Hezkuntza. Nafarroako hizkuntz ereduak

Geldialdian da D eredua Nafarroan, eta oso alde handiak ditu eremuka

Euskararen Legeko eremu bakoitzean aldeak handiak dira: euskaldunean, %88 D ereduan ari dira; mistoan, %29; ez euskaldunean,%5Zer gertatu den aztertzen hasi dira eragileak; «diskurtso berri bat» behar dela irizten dute

Geldialdian da D eredua Nafarroan, eta oso alde handiak ditu eremuka.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Geldialdian, aurrera egin ezinda, eta Nafarroako Euskararen Legeak ezartzen dituen eremuen artean oso alde handiekin. Azken ikasturteetan D eredua ahultzen ari dela ohartarazi dute Nafarroako hezkuntzako eragileek, eta datuen analisi zorrotza egiteak ageriagoan jartzen du egoera hori. Nafarroa hirutan zatitzen du Euskararen Legeak, eta horren araberako hizkuntz eskubideak aitortzen dizkie euskaldunei. Banaketa horrek oso eragin handia du hezkuntzan. Haur eta Lehen Hezkuntzako datuak eskuan, honakoa da banaketa: euskarazko ereduan ikasleen %88 ari dira eremu euskaldunean; eremu mistoan —hor da Iruñea—, ikasleen %29; eta eremu ez euskaldunean, %5.

Pilatuta eman ohi ditu datuak Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, herrialde osokoak batera. Eta hori, ematen dituenean. Aurtengo eta iazko ikasturteetako zenbakirik ez baitu eman. 2011-12ko ikasturtekoak dira azken datu ofizialak, eta haiek oinarri gisara hartuta egindako azterketa bat eskuratu du BERRIAk. Txosten horren bidez, departamentuak «ezkutatu» egiten dituen datuak argitara atera nahi dituzte. Haur eta Lehen Hezkuntzako matrikulazio datuak erabili dira ikerketan.

Egoera egonkorra da azken urteetan: %25 inguruan dago Nafarroan D eredua. Behera ez du asko egin, baina goranzko bidea amaitu da. Kontua da %25aren bueltako datu horren azpian zer dagoen.

Herrialdearen iparraldekoa da egoera onena euskarazko ereduarentzat: hamar ikasletik ia bederatzi ari dira. Sare publikoan eta itunpekoan ditu antzeko datuak D ereduak eremu horretan. Kontuan izatekoa da zenbaki horiek Gipuzkoakoen, Bizkaikoen eta Arabakoen gainetik ere badaudela. Eremu euskaldunean erdara hutsezko G ereduak ez du lekurik, eta oso atzetik dago bigarren den eredua, A —euskara ikasgai gisa duena—, ikasleen %7,8rekin.

Itunpeko erdaldunak Iruñean

Hegoalderako bidean, eremu mistoa. Iruñea. Aldaketa esanguratsu batzuk ageri dira. Bat: itunpeko sarearen indarra. Eremu euskaldunean eta ez euskaldunean, bostetik lau sare publikora joaten dira; mistoan, erdi eta erdi daude. Bi: sare bakoitzaren arteko aldea hizkuntz ereduetan. Eremu horretako datu orokorrak aztertuta, %29 ari dira D ereduan. Sareka: %42 dira publikoan eta %15 itunpekoan. Eskola erlijioso erdaldunek indar handia dute Iruñerrian. Eremu mistoko sare publikoan, D eredua da nagusi, G eta A ereduei bikoitza aterata. Sare itunpekoan G da nagusi, %67ren eredua baita.

Eremu ez euskalduna. Erdara nagusi da eskolan. Publikoetan ez dute eskaintzen D eredurik, eta ikastolara jo behar dute estudianteek, euskaraz ikastekotan. Ikasle guztien %4,6 dira Haur eta Lehen Hezkuntzan. Bostetik hiruk euskara ikasgai bakar gisa ere ez dute ematen, G ereduan; bostetik batek bai, A ereduan ari dira eta.

«Euskararen Legeak jartzen dituen mugak zeharkaezinak dira batzuentzat. Aukera izanez gero, handiagoak lirateke portzentajeak». Eremu erdalduneko datu eskasez mintzo da Sortzen Ikasbatuaz elkarteko eledun Gari Torregrosa. Sare publikoan euskarazko irakaskuntzarik ez dutela eskaintzen gogorarazi du. «Ikastera beste herri batera joateak asko esan nahi du. Jendeak bere herrian geratzera jotzen du askotan». D ereduan ikasteko, 1.400 ikaslek denera bost milioi kilometro egin behar dituzte ikasturtero.

Euskararen Legea «bidegabea» dela eta eskubideak murrizten dituela esanda, matrikulazioan eragin handirik ez duela dio Pello Mariñelarenak, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. «Ez da erabakigarria. Legeak misto esaten dion eremuan ere askoz ikasle gutxiago dago D ereduan euskal eremua deritzonean baino». Bi eremuetan dago D eredua sare publikoan. «Iparra-hegoa efektua» ikusten du, eta uste du muga kenduta ere eskola publikoan ez litzatekeela ugaria D eredua. «Ikastolan segituko lukete».

