«Gehiegizkoak» direlakoan, Zubietako plantako zorraren interesik ez dute ordainduko

Maileguko dirua erabili ez arren, 300.000 euro ordaindu ditu hilabetero GHK-k, zorra estaltzeko produktu baten eraginez

Garikoitz Goikoetxea.
Hernani
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Zubietako errauste planta egiteko bankuekin sinatutako itunean «gehiegikeriak» daudelakoan, interesak ordaintzeari uztea adostu du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkarteak. Juan Karlos Alduntzin presidenteak azaldu du produktu espekulatzaileak sartu zituztela akordioan; mailegua estaltzea zen horien egitekoa, baina dirua galtzeko bide dira, haren arabera. Nahiz maileguko dirua ez den erabiltzen ari, zorra estaltzeko hartutako produktuaren interesak pagatzen ari da GHK: denera 94 milioi euro dira; hilean, 300.000 euro. Ez pagatzea erabaki du partzuergoak, eta aztertzen ari da bankuak auzitegira eramatea.

2011koak dira akordioak, Carlos Ormazabal zuzendari zen garaikoak. Bi bidetatik lortu zuen dirua Zubietako errauste planta eraikitzeko: Europako Inbertsio Bankutik, 195 milioi euro; eta banku pribatuetatik —La Caixatik eta Banestotik—, 67,5 milioi euro.

Kontua da mailegu hori estaltzeko swap direlako produktuak saldu zizkiotela bi banku pribatu horiek GHKri. Alduntzinek salatu du produktu horiek erosita azpikeriaz jardun zuela Ormazabalek: «Errauste plantaren proiektua atzerabueltarik gabeko bihurtu nahi zuen». Alduntzinen arabera, inbertsioak egiteko egutegi gisako bat taxutu zuen orduko zuzendaritzak, eta hitzeman zuen GHK horren arabera joango zela ordaintzen maileguaren interesak. Hots, partzuergoak bankuekin zehaztu zuen maileguan jasotako dirua noiz erabiliko zuen eta zorra estaltzeko hartutako produktua pagatzen nola joango zen.

Orain aldatu egin da nolabaiteko egutegi hori, behin-behinean etenda baitaude errauste plantako obrak. Horrenbestez, ez dira ari maileguko dirua gastatzen. Hala ere, ordea, zor hori estaltzeko hartutako produktuagatik dirutza ari zen ordaintzen GHK: itunaren arabera, 94 milioi ditu ordaindu beharrekoak. Nahiz eta mailegua ez erabili. «Hipotesi baten gainean egindako kontratua zen, eta errauste planta egin edo ez egin, berdin ordaindu beharko zela ezarri zuten», salatu du Alduntzinek. «Erabili gabe dagoen diru baten truke ari gara ordaintzen hilean-hilean 300.000 euro».

Salaketa bankuen kontra

Egoera «zentzugabea» zelako eta hilero dirutza handia ordaintzen ari zelako, bankuei ez ordaintzeari uztea erabaki zuen GHK-k azaroan. Udan hasi ziren bankuekin hizketan; esan zieten ez zela egokia kobratzen jarraitzea. «Baina ez zutenez erantzun, pausoa ematea erabaki genuen». Partzuergoko presidenteak behin eta berriro nabarmendu du swap direlakoak «produktu espekulatzaileak» direla, eta horrek sortu duela egungo egoera. «Inbertsio aurreikuspenei atxikitako produktu bat baita, ez erabilitako inbertsioari, benetan exekutatutakoari lotua».

Bankuen aurrean ekimena hartzen jarraitzeko asmoa du partzuergoak. Atzera egiten ez badute, interesak kobratzeari uzten ez badiote eta jada jasotakoa itzultzen ez badute, auzitara joko du La Caixaren eta Banestoren kontra. Orobat, aztertzen ari da Price Waterhouse etxearen aurka jotzea ere; akordioa sinatu zutenean GHKren aholkulari zen. Nabarmendu du zorra estaltzeko produktuak ez diola eragiten Zubietarako lortutako maileguari.

GHK-ko zuzendaritza ohiaren aurka ere jo du Alduntzinek. Salatu du jarrera «onartezina eta arduragabea» izan zutela kontratu horiek sinatuta. Areago, nabarmendu du bozak baino bost egun lehenago izenpetu zituela. 50 milioiko galera sortzeko arriskua sortzea egotzi dio. Gaur-gaurkoz etenda daude Zubietako lanak, baina jada eginda daude bideak eta lur mugimenduak. Udalen diruaz gain, maileguko 9,7 milioi gastatu zituzten lan horietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.