Ekologia ekonomialaria

Aiora Zabala: «Gelako elefantea erregai fosilak dira, eta lehen aldiz onartu dute»

Erregai fosilak aipatu izana esanguratsua iruditu zaio Zabalari, eta historikoa ere bai hein batean, besteak beste Saudi Arabiak onartu egin baitu trantsizioa energia horietatik at egiteko beharra. Beste kontu bat izango da erabakiak gauzatzea.

AIORA ZABALA
MASAKI NOGUCHI
inaki petxarroman
2023ko abenduaren 14a
14:00
Entzun

Arretaz erreparatu dio Aiora Zabala Cambridgeko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak klima aldaketari buruzko COP28 goi bilerari. Azkenera arte pasatutakoak pasatuta, uste du lortutako akordioak kontu esanguratsuak dituela, baina kezka du adostutakoak behar bezala gauzatuko ote diren.

Erregai fosiletatik kanpoko trantsizioa egitea erabaki dute COP28an... Historikotzat jo dute hainbatek. Hala iruditzen zaizu?

Zaila da jakitea. Egia da lehen aldiz aipatu dituztela erregai fosilak COPeko agiri batean. Orain arte, ez zen halakorik gertatu, ezta Parisko Akordioan ere. Beti ari ziren berotegi gasen isurketei buruz, baina gelako elefantea erregai fosilak dira, eta hori ez zuten inoiz onartua. Iaz hasi ziren horretaz hitz egiten, ikatzari buruz, eta Indiak gogor egin zuen horren aurka. Aurten zalantza zen zer subjektu sartuko zuten agirian, ikatza edo erregai fosilak. Eta horrez gain, duda zen nola kalifikatuko zuten subjektua. Alegia, unabated moduan (isuriak murrizten dituena, ingelesez), edo ez. Eta aitortu behar da azkenean subjektu anbiziotsuena hartu dutela: erregai fosilak, beste kalifikatzailerik gabe. Historikoa da besteak beste Saudia Arabiak hori onartu izana.

Saudi Arabiak ohar bat egin du, baina: herrialde bakoitzak erabakiko duela akordioaren mami hori aurrera nola eraman. Hau da, praktikan jartzea izango da, berriro, funtsezkoena.

Asmo deklarazioak dira akordio hauek, hau da, norabidea erakusten dute. Baina, gero, beste kontu bat da herrialde bakoitzak nola gauzatzen dituen asmo horiek. Salto handia izaten da adierazpenetik inplementaziora. Ez da kontu berria, eta gero, gainera, bakoitzak beti dauka aukera erantzukizuna besteren bati egozteko.

Ikatzari dagokionez, haren erabilera azkar gutxitzeko eskatu dute, baina salbuetsi egin dituzte haren isuriak murrizteko aukera duten instalazioak, unabated deiturikoak?

Ikatzari buruz diote kontsumoa jaitsi behar dela, baina bakarrik isuriak kentzeko aukerarik ez duten ikatz instalazioetan. Hor ikusten da petrolioaren munduak narrazio ahalmen handia eta boteretsua duela. Narratiba horiek itxaropen handia jartzen dute karbono isuriak xurgatzeko teknologietan. Teknobaikortasun handia dute, beraz, zeren uste dute teknologiaren bidez erregai fosilak erretzen jarraitu dezakegula, baldin eta isuriak xurgatzeko modua baldin badago. Saudi Arabiak lortu du teknologia horiei buruzko aipuak sartzea akordioan, petrolio industriaren narratibarekin bat datorrelako. Baina IPCCk dio teknologia horiek oso ahalmen mugatua dutela isuriak apaltzeko. Hau da, adarbakar batean itxaropena izatea bezalako zerbait da.

Gasa ere trantsizio erregai moduan babestu dute.

Zientzialarien ikuspegitik ezkortzat jo beharko genukeen puntuetako bat da hori, eta aurreko galderan aipatu dugun narratiba horren beraren beste adierazle bat da. Euren ekonomia petrolioan oinarritu duten herrialde horiek trantsizio graduala nahi dute, berriztagarrietara pasatzea oso aldaketa handia litzatekeelako. Horregatik ari dira pentsatzen nola baliatu dauzkaten azpiegiturak, eta horren parte dira irtenbide horiek.

