Gehiago torturatu ez dadin, neurriak exijitu dituzte milaka lagunek

Inkomunikazioa behin betiko bukatzeko eskatu dute Iruñean egindako manifestazioan

Torturaren eta inpunitatearen aurka atzo Iruñean egin zen manifestazioaren burua. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Torturaren aurka milaka lagun atera ziren kalera atzo, Iruñean. Bakea eta gatazkaren konponbidea lortzeko, torturari bide ematen dion inkomunikazioa desagertzeko eskatu zuten. Igor Portueta Mattin Sarasola torturatzea egotzita, Gipuzkoako lurralde auzitegiak zigortutako lau guardia zibilak Espainiako Auzitegi Gorenak errugabe egin izana gogor salatu zuten.

Manifestazioa arratsaldeko bostak eta erdiak pasata abiatu zen, Golem zinemetatik. Elkarretaratzearen buruan, Torturarik ez, inpunitaterik ez leloa idatzia zuen pankartari eusten hainbat lagun zeuden: Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariak, Mattin Sarasola eta Igor Porturen gurasoak eta Mikel Zabalzaren senideak. Atzetik, milaka herritarrek jarraitu zieten. Tartean zeuden ezker abertzaleko ordezkari Txelui Moreno eta Marian Beitialarrangoitia eta Amaiurreko kide Sabino Cuadra. Manifestarien aurrean Espainiako Poliziaren sei furgoneta joan ziren, eta oinez hainbat polizia.

Baionako Etorbidea hartu bezain azkar entzun ziren torturaren aurkako oihuak. Ibilbide osoan zehar bi lelo oihukatu zituzten behin eta berriro: Ez, ez, ez, torturarik ez eta Hemen torturatu egiten da, diktaduran egiten zen moduan. Euskal presoen aldeko deiadarrak eta hauek etxeratzeko eskaerak ere egin zituztenmanifestariek.

Iruñeko kale nagusiak igaro eta gero, elkarretaratzea Sarasate Pasealekuan amaitu zen, Foruen monumentuaren aurrean. Bukaera ekitaldian Ane Ituño eta Mikel Soto Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariak mintzatu ziren.

Joan den astean Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita Gipuzkoako lurralde auzitegiak zigortutako lau guardia zibilak Auzitegi Gorenak errugabe egin izanak zigorgabetasunari ateak irekitzen dizkiola salatu zuen Ituñok. «Euskal Herrian oso ongi dakigu Igor eta Mattini zer egin zieten. Gorenaren epaia badakigu zer den: begi bistakoa den tortura ukatzeko tresna. Baina benetan larriena da torturatzen dutenei errugabetasun mezua bidaltzen zaiela». Zoritxarrez, historia errepikatu egiten dela salatu zuten TATekoek. Haien ustez, Sarasola eta Porturen auziko Gorenaren epaiak torturatzailearen «zigorgabetasunari ateak irekitzen dizkio». Porturen eta Sarasolaren auziaz gain, atzo bezalako egun batean Guardia Zibilak atxilotu zuen Mikel Zabalzari gertatutakoa ere gogoan izan zuten elkarretaratuek. «Gaur 26 urte Guardia Zibilak Mikel Zabalza eraman zuen etxetik, eta ez zen itzuli. Gaur, 26 urte geroago, tamalez, torturaren aztarnak bizirik daude oraindik».

Ituñok esan zuen Zabalzaren kasuak baduela antzekotasunik Sarasolaren eta Porturen kasuarekin. Epaian jasota dagoenez, Portu eta Sarasola atxilotu eta mendiko bidexka batera eraman zituztenean, Sarasolari guardia zibilek pistola buru gainean jarri eta «Mikel Zabalzari egin ziotena» egin behar ziotela esan zioten.

Haren esanetan, beste ehunka euskal herritarrek jasandako tortura saioetan errepikatu da mehatxu bera: «'Hil arte torturatuko zaitugu, eta ez da deus gertatuko, ukiezinak garelako', esan nahi dute. Horixe da inpunitatearen prezioa, tortura eta izua iraunaraztea polizia etxeetan eta kuarteletan».

«Gauzak ez dira aldatu»

Zabalza hil zutenetik 26 urte joan badira ere gauzak ez direla aldatu uste dute TATeko ordezkariek. Taldeak emandako datuen arabera, 2009an 45 tortura salaketa izan ziren, joan den urtean 63 eta aurten 11. Azken salaketa Beatriz Etxebarria euskal presoak egindakoa izan da. Etxebarriak bortxatu egin dutela salatu du, baina Bilboko epaile batek kasua ikertzeari uko egin, eta auzia artxibatzea erabaki du. Nazioarteko hainbat erakundek ere Euskal Herrian tortura erabiltzen dela salatu duten arren, Espainiako erakundeek ez dute inkomunikazioa bukatzeko neurririk hartzen. Torturaren erabilera «erabaki politikoa» dela uste du TATek, eta haren amaiera «borondate politikoan» dagoela. Horregatik, tortura gehiagorik ez gertatzeko beharrezko neurriak exijitu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.