Inork ez ditu argi mugak; non hasi eta non bukatzen diren batzuen eta besteen eskubideak. Kaleko protestekin lotura zuzena duten lege berriak indarrean sartu direla sei hilabete igaro ondoren, «gutxi» nabari dute horien aplikazioa gizarte mugimenduetako kideek, epaileek eta poliziek. Baina «babesgabe» sentitzen dira denak.
Denbora honetan, desobedientziarena izan da batzuen eta besteen artean kalean tirabira gehien sortu duen «delitu berria». Poliziaren arabera, araudiak ez ditu desobedientziaren mugak zehazten. Zer den eta zer ez den, beraiek erabaki behar izaten dute; eta isunak jarri, ez, edota atxilotu. Horretan dute zalantza gehien. «Legez kanpoko atxiloketa bat eginez gero zigor gogorrak jaso ditzakegulako», adierazi dio BERRIAri Jose Luis Moreno Ertzaintzako Erne sindikatuko antolakuntza idazkariak.
«Babesgabetasun» hori —baina beste era batekoa— sentitzen dute gizarte mugimenduetan eta kaleko protestetan dabiltzanek ere. «Espainiako botere politikoari beti interesatu zaio berak delitutzat jotzen dituen ekintza batzuek, eta desobedientziarenek bereziki, juridikoki zehaztasun handirik ez izatea. Lege hauetan zehaztu gabeko kontzeptu juridiko asko daude, eta horrek segurtasunik eza sortzen du, eta gehiegikeriak ahalbidetu ditzake polizien aldetik», azaldu dio kazeta honi Iñaki Carrok, Herritarren Kriminalizazioaren Kontrako Plataformako kide eta, besteak beste, Bilboko Kukutza gaztetxearen hustean izandako istiluetan abokatu lanetan aritutakoak.
Harekin batera mintzatu da Juan Kalparsoro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskalburua. Azkenaldian, desobedientzia delituekin loturiko salaketen ugaritzea nabaritu du hark. «Euskadin beti izan dugu desobedientzia kasuen kopuru handi bat, baina, legedi berria indarrean sartu denetik, gora egin dute horrekin loturiko salaketek eta atestatuek». Horrez gain, «kualitatiboki» ere sumatu ditu aldaketak fiskalburuak. «Zenbait kasutan, poliziak urrunegi joaten dira gertaera zehatzaren balorazioa egiterakoan, eta horrek sortu ditu tentsio egoerak, kalean eta baita polizien eta epaileen artean ere».
Kalparsorok, dena den, nabarmendu du oraindik goiz dela balorazio zehatz bat egiteko; uste du denbora gehiago behar dela legedia berriaren aplikazioa nolakoa izaten ari den zehazteko. Kezkatuta azaldu da, halere. «Aldaketa batzuk nabaritzen hasiak gara, eta uste dugu denborarekin egonkortu daitezkeela. Antzematen ari gara zigor zuzenbidearen edo zigor neurrien larriagotze bat; bereziki, gizarte sektore ahulenen eta protesta mugimenduen aurka. Asko kezkatzen nau horrek», azpimarratu du.
Carrorentzat ere egoera ez da asko aldatu, baina «adi» egoteko arrazoiak badaudela uste du hark ere. Ohartarazi du «botere politikoek» tresna gehiago dituztela orain «errepresiorako eta kriminalizaziorako», eta «nahi edo behar duenean» erabiliko dituela, «orain arte lasai dabilen arren». «Sei hilabete hauetan ez dut aldaketa handirik nabaritu. Edo poliziek berek ez dituztelako erabili nahi izan, edo haien buruzagien aldetik ez erabiltzeko agindua jaso dutelako».
Gizarte mugimendu askoren iritzian, haiek jo puntuan jartzeko, euren lana oztopatzeko sortu zuen Espainiako Gobernuak Herritarren Segurtasunerako Legea (Mozal legea) eta egin zituen aldaketak Zigor Kodean eta Prozedura Kriminalerako Legean. Carrok gogoratu du, halaber, «beste neurri errepresibo batzuk» ere badaudela «kaleko protesten aurka» egiteko; «udal ordenantza batzuk, esaterako», zeinetan, zenbait kasutan, legedi berrian baino zigor «gogorragoak» jasotzen diren.
Arau berriak, aldiz, «marketin kanpaina» baten barruan kokatu ditu abokatuak. «Katalogo errepresibo bat da Rajoyren gobernuak onartutakoa, eta hainbat faktoreren arabera erabiliko da, erabiltzen bada: politikarien eskuetan edota indar korrelazioen arabera, kaleko giroaren arabera...». Izan ere, abokatuaren ustez, arau berrien helburu nagusia da disuasioa eta ez bereziki errepresioa. «Une jakin batean egin zuten hau guztia. 'Ez zaitez kalera atera protesta egitera'. Mezu hori zabaldu nahi zuten, eta esan daiteke lortu dutela, hein batean».
Nolanahi den, Espainiako Gobernuak emandako datuetan oinarrituta, Carrok dio lege berriekin jarritako isunen edota zabaldutako prozedura judizialen %90 inguruk,«lehen bezala», zerikusia dutela droga trafikoarekin, eta, aldiz, «oso gutxi» direla kaleko mobilizazioarekin loturikoak. «Ez da aldaketa handirik egon errepresio mailan. Baina horrek ez du esan nahi etorkizunean izango ez denik», azpimarratu du. «Horregatik dira garrantzitsuak lege hauek indargabetzeko mobilizazioak eta horien aurrean nola jokatu jakitea». Xede horrekin, hain zuzen, gida bat egin du Carro kide duen Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Mugimenduak. «Guk nahi dugu herritarrek argi izatea zein eskubide dituzten eta polizien gehiegikerien aurrean nola joka dezaketen».
«Askotariko» zailtasunak
Carroren ustetan, halere, orain artekoak agerian uzten du legedia indarrean sartzeko zailtasun «asko» topatu dituztela administrazioek, «baita legalak ere». «Zenbait politikariren eta polizien zalantzez gain, neurri hauen legezkotasuna ezbaian jartzen dute epaile askok, eta hori gertatzen da, bereziki, araudiok Europako parametro demokratikoetan kabidarik ez dutelako. Lege hauen aurka helegiteak jarri dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Europako Giza Eskubideen Auzitegian... Lege hauen etorkizuna ezbaian dago».
Antzera pentsatzen du Kalparsorok. Are gehiago: fiskalburuak uste du ez zela beharrezkoa legedi berria egitea. «Segurtasun maila handiko estatu batean bizi gara, eta Euskadin bereziki delinkuentzia indize txikiak ditugu. Hortaz, ez dut uste zigor zuzenbidea indartzea denik bidea». Hark ere etorkizun laburra ikusten die neurrioi. «Horietako asko bertan behera gera daitezke, jarritako helegiteengatik edota Madrilen gobernua aldatzen bada».
Arau berriak direla-eta, orain, besteak beste, hainbat ekimen—manifestazioa eta kaleko protestak, bereziki— zigortzeko bidea zabaldu die Espainiako Gobernuak beste administrazio batzuei —gobernu autonomikoei eta udalei, esaterako—, ertzain, foruzain edota udaltzainen bidez ere isun ekonomikoak ezartzeko. Hori egitea administrazio horien eta polizien esku utzi du gobernuak, epaileen oniritzia behar gabe. Eta horrek sortu ditu tirabirak auzitegietan ere. Orain «dena» da delitu, arinak eta gogorrak, gogoratu du abokatuak. Eta polizien, eta soilik haien, esku dago balorazioa egitea.
Kaleko protestetan «ohikoa» den adibide bat jarri du Carrok: «Lehen, ertzain bati zipaio deitzen bazenion edo polizia bat iraintzen bazenuen, hark salaketa jar zezakeen. Baina epaileek, beti edo ia beti, esaten zuten hori adierazpen askatasunaren barruan kokatzen zela. Orain, ertzainak zuzenean isun bat jar diezazuke, epaileen esku hartze zuzenik gabe, eta gero zuk helegite administratiboa jarri behar duzu epaitegian». Abokatuaren ustez, beraz, «benetan» babesgabe dagoena herritarra da, eta ez polizia.
Adibide horri segika, Kalparsorok esku artean izan duen kasu bat jarri du. Legedi berriarekin izan duen bakarrenetakoa, fiskalburuak berak nabarmendu duenez. Kasu horretan araudia ez aplikatzea erabaki zuen. Protesta batean zegoen herritar batek ertzain bat iraindu zuelakoan, agenteak salaketa bat jarri zuen Bizkaiko epaitegi batean, baina fiskaltzak auzia artxibatzea galdegin zuen, pertsona horrek poliziari esandakoa adierazpen askatasunaren barruan kokatzen zela argudiatuta. Epaileak aintzat hartu zuen eskaera, polizien kexuen artean. «Irainak ezin dira onartu, eta ulertzen ditut ertzainen kexak, baina positiboa iruditzen zait halakoak delitu ez izatea».
Jaurlaritzaren «utzikeria»
Beste aldean daude poliziak. Jose Luis Morenok 21 urte daramatza Ertzaintzan. Orain, bere kideen eskubideak defendatzen ditu Erne sindikatuan. Morenok gogoratu duenez, ertzain batek oker jokatuz gero, ondorio penalak izan ditzake. «Gainera, ertzain horrek hartu behar ditu bere gain, eta ez Segurtasun Sailak».
