Larraitz Ugarte. EH Bilduko Estatugintza idazkaria

«Gehiengoak euskal estatuaren ideia bere egitea posible da»

EH Bilduk 'Euskal estatuaren bidean: erronkak eta aukerak' izeneko jardunaldiak egingo ditu Bilbon gaur eta bihar; euskal estatua «helburu lorgarria» dela ikusarazi nahi dute, Ugartek dioenez.

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Bilbon Euskal estatuaren bidean: erronkak eta aukerak jardunaldiak, EH Bilduk antolatuak. Euskal Herriak estatu bilakatzeko zer oztopo gainditu beharko lukeen eta nolako aukerak aurkezten zaizkion aztertuko dituzte hainbat adituk gaur eta bihar. Koalizioaren Estatugintza idazkari Larraitz Ugarteren ustez (Oñati, Gipuzkoa, 1972), euskal estatua, «desiragarria» ez ezik, helburu lorgarria ere bada.

Zer helburu dute jardunaldi hauek?

Oraintxe bertan, Ciudadanosen mehatxua baliatuta, autonomismoa saiatzen ari da Gernikako estatutua, kontzertua eta [Nafarroako] itun ekonomikoa balioesten: tresna garrantzitsuak direla, Europan parekorik ez duen autogobernua dugula, eta abar. Diskurtso hori areagotu egin da azken bolada honetan. EH Bildun horren inguruko kezka piztu da, batik bat ikusita Eusko Legebiltzarrean ere estatus berriaren inguruko eztabaida dagoela.

Horregatik, zera pentsatu genuen: eguneroko errealitateari erantzuteaz gain, gizartean lan pedagogikoa egin behar genuela, eta azaldu zergatik egiten dugun estatuaren aldeko apustua, bai eta posible dela estatu libre batean gaur baino hobeto bizitzea.

Batzuek esaten dute ez duela zentzurik XXI. mendean estatua eraiki nahi izateak, estatu guztiak boterearen zati bat estatuen gaineko egituren esku uzten ari diren honetan.

Ez dugu ezagutzen estatu izateari uko egin dion estaturik. Alderantziz: estatu berriak sortzen ari dira aldiro-aldiro, eta estaturik gabeko nazioak horren bila ari dira. Egia da gaur egun botere guztia ez dagoela estatuaren esku, baina estatu bat edukitzeak ematen ditu subiranotasun tresna gorenak. Autogestio eta autoerregulazio mekanismo gorena estatu libre independentea da. Estatu librea izatea ezinbestekoa da erabaki ahal izateko zure ahalmen hori partekatu nahi duzun Europarekin edo sor litezkeen beste entitate batzuekin.

Estatuaren beharraz arituko zarete jardunaldietan, baina aukerez ere bai. Aukera errealak ikusten dituzue Euskal Herriak estatua eraikitzeko?

Aukera errealak daude estatu bat eraikitzeko, herri honen gehiengoak hala nahiko balu. Botere guneetatik eta Espainiako eta Frantziako hedabideetatik behin eta berriro saiatzen dira sinetsarazten helburu hori ez dela lorgarria. Jendeari azaldu behar diogun lehenengo gauza da estatuak jaio egiten direla, jaiotzen ari direla estatu berriak etengabe, eta gure kasuan ere aukerak daudela, Katalunian eta Eskozian badauden moduan.

Estatugintzaz ari zaretela, ekonomia eta azpiegiturak ere izango dituzue aztergai. Zergatik?

Gaiak ez ditugu kasualitatez aukeratu. Estatugintzak baditu hainbat zutabe, eta horietako batzuetan diskurtso independentista indartsuagoa da, hizkuntzan, esaterako. Baina ustedugu beste zutabe batzuetan txertatu egin behar dela diskurtso independentista, egiten den diskurtsoa ez baitago estatu bat sortzeari begira. Azpiegiturak, esaterako, ingurumenaren ikuspegitik lantzen dira, edo ekonomiatik, edo errentagarritasun sozialaren ikuspegitik, baina ez estatu baten beharrizanenetik. Guk ikuspegi hori eman nahi izan diogu.

Eta ekonomia?

Horrekin, kontzertu ekonomikoaren ustezko dohainen mito hori desmuntatu nahi izan dugu. Zerga sistemaren arloan, ezkerreko eskaintza independentista egin nahi dugu. Berdin gertatzen da feminismoarekin: azken bolada honetan feminismoaren goraldi handia egon da, baina askotan horren parametroak Espainiako Estatuarenak dira, eta, hain zuzen, parekidetasuna lortzeko bermeak estatu batek dituen eskumenetatik datoz.

Nazioarteko egoera ere aztertuko duzue jardunaldietan.

Saioetako bat da Europako Batasunaren argi-ilunak deitu duguna. Jakitun gara ez gaudela soilik Espainiaren eta Frantziaren menpe, Europako Batasunean gaudela, eta horrek muga batzuk ekartzen dizkigula, baina aukerak ere bai. Horretaz gogoeta egin nahi dugu.

Estatuaren aldeko hautua alderdi politiko zehatz batena da, edo herri gisa egin beharreko apustua?

Hori agerian utzi nahi izan dugu jardunaldi hauetan: ez dira EH Bilduko barne kontsumorako jardunaldi batzuk, baizik eta aukera paregabea estatuaren hautua planteatzen duen edozeinentzat jakiteko estatuaren gaia nola lantzen ari den akademian, ekonomian, politikan eta abarretan. Gonbidatuetako askok ez dute inolako loturarik EH Bildurekin. Ideologikoki ere, aldeak daude EH Bilduk defendatzen duenarekin: adibidez, gonbidatuetako bat Sjudur Skaale diputatua da, Faroe uharteen prozesua azalduko duena, baina Faroe uharteetan egiten den planteamendua ez da sezesionista; Flandriatik etorriko dena, Bart Maddens, liberala da, ez ezkertiarra, baina pentsatu dugu ikuspegi horien berri ere izatea interesgarria dela.

Zergatik?

Uste dugu inportantea dela garapen ideologikoa ez egitea aurreiritzietatik edo guk ditugun iritzietatik, eta beste ekarpen eta ikuspegi batzuekin osatu behar dugula, benetan pentsatzen dugulako posible dela Euskal Herrian gehiengo handi batek bere egitea euskal estatuaren ideia, EH Bilduz harago. Helburua da euskal estatuaren ideia desiragarri eta erakargarri bihurtzea herritar gehienentzat. Herritar batzuk independentismora iritsi dira bide batzuetatik, baina bide gehiago egon daitezke, Katalunian ikusi den bezala. Batzuk abertzaletasunetik iritsi dira, baina beste batzuk planteamendu ekonomikoetatik edo Espainiako Estatuan konfiantza galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.