Joan den astean egin behar zioten elkarrizketa EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusi Unai Rementeriari (Mundaka, Bizkaia, 1973), baina hautagaiaren umea gaixo paratu, eta bertan behera gelditu zen. Bermeon mitina eginbehar zuela baliatuta, Busturialdeko Hitza-k herri horretan duen egoitzan erantzun zien herenegun BERRIAren galderei.
Zelan jakin zenuen EAJk zu proposatuko zintuela Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko?
Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak deitu zidan, eta esan zidan hautaketa prozesuan nire izena proposatzea pentsatu zutela, eta neuk ere pentsatzeko. Asteburu luze bat eduki nuen oldozteko. Jakina, horrelako albiste baten aurrean ezustekoa sortzen zaizu, baina egia da aldundian nengoela, lehendakaritzako diputatua nintzela, bozeramailea ere bai, eta, beraz, naturaltasun bat badago erabaki horretan. Nire izendapena herrietako batzar guztietan aho batez onartu izana ere pozgarria izan zitzaidan.
Herrialde guztietan lehia estua egongo dela aurreikusten da, baina Bizkaian badirudi gauzak argiago daudela. Lasaitasuna ala kezka eragiten dizu horrek?
Hauteskunde programa bat dugu, zentzuduna, asko aztertu duguna, 350 ekintza zehatz eta hamar proiektu estrategikorekin. Horrek lagundu beharko liguke jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzen. Baina horiek guztiak abian jartzeko gehiengo baten bermea behar dugu; bestela, gerta daitekeelako neurri batzuk hartu ezinik ibiltzea. Horregatik, nik jendeari eskatzen diot ilusioz emateko botoa, programa hori aurrera ateratzeko modua izan dezagun.
«Zikin jokatzea» leporatu dio zure alderdikide Andoni Ortuzarrek EH Bilduri, ustezko ustelkerien eta irregulartasunen inguruko salaketak direla eta. Benetan pentsatzen duzue salaketa horiek guztiak oinarririk gabekoak direla?
Nik hasieratik esan nuen nire politika egiteko modua 0,0 izango zela: zero irain eta zero joko zikin. Beraz, ni horretan arituko naiz, kanpainan ez ezik, ostean ere. Ortuzarrek esandakoa hor dago. Nik diodana da 0,0 politika horri eutsiko diodala; gainerako hautagaiei galdetu nien ea berdin egiteko prest ote zeuden, eta, oraingoz,ez dut erantzunik jaso.
Baina epaitegi batek frogatutzat emango balu auzi horietako batean irregulartasunak egon direla, eta irregulartasun horien erantzuleak zure lantaldean egongo balira, zuk nola erantzungo zenuke?
Epaitegietan dagoena epaitegiek erabaki behar dute.Baina lehenagotik esan dut, eta berriro diot: ikerketa bat irekitzen bada, eta ikerketa horren ondorioz arduradunen bat epaitegiaren aurrean akusatuta izango balitz, pertsona horrek une horretan bertan utzi beharko luke ardura hori.
Aurrekoan iragarri zenuen PCB enpresak lantegi berria eraiki behar duela Sestaon. Proiektu hori tinkoa da?
Enpresak berak hartutako erabakia da. Aldundiak eta Sestaoko Udalak aspalditik landutako kontu bat da, eta beraiek esan dute hogei milioi euroko inbertsioa egingo dutela 2017 urtera arte, eta zuzenean 200 lanpostu sortuko direla. Proiektua zehaztuta daukate, bai eta zelako lanpostu motak sortuko dituzten ere.
Hegoaldeko Saihesbideko eta BECeko zorrak krisi ekonomikoaren ondorio dira, edo kalkulu akatsen bat egon da?
Norberak etxea erosteko hipoteka egiten du, baina horrek ez du esan nahi etxea zalantzan dagoenik: zor bat duzu, baina apurka-apurka ordaintzen duzu. Hegoaldeko Saihesbidearekin hori gertatzen da. Ez da hamar urterako proiektua, bizi osorakoa baizik. Zor baten bitartez eraiki da, zati batean behintzat, baina begirale guztiek esaten dute zor hori ordaintzeko arazorik ez dagoela aldundiaren finantza egoera ona delako. Egia da krisiaren ondorioz ibilgailu gutxiago ibili direla aspaldi honetan, baina hori Hegoaldeko Saihesbidean eta Europako errepide guztietan gertatu da.
Eta BEC?
Beste horrenbeste. Erakustazokak urtero 80 milioi euroko itzulketa ekartzen du bere jarduera ekonomikoaren ondorioz. BECik egongo ez balitz, itzulketa hori ere ez litzateke egongo.
Gasteizko herri harresia zela-eta joan den asteleheneko irudiak ikusi zenituenean, zer pentsatu zenuen?
Nik uste dut Bizkaian norbaitek arduratu behar duela proiektuez eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko proposamenak mahai gainean jartzeaz, beste batzuk beste gauza batzuetan dabiltzalako.
Euskara sustatzeari dagokionez, zer proposatzen duzue?
Euskara euskaldunon ondare nagusia da, eta jakin behar dugu zaintzen eta, batez ere, erabiltzen. Aldundi guztietatik, Bizkaikoak jartzen du diru gehien euskara sustatzeko. Baina ez da soilik dirua; hor, sentsibilitate bat ere nabaritu behar da.
Zure ustez, euskarazko prentsa sustatzea estrategikoa da euskara berreskuratzeko?
Nik uste dut euskarazko produktu guztiek behar dutela lehentasun hori, eta guk horrela jokatzen dugu, esaterako, Kultura Sailak Gabonetan ateratzen dituen kultura bonuetan.
Normalean, hautagaioi ez zaizue gustatzen hauteskundeen osteko itunez berba egitea, baina horretaz galdetu behar dizut.
Benetan diotsut: oso zail egiten zait burua hauteskundeen osteko egoeran jartzea, eta ez da topikoa. Hauteskunde eguna igaro barik, eta egun horretan zer gertatzen den jakin barik, oso zail egiten zait ezer aurreratzea.
Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia. Unai Rementeria. EAJren Bizkaiko zerrendaburua
«Gehiengo baten bermea behar dugu gure asmoetarako»
EAJren ahaldungai nagusiak lehentasuna eman nahi dio programari, jarduera ekonomikoa sustatzeari eta lanpostuak sortzeari; horretarako, botoa «ilusioz» emateko eskatzen die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu