Geldiezina izan dadin

Korrikak Euskal Herriaren luze-zabala gelditu gabe zeharkatu dezan, ezinbestekoa da furgonetetako gidariek egiten duten lana; hamalau orduz jarraian aritzen dira. Korrika Arabatik eta Nafarroatik pasatu da gaur, eta Gipuzkoan sartu da.

korrika
Korrika Etxarri Aranatzen, gaur. AITOR KARASATORRE/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Hernani
2024ko martxoaren 19a
19:34
Entzun

11 egun eta hamar gau. 24 orduz. Geldiezina da Korrika: martxan botatzen diote erregaia furgonetei, gidariek furgonetetan egin dituzte otorduak... Hain zuzen, Korrikak etengabe beti aurrera egin dezan, ezinbestekoa da furgoneta gidarien lana. 

Errazak dira identifikatzen: soinean txaleko moreak daramatzaten horiek dira. Aurrera eta atzera dabiltzanak. Furgonetatik igo eta jaitsi. Edo furgonetaren alboetako helduleku batetik zintzilik daudenak. Naiara Fajol da horietako bat, eta, esan duenez, beren lana ez da Korrikako bi furgonetak —aurrekoa eta atzekoa— gidatzea bakarrik: «Mikroan aritzen gara, baina eskualdeetako esatariak ere etortzen zaizkigu laguntzera; edo pankarta batzen eta ipintzen dugu; lekukoari esaten diogu aurrean egon dadila; argazkiak ateratzen ditugu; sare sozialetan aritzen gara... Hamaika telebistako lankide bat ere badaramagu, eta batzuetan kamerarekin laguntzen diogu, berak ere atseden hartzeko». 

«Badaude momentu oso politak, momentu oso kaotiko eta estresagarriak, baina kristoren lagunak egin ditut furgonetan».

ARRATE BERSTAIN Furgoneta gidaria

Beraz, gidariak dira, baita animatzaileak, argazkilariak... ere bai. Antolaketa eskatzen du beren jardunak. Fajolek azaldu duenez, bi taldetan banatzen dira, bakoitza 11 kidekoa —horietako bat Hamaika telebistakoa da, zuzeneko emankizunaz arduratzen dena—. Eta txandaka aritzen dira: «Hamalau orduko txandak egiten ditugu; batzuk lasterketan dauden bitartean, besteak atseden hartzen egoten dira». Furgonetetako kideen egun baten adibidea eman du: «02:00etan hasten bagara, hamalau ordu gehitu behar zaizkio horri, eta 16:00etan utziko genuke lasterketa. Beste lantaldea 16:00etan sartuko litzateke, 06:00ak arte. Horrela eginda, lasterketa eguneko momentu guztietan bizi dezakegu».  

Baina zergatik erabakitzen dute furgonetetako boluntarioek horrelako lan bat hartzea? Hiru Korrika daramatza furgoneta gidari Arrate Beristainek: «Hasi nintzen lagun batek esan zidalako Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat dela: euskararen egoera, jende eta paisaia desberdinak ezagutu ditzakezu, eta horregatik animatu nintzen». Hori eta gehiago eman dio Korrikak, ordea: «Topatu nuen bilatzen nuena eta gehiago. 11 egunez 24 orduz beste hainbat lagunekin egotea.... Badaude momentu oso politak, momentu oso kaotikoak eta estresagarriak, baina kristoren lagunak egin ditut; asko zaintzen dugu elkar». Eta lana lana bada ere, horrek «bete» egiten duela nabarmendu du: «Euskararen alde egiten dugu, eta pasatzen garenean kaleak irribarrez betetzen dira, euskaraz betetzen dira. Horrek guztiak asebetetzen nau». 

«Hamalau orduko txandak ditugu; batzuk lasterketan dauden bitartean, besteak atseden hartzen daude».

 NAIARA FAJOLFurgoneta gidaria

Korrika bada euskararen alde etorbide eta hiri handiak betetzea, baina estuguneetatik ere igaro behar izaten du: zubiak, tunelak, herri bateko kale estu bat... Puntu beltzak deitzen diete. Furgoneta gidariak prest egoten dira horietarako ere, Gorka Elgoibarrek esan duenez: «Demagun leku batean ezin dela furgoneta handia pasatu. Orduan, aurrean joaten den furgonetak ezingo du segitu. Beraz, Korrikaren atzeko furgoneta aldez aurretik bidaltzen dugu puntu beltz horren beste alderaino». Korrika puntu beltzera iristen da, eta korrikalariek auto baten atzetik egiten dute ibilbidea. Puntu beltzaren amaieran izaten dute zain normalean Korrikaren atzean joaten den furgoneta: «Gero, poliki-poliki berrantolatu egiten gara, bakoitza bere lekuan jarrita». 

Egindakoaren isla

Gaur ere, besteak beste furgonetako kideen lanari esker, aurrera jarraitu du Korrikak. Araban hasi du eguna, Nafarroan jarraitu eta Gipuzkoan amaitu. Agurain, Araia... igarota, Nafarroarako bidea hartu du Korrikak, eta egon da Altsasun, Etxarri Aranatzen, Lekunberrin, Leitzan, Goizuetan... Bete egin ditu guztiak, goraino bete ere: ehunka lagunek hartu dituzte, adibidez, Lekunberri eta Leitzako kaleak, baina herri batetik besterako bideetan ere etengabea izan da jendearen joan-etorria. Berezia izan da Goizuetako momentua, dozena bat urte inguru bazirelako Korrika ez zela herritik pasatzen. Hain zuzen, Goizuetatik barna sartu da Korrika Gipuzkoara iluntzean, eta herri gutxi batzuetan egon da: Hernanin, Urnietan, Lasarte-Orian eta Usurbilen.

Bihar, berriz, Gipuzkoako kostaldean ibiliko da Korrika; arratsaldean, Bizkaian sartuko da lehenengoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.