Atxikimendu kontua da, beraz. Torregrosaren ustez, baina, D eredua eskaintzearekin euskarekiko jarrera aldatu egingo litzateke. «Eskaintza zabalduko balitz, irekiagoa litzateke jarrera. Dena lotuta dago. A eredua dagoen tokian euskararen irudia hobetu egin da, eta D ereduarekin gehiago. Matrikulak hasiko lirateke, eta atxikimendu handiagoa izango litzateke». A ereduak badu pisua Nafarroan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez bezala: eremu mistoan eta ez euskaldunean, ikasleen %19,3 ditu. Ikasgai bat daukate euskaraz.

Euskararekiko atxikimendua areagotu da Nafarroan, baina D ereduak zergatik ez du aurrera egiten? «Euskarazko ereduaren aldeko diskurtsoak goia jo du. Orain 30 urteko diskurtsoarekin ari gara, eta horrek batzuentzat soilik balio du», azaldu du NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko kide Aitor Bidartek. Haren ustez, eremu euskaldunerako-eta baliagarri da, baina ez eremu erdaldunerako. «Euskararen aurkakotasunak atzera egin du, baina arazoak ditugu diskurtsoaren idearioarekin identifikatzen ez direnekin».

Ingelesa sustatzearen alde egin du, bitartean, Nafarroako Gobernuak. «Ingelesa indartzen ari da elebitasuna bultzatzeko, baina, bide batez, euskararen igoera geldiarazteko, herritarrei gezurrezko mezuak helaraziz», ohartarazi du Mariñelarenak. Orain arte, G ereduaren bizkar indartu dira ingeles programa horiek, baina D ereduaren geldialdian zerikusia izan dutela uste du Torregrosak: «Atxikimendua galtzen ari zen G eredua, eta programa bat atera zuten hori gelditzeko. D eredua mantsotzea ere bazen helburua».

Iruñerrian izan dute arrakastarik handiena ingelesa indartzeko programa horiek; eremu mistoan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hamar ikasletik bat pasatxo ari da eredu horietakoren batean: 3.600 ikasle. Eremu euskaldunean, berriz, %1,5 soilik dira.

Datuekin tentuz ibili behar da, ordea: hizkuntzen trataera bateratuko programetako ikasleen kopurua pilatuta ematen du gobernuak, oinarriko eredua bereizi gabe. Eta badu garrantzia: D eredu soilaren eta hori oinarri duen programaren artean, adibidez, astean ingelesa ordubete gehiagoz ematea da alde bakarra. 5.400 ikasle ari dira programa horietan, eta 300ek D eredua dute oinarri. Banaketa deigarri da: programak gutxi zabaldu dira eremu euskaldunean. Mariñelarena: «Eleaniztasuna ez zaio interesatzen administrazioari. Ustez ikastolei kalte egin diezaieketen tokian sortzen dira horrelako ereduak, ez beste inon».

Ebaluaziorik gabe

Eusko Jaurlaritzak abian daukanaren gisan, ebaluaziorik ez du Nafarroako Gobernuaren programak ere. «Esperimentua da, eta emaitzak ez dituzte argitaratu», salatu du Sortzen Ikasbatuaz-eko kideak. Dirua jarri du gobernuak programa hori eskoletan jar dezaten. Ez dute halakorik D ereduan.

Gogoeta egiteko, talde bat osatu dute Ikastolen Elkarteak, NIZEk, Sortzen Ikabatuaz-ek, Topaguneak eta euskara teknikariek. «Diskurtso bakarrera jo dugu, eta aniztasuna behar da. Gure mundua arrotz zaion jende asko dago», dio Etxartek. Gobernuaren indarrari aurre egin beharraz ari da Torregrosa: «Kanpaina indartsuak egiten ditu, eta beste era batera iritsi behar dugu dudan daudenengana». Ingelesa aintzat hartu behar da, Mariñelarenaren ustez: «Gurasoei azaldu eta erakutsi behar zaie elebitasunaren aldia bukatu dela. Garrantzitsua ez da ingelesa ematea, bere hizkuntz proiektua daukan ikastetxe batean egotea baizik». Emaitzak aipatu ditu: «D ereduko ikasleek dituzte onenak, Eskola Kontseiluaren arabera».

Aurrematrikulazioan beherakada bat izan da aurten ere, baina ez da handia. Itxaropentsu daude. «Arriskua bada programa horiek D ereduari tokia kentzeko, baina atxikimendua bada», dio Torregrosak. Ikastolek Erriberan egiten duten «lan garrantzitsua» nabarmendu du Mariñelarenak: «D eredua gobernuak jartzeko zain bagina, milaka ikaslek ez zuten euskalduntzeko aukera izanen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.