Euskal Herriko gehiengo sindikalak bat egin du Sare Herritarrarekin, eta urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkartu dira ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuetako ordezkariak, «gure herriak urtetan bizi izan duen gatazkaren ondorioen konponbideak duen garrantzia mahai gainean jartzeko».
Sindikatuek adierazi dute euskal presoen etxeratze prozesuan urrats garrantzitsuak egin direla azken urteetan, baina uste dute «korapilo handiak» falta direla askatzeko oraindik ere: «Espetxean eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea beharrezkoa da iraganera iltzatzen gaituzten korronteei amaiera eman eta behin betiko elkarbizitzari begira jartzeko». Horretarako, euren alea jartzeko prest daude; besteak beste, urtarrilaren 11n Behin betiko lelopean egingo den manifestazioa babestea, bakea, konponbidea eta elkarbizitza helburu.
Izan ere, gogoratu dute egun badirela euskal presoei aplikatzen dizkieten zenbait salbuespen politika; esaterako, 7/2003 lege organikoa, gehienezko espetxealdia 40 urtean ezartzen duena. Oraintsu arte, 7/2014 lege organikoa ere horietako bat zen, baina Espainiako Kongresuak hura moldatu zuen urrian, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzeko. Hain zuzen, hura «albiste pozgarritzat» jo dute sindikatuek.
Euskal gatazka armatuaren bestelako ondorioei ere erreparatu die gehiengo sindikalak. Hala, azaldu dute indarkeria mota ezberdinen biktimek egia eta aitortza behar dituztela.
Sare Herritarrak irailean eman zuen urtarrilaren 11rako deialdiaren berri, behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskuratzeko garaia dela adieraziz: «Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegabekeriazko egoerak ere gainditzeko». Bitarte horretan, hainbat norbanako eta eragileren babesa ere eskuratu du; besteak beste, aste honetan gazte talde batekin egin dute agerraldia. Horiek xede dute eurena izatea «ondorio hauek pairatu beharko dituen azken belaunaldia».