Berriro sorpresarik gabe joan dira udal hauteskundeak Bilbon: inkesta gehienek iragarri bezala, zinegotzi bakarra faltako zaio EAJri gehiengo osoa izateko: 14 hautetsi ditu. Orain arte baino bat gehiago izango du agintaldi berrian. Izan ere, 8.000 boto gehiago erakarri ditu. Hala, Juan Mari Aburtok ez du arazorik izango Bizkaiko hiriburuko alkatetzan jarraitzeko.
Azken lau urteotan gobernukide izan duen alderdiak ere, PSE-EEk, gora egin du, eta bigarren indar bihurtu da, EH Bilduri toki hori kenduta. Izan ere, bost zinegotzi eskuratu ditu Alfonso Gil jarduneko alkateordearen alderdiak, hautetsi bat gehiago duela. Hirugarren geratu ziren duela lau urte, eta orain EH Bildu dago toki horretan, zinegotzi kopuruari eutsita: lau eskuratu ditu Jone Goirizelaiaren zerrendak.
Ahal Dugu-ren inguruko hautagaitzek behera egin dute. Duela lau urte zerrenda bi aurkeztu zituzten, koalizioa osatzeko orduan izandako desadostasunengatik: bina zinegotzi lortu zituzten Udalberrik eta Goazenek. Aurten, Udalberriren ordez Elkarrekin Podemos aurkeztu da, eta hiru zinegotzi lortu ditu; Goazenek biak galdu ditu. Urte luzez bigarren indar izandako PP azken lekura joan da oraingoan, zinegotzi bat galduta: hiru hautetsi lortu ditu.
Udal eta foru hauteskundeak. Bilboko udala
Gehiengo osorako bakarraren faltan geratu da EAJ Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu