Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako botoen kontaketa amaituta, mahai gainean daude datorren parlamentuari begirako lehen ondorioak. Hona bost gako:
1. EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa. Azken legealdian elkarrekin aritu dira Eusko Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE —akordioak dituzte aldundietan eta udal batzuetan ere—, baina ez dute gehiengo osorik izan legebiltzarrean, gutxigatik: 38 eserlekuan dago gehiengoa, eta 37 zeuzkaten. Datorren legealdian, ordea, gehiengoa izango dute: 41 ordezkari. Igoera horren oinarrian jeltzaleen igoera dago —31 ordezkari lortu dituzte, aurrekoan baino hiru gehiago, eta bakarrik aurkeztuta 1984az geroztik izan duten eserleku kopururik handiena—. PSE-EEk ez du igoera adierazgarririk izan: hamar ordezkari lortu ditu, 2016an baino bat gehiago, eta 2012az atzerako bozetan baino gutxiago.
2. EAJk eta EH Bilduk, hirutik bi baino gehiago. Gobernu akordiorako zirrikiturik apenas dago, baina aintzat hartzekoa da bozetako bi garaile nagusiek zenbateko presentzia hartuko duten legebiltzarrean: 75 ordezkarietatik 53 izango dituzte EAJk eta EH Bilduk. Alegia, hiru legebiltzarkidetik bi baino gehiago. 2016an 46 ordezkari zituzten: hiruna irabazi dituzte.
3. Ezkerreko blokea: gehiengoa, ozta-ozta. Elkarrekin Podemosek ardatz gisa hartu du bozetako kanpainan: EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren artean egitea akordioa, aintzat hartuta ezkerreko talde horiek gehiengoa luketela. Gutxigatik, baina izango lukete gehiengoa: 38 eserleku dituzte. Dena dela, proposamenak ez du harrera berorik izan beste taldeei dagokienez. Elkarrekin Podemosek berak atzera egin du, ordezkarien erdiak galduta: 11 izan ditu orain arte, eta sei izango ditu orain.
4. Vox, bai; Equo, ez. Espainiako alderdi ultraeskuindarra Eusko Legebiltzarrean izango da, Araban ordezkari bat lortuta. Legebiltzarreko gehiengoak ikusita, hala ere, benetako eragin ahalmen mugatua izango du, ikusgaitasunaz harago. Equo ezkerreko alderdiak, berriz, ez du lortu ordezkaririk: aurreko bozetan Elkarrekin Podemosekin batera aurkeztu zen Equo, eta parlamentuan izan da haren zerrendaburua, Jose Ramon Becerra. Botoen %1 bildu du hautagai zen herrialdean, Bizkaian.
5. PP-Ciudadanos koalizioa, arrakastarik gabe. Koalizio berri bat izan da hauteskundeetan: PPk eta Ciudadanosek osatua. Aldiz aldi indarra galtzen ari zen PP —2001ean hemeretzi aulki lortu zituen, eta harrezkero atzera ari da: 2016an, bederatzi atera zituen—, eta Ciudadanosek ez zuen ordezkaritzarik lortu azken bozetan. Elkarrekin aurkeztu dira orain, Carlos Iturgaiz buru dutela, baina ez dute lortu aurrerapausorik: bost kide izango dituzte legebiltzarrean, orain arte baino lau gutxiago.