Nolanahi ere, Morenok, eta baita Kalparsoro fiskalburuak ere, aitortu dute kasu bakar bat baino ez dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietan poliziek araudi berria oker aplikatzegatik. Legez kanpoko atxiloketa bat egitea leporatuta —Erneko kideak hala dela ukatu du—, Bilboko Instrukzio Auzitegiak bi ertzain inputatu ditu protesta batean pertsona bat atxilotzeagatik. Gehienez, lau urteko espetxe zigorra aurreikusten du legeak legez kanpoko atxiloketentzat, eta Poliziatik kanporatzeko aukera ere jasotzen du.
«Arrisku» hori dela eta, Morenok dio ertzainek «asko zaintzen» dituztela atxiloketak, nahiz eta jakin, kasu batzuetan, «komenigarria» izango litzatekeela egitea. «Dena den, ertzain guztiok oso argi daukagu atxiloketa dela azken bitartekoa. Baina legea argi izan behar dugu, eta ez dugu», salatu du Erneko kideak.
Kalparsorok, berriz, gogoratu du legez kanpoko atxiloketak beti egin direla, baina, kazeta honi aitortu dionez, zigorrak, egon direnean, inoiz ez dira izan legeak jaso bezain gogorrak. Nolanahi ere, ertzainen kezkak ulertzen ditu fiskalburuak. «Haiek dira kalean daudenak eta zer komeni den baloratu behar duten lehenak; askotan, epaile eta fiskalok perspektiba galtzen dugu. Baina polizien erantzuna ezin da izan neurriz kanpokoa».
Ertzainek aipatutako zalantzei irtenbide bat emateko asmoz, EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak, Juan Luis Ibarra auzitegiko presidentea buru, lantalde bat sortu zuen iazko abenduan, eta urtarrilaren 15ean, eginiko lehen bileran, adostu zuen Euskadiko Segurtasun Publikoaren Batzorde deitzea. Erakunde horretan biltzen dira ertzainak, fiskalak eta epaileak. Batzorde horretan aztertuko dituzte polizien gabeziak, eta saiatuko dira hiru aldeen arteko komunikazioa hobetzen, Kalparsorok azaldu duenez. «Formazioa behar badute, emango diegu, baina hori ez dagokio justizia administrazioari; azken finean, ertzainek beste batzuen aginduak betetzen dituzte».
Fiskalburuari erantzunez, Morenok dio Ertzaintzaren kasuan «kaosa» eta babesik eza «erabatekoa» dela. Legean egin diren aldaketei —200dik gora— buruzko formaziorik ez dutela jaso salatu du Erneko eledunak. Are, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Formazio hori «ukatu» egin diela azpimarratu du. «Gu legea aplikatzeko gaude, baina ez badiete gure eskaerei erantzuten edo ez badigute formaziorik ematen, ez dute nahi izango guk hori egiterik», azpimarratu du.
Morenok adierazi duenez, Estefania Beltran de Herediak gidatzen duen sailak «nahikoa denborarekin» zekien indarrean sartuko zirela lege eta arau berriak, «baina ez zuen ezer egin». «Legea uztailaren 1ean sartu zen indarrean, eta urrian hasi ziren ertzainburuak goiz batez Arkautiko ertzain eskolara joaten ikastaro labur bat egitera». Ertzainek, gero, euren buruzagiek jasotako formazioari buruzko «komentario batzuk» baino ez dituztela jaso salatu du Morenok: «Hogei minutuko bilera bat eta fotokopia batzuk». «Horrekin nahikoa dela uste du Segurtasun Sailak. Utzikeria erabatekoa da; desastre hutsa».
Hori horrela, eta ertzainen aldetik jaso dituzten «eskaera ugariei» erantzuteko, ikastaro batzuk egingo dituzte Erne eta ELA sindikatuek, otsailean. Urko Gimenez instrukzio epaileak parte hartuko du. Segurtasun Sailaren jarreraren aurrean, ertzainek EAEko Auzitegi Nagusira jo dute, instrukzio epaile batzuek jarritako kexa baten bitartez. Morenok argi du, dena den, zeinena den erantzukizuna. «Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarena».
Gehiegi estutu gabe
Sei hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak Herritarren Segurtasunerako Legea indarrean jarri zuenetik. Denbora horretan, eta fiskaltzaren arabera, desobedientzia delituarekin loturiko salaketak ugaritu dira; kasu askotan, polizien «ezjakintasunagatik». «Babesgabetasuna» salatu dute alde guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu