Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (eta V) - Gipuzkoa

«Geldialdi zantzuak» badira

Herritarren artean hamarretik zazpik euskararen ezagutzaren bat badute Gipuzkoan, eta lurralderik ahaltsuena da euskarak izan dezakeen bilakaerara begira, baina azken urteotan «seinale kezkagarriak» badira.

arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Belen Urangak egin zuen orain dela sei urte, BERRIAk propio eskatuta, Gipuzkoan euskararen bilakaeraren azken datuen azterketa. «Gipuzkoa da euskararen potentzialitate handiena duen lurraldea: populazioaren erdia euskalduna da (haur eta gazteen artean 10etik gutxienez 8), erabiltzeko aukeren eta motibazioaren ikuspegitik eremu sendoena da», azaldu zuen. Datuetan, ordea, «beheranzko joera bat» agerikoa zela ohartarazi zuen: «Norabide aldaketa da kezka iturri nagusia». Asier Basurtok hartu du orain datuen azterketa egiteko eginkizuna. Aldaketarik ez da ideia nagusian. Bat dator: «Gipuzkoa da Euskal Herrian euskara indartsuen sumatzen den lurraldea». Sendotasuna erakusten duten datuak ahaltsuak dira berriro: herritarren artean hamarretik zazpi, adibidez, euskaldunak dira, edo hizkuntzaren ezagutzaren bat badute. Baina kezkarako zioak ikusten ditu berak ere: «Hizkuntzaren biziberritzea baldin badaukagu ortzi muga gisa, geldialdi zantzuak eta seinale kezkagarriak ikus ditzakegu».

Esaterako, horra: VII. Inkesta Soziolinguistikoak berretsi egin du aurrez beste hainbat ikerketak ere iragarritako kezka: euskara ahultzen ari da eremu euskaldunenetan. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak inkestaren emaitzetan oinarrituta datu esanguratsuak eman zituen iaz egoera ulertzen ahalegintzeko: laugarren gune soziolinguistikoan —euskaldunak %80 dira horietan— behera egin du euskaldunen ehunekoak, eta 2021ekoa igaro 30 urteotako datu apalena izan da. Horra aldea: 1991. urtean, euskaldunak %90 ziren; orain, %81,9. Gipuzkoan badira arnasgune indartsuak, eta aparteko kezka eragiten ari den aldagaietako bat da.

Horra, Basurtoren hitzetan, herrialdearen ahulguneak eta indarguneak, atalka:

Ezagutza eta gaitasuna

Indargune nagusia

16 urtetik gorakoen artean, azken datuen arabera, %30 dira egun Gipuzkoan euskararik ez dakitenak. %51,8 euskaldunak dira; %17,7, elebidun hartzaileak. Portzentaje horiek etengabeko hazkuntzan daude 1990eko hamarralditik, eta, horiek horrela, euskararen biziberritzerako indargune garrantzitsua da ezagutza maila hori. Gazteenen artean da, gainera, bereziki ahaltsua: 16-24 urteen artean, gazteen %82,8 dira euskaldunak. 25-34 urte dituztenen artean, %68,7. Eboluzioa, aurreko hamarraldiekin alderatuta, goraipatzeko modukoa da: 1991n %41,8 ziren gazte elebidunak. 25-34 urte artekoen artean %44,3 ziren.

Horrekin bakarrik ez da nahikoa, ordea. «Sakonago begiratu behar da nolakoa den gaitasuna, eta zenbatek egiten duten errazago euskaraz gaztelaniaz baino, horiek baitira euskara hautatzeko baldintza idealak», gogora ekarri du Basurtok. Eta, alde horretatik, datuak ez dira hain ahaltsuak. 1991n euskaldunen %39,4k egiten zuten errazago euskaraz; 2021eko datuen arabera, %38,7 dira. Azken urteotan handituz joan da ehunekoa, hala ere: igaro urteotako sendoena da.

