaratu duten eta ea norekin batera egin duten ikerketa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikertzaileek 8.000 artikulu baino gehiago argitaratu zituzten iaz, Scopus datu basearen arabera. Horietatik %65 unibertsitateetako ikertzaileek eginak dira.
Medikuntzari, ingeniaritzari, materialen zientziari eta konputazio zientziei buruzkoak izan ziren artikulu gehienak. Zerrendan zazpigarrenak dira giza zientziak. Baina non argitaratu zituzten? Hamar artikulutik sei, munduko aldizkari zientifikoetatik %25 onenetan —aldizkariak haien kalitatearen arabera sailkatzen dituzte—; %18, %25-50 onenetan. «Hori oso garrantzitsua da», Perez Iglesiasen arabera. «Lehen ez zen horrela». Aldizkari onenetan argitaratutako artikuluen proportzioa %53koa zen 2013an.
Ikerketa gehienak beste unibertsitate edo ikerketa zentroekin batera egiten dituzte: %83 dira nazioarteko lankidetzan egindakoak (%30 Espainiakoekin, Herrialde Katalanetakoekin edo Galiziakoekin elkarlanean egindakoak).
AEB Ameriketako Estatu Batuetakoak dira ikerketa lankide gehienak. Haren atzetik, Erresuma Batukoak, Alemaniakoak, Frantziakoak eta Italiakoak.
Urionaetxebarriak nabarmendu du EHU 368.a dela unibertsitate onenen Shanghaiko ARWU sailkapenean. 20.000 unibertsitate inguru daude sailkapen horretan.
5
Transferentzia
Patenteak dira ikerketaren garrantzia eta eraginkortasuna neurtzeko adierazleetako bat, «ezagutzaren sorkuntzatik jabetza intelektualaren babeseraino egindako transferentzia islatzen duten neurrian». Patenteetan aipatzen dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikertzaileen artikuluen kopuruak behera egin du 2017tik. Joera hori «logikoa» dela uste dute, «kontuan izan behar baita ezagutza berri batek denbora tarte bat behar duela patente bat sortzeko». Iaz ia 1.600 patente inguruk aipatu zuten bertan sortutako artikulu zientifikoren bat.
6
Erronkak
Perez Iglesiasek zenbait erronka aipatu ditu: patenteak, ikertzaileen prestakuntza hobetzea eta doktore tesiak erakargarriagoak izatea egin nahi dituztenentzat.