Eta hidrogenoa?

Hidrogenoa oso berdea izan daiteke berriztagarrietatik baldin badator. Baina erregai bat denez gero, haren oinarrizko teknologiak badu antzik eurek erabiltzen dutenarekin, eta, beraz, ez zaie horren trantsizio handia iruditzen. Daukaten ezagutza eta teknologia horretara bideratzeko modu erraza ikusten dute, eta irtenbide ontzat hartzen dute.

Berriztagarrien ahalmena orain halako hiru izateko xedea proposatu dute. Hori bada neurri anbiziotsua, ezta?

Negoziazioen hasieratik zegoen proposamen hori tartean, eta oso positiboa da energia eraginkortasuna bi halakotzea ere sartu izana. Berriztagarrietara itzulita, badakigu badirela errebote efektuak: hau da, haien ahalmena asko handitu arren, energia kontsumoa ere asko handitzen ari da, eta, beraz, erregai fosilen mendekotasuna ez da zertan gutxitu. Hau da, kontua da nola deslotu erregai fosilak eta berriztagarriak.

Mendearen erdirako energia nuklearraren potentzia orain halako bi izatea jarri dute helburu gisa.

Zero isurketako teknologiak aipatzen dituzte, nuklearra tartean. Batzuentzat, klima larrialdia arrisku nuklearra baino arrisku handiagoa da, eta eztabaida mahai gainean dago. Beste batzuek ez dugu arazo bat beste bat sortuz konpontzerik nahi. Ingurumen alorreko politikarien, eragileen eta ikertzaileen artean ez dago behar besteko adostasuna gai horren inguruan. Badut itxaropena, hala ere: nuklearrak ekonomikoki ez du zentzurik; beraz, espero dut erortzea, eta zerrendan dauden beste kontuei lehentasuna ematea: berriztagarriak, eraginkortasuna, xurgatzea eta bilketa...

«Energia berriztagarrien inguruan errebote efektua aipatuko nuke: goraka ari dira, baina gure kontsumoa ere bai.  Beraz, inbertsioak handitu baina kontsumo eta ekoizpen sistema moldatu ezean, antzera jarraituko dugu»

Naturaren bidez xurgatzeko modu bat da deforestazioa geratzea, eta horrek ere badu lekua akordioan.

Xurgatze teknologiak oso garestiak dira, ez dira oso eraginkorrak oraindik, baina badira naturan oinarritutako irtenbideak, eta karbono gordetzaile bikainak dira: basoak, lurrak, zohikaztegiak...

2030erako metano isuriak nabarmen murrizteko deia ere egin dute. Baina ez dute neurri zehatzik aipatu.

Kontua da metanoari buruzko akordioak beste negoziazio batzuetan ere lantzen ari direla, eta, beraz, ez zuen horrenbesteko garrantzirik negoziazio hauetan.

Kontakizunaren aldetik, ikusten da indartzen ari dela klima krisiari aurre egiteko neurrien kontakizuna, baina, praktikan, gauzak ez dira hein berean aldatu. Isuriak goraka ari dira oraindik ere.

Inplementazioari lotutako hutsunea da. Gauza bat da adierazpen bat egitea, eta bestea martxan jartzea, zeren horretarako ere finantzaketa behar izaten da. Horri dagokionez, aipagarria da aurrerapenen bat egon dela orain, nahikoa ez bada ere. Eta berriz ere errebote efektua aipatuko nuke: berriztagarriak goraka ari dira, baina gure kontsumoa ere bai.  Beraz, inbertsioak handitu baina kontsumo eta ekoizpen sistema moldatu ezean, antzera jarraituko dugu.

Eta hori lotuta dago justizia klimatikoaren eztabaidarekin. Alegia, nork murriztu behar ditu isuriak?

Bai, gaur egun, isuriak Txinan eta Indian hazten ari dira gehienbat. Baina haien per capita isuriak txikiagoak dira, eta are gehiago historiari erreparatuz gero. Mendebaldeko herrialdeek erakutsi beharko dute bizi maila ona eduki daitekeela hainbeste isuri gabe, besteek eredu horri jarraitu ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.