Gehiago «soltatu» dira

PPk ETAren biktimak erabili izana deitoratu du Juan Mari Jauregi zenaren alabak. Espainiako Gobernuari «ausardia handiagoa» eskatu dio presoak gerturatzeko

Maria Jauregi Lasa, Bilbon, EITBren egoitzan. Elkarrizketa eman zion atzo Euskadi Irratiko Faktoria saioari. BERRIA.
enekoitz esnaola
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Maria Jauregi Lasa joan den abuztuan «soltatu» zen. Pablo Casado PPko presidentearen adierazpenei segida emanez, hil haren hasieran Javier Maroto alderdiko zuzendaritzakideak esan zuen PP ETAko presoen gerturatzeen aurka mobilizatuko litzatekeela, halakorik balego; halaber, adierazi zuen PSOEren gobernuak ezin duela «biktimen memoria erabili EAJri faboreak ordaintzeko». Jauregik txio baten bidez egin zuen jauzi plazara, abuztuaren 4an: «Javier Maroto jauna: nahikoa da, utzi biktimak bakean. Zerbait egin behar baduzu, egin ezazu, baina zure edo PPren izenean, ez biktimenean. Zorionez, asko dira, eta pluralak. Ni banago presoen gerturatzearen alde. #gizakeskubideak #elkarbizitza». Casadorentzako mezua ere izan zuen Juan Mari Jauregi zenaren alabak —ETAk Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohia hil zuen, 2000. urtean, Tolosan (Gipuzkoa)—. Atzo mintzatu zen, Euskadi Irratian, Faktoria saioko elkarrizketa batean. «Ez zait inoiz gustatu alderdi politikoek biktimen izenean hitz egitea. Biktimak beti erabili izan dituzte, batez ere PPk. Biktimak asko gara, mota askotakoak».

Ez da azken hilabeteetan PPren aurka publikoki oldartu den ETAren biktima bakarra. Jose Miguel Cedillo da, adibidez, beste bat, ETAk 1982an hildako Espainiako Polizia baten semea. Ekainean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriak espetxe politikan aldaketak iragarri zituen; bada, PP horren aurka azaldu zela-eta, Cedillok uztail hasieran Facebook-eko artikulu batean zera esan zuen: Jose Maria Aznarren gobernuak 1990eko hamarkadan euskal presoak gerturatu zituenean, berak ere uste zuela hori zela egin beharrekoa. Era berean, salatu zuen orain PPk hurbilketaren auzian «gobernuaren aurka egiteko biktimen erabilera okaztagarria» egiten duela. «Gehiago ez egiteko eskatzen diet. Ez, behintzat, nire izenean». Joan den larunbatean, Cedillo Errenterian (Gipuzkoa) izan zen, aita gogoratzeko ekitaldi batean, eta «bakearen eta elkarbizitzaren» alde mintzatu zen. ETAren bukaeraren ondoren, haren ustez, «gobernuari erabaki gogorrak hartzea dagokio».

Azken urteetan, ETAren biktima gehiago azaldu dira antzeko mezuarekin: Rosa Rodero, Gorka Landaburu —kasurako, abuztuan bideoblog bat egin zuen: «Utzi biktimak bakean...»—. Maria Jauregi berria da plaza horretan. Maixabel Lasa du ama, Jaurlaritzaren Biktimen Bulegoko zuzendaria izandakoa, eta hark animatu du iritzia ematera. «Egoera berri honek hitz egitera bultzatzen zaitu. Ona da hitz egitea. Jendea gauzak soltatzen hasiko da», esan du Jauregik. Haren arabera, «ahalegin guztiak elkarbizitzaren aldeko mezua ematen» egin behar dira, eta nabarmendu du biktimen iritziak ezin direla erabili erabaki politikoak hartzeko zehaztu nahi izan du haien kasuan biktima Juan Mari aita dela, ez etxeko besteak—.

Hilketa ororen gaitzespena

Presoen urrunketa politikaren aurka agertu da. «Senideek ez dute zertan pairatu kondena hori», eta adierazi du «gerturatzeko» presoek ez dutela «inolako lege baldintzarik» bete behar. «Gobernuari ausardia handiagoa eskatuko nioke».

Esan du errespetua, bestearen lekuan jartzea, giza eskubideak eta halako balioak dituztela etxean. Hala, ongi hartu zuen haren amak aurrez aurre hitz egitea senarraren hilketagatik zigortutako bi kiderekin. «Espetxe politikaren helburua presoak gizarteratzea da. Gogoeta bultzatu behar da; bi haiek ohartu ziren egindakoa ez zegoela ondo». Pertsona orori «bigarren aukera» ematearen alde azaldu da.

ETAren hilketak deitoratu ditu, baita «estatu terrorismoa» ere. «Torturak daude; estatuak, bere tresna demokratikoak erabiliz, jendea hil du. Gobernuak ere barkamena eskatu behar luke. Hori estatu terrorismoa da, eta hilketak gaizki daude, berdin zait nondik datorren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.