Ezagutzan Gipuzkoako zenbait udalerritan aurrerapauso nabarmenak eman direla nabarmendu du Basurtok: «Errenterian, Irunen, Pasaian, Donostian...». Baina gero erabilerarako baldintzak «mugatuak» dituzten eremu soziolinguistikoak dira horiek, eta gaitasunean aurrera egitea aski zaila da sarri horietan hiztunentzat. «Testuinguru sozialak mugatzen ditu gaitasunaren garapena eta hizkuntza ohitura berrien ezarpena». Eta aldagai biak lotuta daude, estuki.

Lehen hizkuntzak ere izaten du eragina gaitasunean, eta horra, lehen hizkuntza euskara dutenak %34 dira egun Gipuzkoan. Portzentaje hori orain baino apalagoa ere izan da igaro urteotan, baina, atzera begira, ez da handitu: 1991n %37,4 ziren etxean euskara jaso zuten euskaldunak.

Alde horretatik, Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileak kezkarako motibotzat dauka eremu euskaldunenetan hizkuntza izaten ari den atzerakada ere, eta Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoa aztertzean gaiari propio erreparatu behar zaiola uste du. «Ingurune euskaldunenetan, baldintza soziolinguistikoak aldatzen ari dira, eta euskararen nagusitasuna kolokan jartzen ari da bertako herritarren bizimoduaren hainbat esparrutan». UEMAk azken Inkesta Soziolinguistikoa aintzat hartuta udalerri euskaldunetarako ateratako ondorioak gogora ekartzeak zentzua du, bide horretan.

Horra datu esanguratsu bat: 1991n, lehen hizkuntza euskara zutenen ehunekoa %74 zen; orain, %63 da. «Hori seinale bat da, beste batzuen artean, euskara erabat nagusi izan den herrietan nagusitasun hori ahultzen ari dela», ohartarazi du Basurtok. Udalerri euskaldunenetara begira kezkarako zioak agerikoak badira ere, euskaldunak %63-80 diren herri horietan hazkundea erakusten duten zantzuak badirela nabarmendu izan du UEMAk, eta berretsi egin du Basurtok ere aldagai baikor hori: «Euskaldunen ehunekoa handitzen ari da».

«Muturreko errealitate soziolinguistikoak, bai euskaldunenak eta bai erdaldunenak, desagertzen ari dira, eta udalerri desberdinen egoerak homogeneizatuz doaz».

ASIER BASURTO Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea

Nolanahi ere, Basurtok uste du ezin zaiola garrantzirik kendu eremu euskaldunenetan gertatzen ari den atzerakadari. «Orokorrean esan dezakegu muturreko errealitate soziolinguistikoak, bai euskaldunenak eta bai erdaldunenak, desagertzen ari direla, eta udalerri desberdinen egoerak homogeneizatuz doazela. Herri horietako batzuk ia erabat euskaraz bizi daitekeen gune bakarrak dira, eta errealitate horren galerak ondorioak izan ditzake euskararen hiztun komunitatearen osotasunarentzat».

Erabilera

Beheranzko zantzuak

2021ean jasotako datuen arabera, Gipuzkoan euskaldunen %29k esaten dute euskaraz erdaraz baino gehiago egiten dutela. Igoera bat bada hastapenetako datuekin alderatuta: orduan %21,6 ziren. Erabilera trinkoan, adin taldeka, gazteak irabazle. 16-24 urte artean, gazteen %57,7k egiten dute; 25-34 urte artekoen artean, %52k. Euskararen kaleko erabileran, gainerako herrialdeekin alderatuta, beti goitik egon da Gipuzkoa, koska bat gorago, eta azken azterketan, 2021ean, %30,6 ari ziren euskaraz. Hor ere, gazteen alde balantza. Haurrek egiten dute gehien, nabarmen: %45ek. Atzetik, gazteek: %31k.

«Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herri osoan ere», nabarmendu du Basurtok. Baina datuak xeheago aztertuta badira kezkarako zioak. «15 eta 24 urte arteko gazteen artean, euskararen kaleko erabilera jaisten ari da Gipuzkoan 2011tik. Hizkuntzak ulertzeko eta bizitzeko modua aldatzen ari den seinale da. Gazteen erabileran ikusten dugu kasu honetan, baina orokortu liteke». Kale erabilera orokorrari begira ere, beherako joera hor dago. 2011ko neurketan %32,6 zen; bi puntu apaldu da ordutik.

«Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herri osoan ere».

 ASIER BASURTOSoziolinguista Klusterreko ikertzailea

Horren gaineko azterketa ezinbestekoa dela esan du Basurtok, eta erroetara begiratu behar dela horretarako. «Azken hamar urteotako aldaketa sozial ugarik eragiten dute hizkuntzaren erabileran. Sakondu egin behar da hobeto ulertzeko, eta gazteen gizataldeari sektore bakartu gisa begiratzeko tentazioa gainditu egin behar da».

Hala ere, ezagutza handiena dutenak gazteak direla aintzat hartuta, haiek usu dituzten zailtasunei ere erreparatu behar zaiela uste du. Izan ere, euskara jakin arren, eta gainerakoek baino gehiago erabili arren, «beste adin taldeekin harremanetan daudenean» euskara erabiltzeko aukerak urritzen zaizkie sarri, eta, ondorioz, euskarazko gaitasuna «garatzeko» ere ez dute modurik izaten. Eta dakiten euskara aski ez dela sentitzen hasten dira: «Bizitzako hainbat funtzio bete ahal izateko gaitasun nahikorik ez duten euskaldunak asko dira».

Jarrera

Aldekoak nagusi

Lorpen orokor bat dela uste du Basurtok, «ahalegin kolektibo» ahaltsu baten emaitza, Euskal Herri osora begirakoa. «Herritarren jarrerak neurtzen direnean, euskararen aldekoak nagusi dira». Aldekotasun hori Gipuzkoan «are nabarmenagoa» dela esan du. Azken datuen arabera, horra; herritarren %76 daude euskara sustatzeko neurrien alde; %3,2  bakarrik kontra. 1991tik handituz joan da aldekoen ehunekoa, eta urrituz kontrakoena, gorabehera oso txikiekin.

Alor horretan zeregina badela uste du, hala ere, Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileak. «Aurrera begira jarrita, erronka litzateke grina elikatzen, transmititzen eta birsortzen jakitea». Azterketa sakona eskatzen du horrek: «Erronka horrek barnean darama herri gogoa pizteko gakoak identifikatzea eta gogo hori egitasmo eraginkor bilakatzen asmatzea». Alde horretatik, hizkuntza politikak eta herri egitasmoak «gaur egungo bizimoduetara eta mundu ikuskeretara» egokitzeko ahalegina egiteak berebiziko garrantzia duela uste du.

donostia: itzalak badira datuetan

Euskararen kaleko erabilera %10 zen Donostian neurtzen hasi zirenean, 1989an; herritarren %15 ari dira orain euskaraz, baina beherakada bat egon da 2006tik: %18 ziren orduan. Erabilera ez da homogeneoa. «Alde handiak daude auzoen egoera soziolinguistikoen artean, haien ezaugarrien eraginez: auzo horien osaera soziologikoa, funtzio sozioekonomikoak, hirigintza baldintzak...», zehaztu du Basurtok. Eta badira kezkarako zioak: «Gazteen artean, euskararen erabilera behera doa argi eta garbi 2006tik, eta hori nabarmentzen da hiriko beste joera soziolinguistikoen gainetik». Gazte helduenen artean, 25-44 urte dituztenen artean, haurrekiko harremanetan euskararako joera handiagoa dago helduen artekoetan baino. «Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea». Euskal Herriko beste toki askotan ikusten dena agerikoa da, berriz, Gipuzkoako hiriburuan ere: haurren errealitatera «estuki» lotzen da usu euskararen erabilera. Euskaldunak ia erdiak dira, %47; ia euskaldunak, %21.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.