Gernikako Estatutuak 40 urte. Carlos Garaikoetxea. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia

«Gehiago lortu nahi genuen, baina premiak pragmatiko izatera behartu gintuen»

Herrialdea larrialdi batean zegoela gogoan du Garaikoetxeak: «Egin behar genuena egin genuen». Funtsezkotzat jo du ogasun propioa lortu izana, baina azpimarratu du estatuak estatutuaren irakurketa murriztailea inposatu duela denborarekin.

joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Egin behar genuena egin genuen». Franco diktadorea hil ondorengo urteetan krisi ekonomiko sakonean murgilduta zegoen Hego Euskal Herria. Garai erabakigarri hartan, Kontseilu Nagusiko presidentea izan zen Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938) aurrena, eta lehen Eusko Jaurlaritza hartako lehendakaria 1979ko hauteskundeen ondotik. Haren esanetan, egoera larri hari erantzuteko bidea hartu zuen EAJk. Estatutuak potentzialitate handia duela uste du, baina, 40 urte geroago, estatuaren ikuspegi murriztailea inposatu dela deritzo.

40 urte igaro eta gero, zer ikuspegi eman dizu denborak?

Gure herria egoera oso larrian zegoen, arlo guztietan. Orain ez dugu halakorik gogoan, baina egoera hura bideratzeko derrigorrean aukeratu behar izan genuen irteera pragmatikoa. Euskara hilzorian zegoen, eta berpiztu beharra zegoen, hezkuntzan zein komunikabideetan. Gogora dezagun Bizkaiko eskualde batzuetan langabezia %30 zela. Bilboko Merkataritza Ganberak neurtu zuenez, hamarkada haren amaieran Bizkaiaren eta Gipuzkoaren defizit fiskala 450.000 milioi pezetakoa zela [inflazioa aintzat hartuta, 2.800 milioi euro ingurukoa]. Frankismo guztian izugarria izan zen zerga lapurreta. Horrek esan nahi zuen kontzertu ekonomikoak berreskuratu eta ogasun propioa behar genuela. Ez ziren oso gai emozionalak, baina sostengu ekonomikorik gabe ez zegoen inolako autogobernurik. Batzuek estatutua baino zerbait gehiago lortu nahi genuen, baina premiak pragmatiko izatera behartu gintuen.

1936ko estatutua erreferentzia bat zen, ala aurrera jo nahi zenuten?

1936ko estatutua asko mitifikatu dugu, gerra egoeran erabili zelako: armada bat antolatu zen, dirua jaulki, baina edukiari begira ez zuen nazionalitateez hitz egiten, eskualdeez baizik. Manuel Irujok eta erbestetik etorri ziren besteek zioten 1936koa gainditu zuela. Alderatuz gero, edukia sakonagoa da. Garai hartan, diktadura bizirik zegoen arlo guztietan; horregatik, balioa eman behar zaio lortu zen horri, prozesu demokratikoa delakoa hondatzeko arriskua baitzegoen. Argi geratu zen hori 1981eko estatu kolpean.

1979ko udan estatutuaren negoziazioari ekin aurretik, Konstituzioarena amaitu zen, 1978ko abenduan, eta EAJ abstenitu egin zen. Zer irakatsi zizuen?

Hemen, Nafarroan, aho batez adierazpen bat onartu zen foruak osorik berrezartzearen alde. Estatu konfederal batean sartzea esan nahi zuen, eta irismen mugagabeko bide berezi bat ematen zigun teorikoki. Izan ere, aforismo juridikoan esan ohi den bezala, kontzeptu zehaztugabeek nahi bezalako interpretazioa egiteko aukera ematen dute. Horrek Madrilekiko gure estrategia bideratzeko oinarria eman zigun, baina hor hasi ziren Arzalluzekin izan nituen tirabirak. Gure diputatuei eskatzen nien oso argi geratu behar zuela eskubide historikoak errespetatzen zirela eta bi aldeen arteko akordioaren emaitza zirela; aldiz, Madrilek nahi zuen eranstea «Konstituzioaren eta estatutuaren esparruan» izango zela. Diputatuek esaten zidaten egoera jasanezina zela eta ezinezkoa zela nahi genuena lortzea. Azkenean, erdibidean geratu zen gaia. Ulergarria da gure ordezkarien jarrera, oso giro zakarra baitzegoen Madrilen.

Beti esan izan da garai hartan etengabea zela militarren ezpata hotsa.

Negoziazioak hasi genituenean, Madrilera joan ohi nintzenean, El Alcázar eta Abc-k ni atxilotzeko eskatzen zuten. Behin keinu bat egin nuen eskuak elkarri helduz, eta Abc-k zera zioen biharamuneko azalean: «Garaikoetxeak barkamena eskatu dio ETAri, eta promes egin du ez duela amore emango». Hura zen giroa. Batzuek sua piztu nahi zuten.

Zer jarrera zuen Suarezek?

Nahiko irekia. Batzorde misto bat osatu zen estatutuaren edukia negoziatzeko, eta berak proposatu zidan, irteerarik gabe geratzen ginenean, bere bulegoan biltzeko eta korapilo horiek askatzeko. Horrela ibili ginen uztail guztian.

Frankismotik zetorren. Eskuak zenbateraino izan zituen libre?

Politikan bere ikuspegia nola aldatuz joan zen kontatzen zidan. Nire ustez, argi geratu zen erregimena aldatzeko haren esfortzua. Militarren artean oso giro txarra zuen. Ilea lazteko moduko anekdotak kontatzen zizkidan. Laguntza handia eman zion Gutierrez Melladok [Defentsa ministro eta presidenteordea]. Prestigio handiko militarra zen. Nirekin argi mintzo zen, baina kutsu frankista nabari zitzaion. Gure gerra aipatzen zuen etengabe.

Uztail gogorra izan zen hura, tartean zure ama hil zelako.

Gorteetan, akordioa onartu edo ez erabakitzeko epe bat zegoen. Negoziazioen azken egunean, ama hil zen. Nahiko dramatikoa izan zen. Oraindik bizpahiru gauza genituen airean. Goizean zen lurperatzea, eta arratsean hileta elizkizuna. Suarezek eskaini zidan bere Mystere hegazkinean joan-etorria egitea; ea ez al zitzaidan axola. Jakina inporta zitzaidala, baina horrela konpondu genituen arazoak. Gogoan ditut negoziazioak, baina nire memorian eta bihotzean azken momentu horrek utzi zidan arrastoa.

Konstituzioaren ondotik, Nafarroaren aukera irekita zegoen oraindik?

Konstituzioaren eztabaidan, hura izan zen niretzat gogorrena.

Estatutuaren negoziazioan presente egon al zen auzia?

Bai, noizean behin agertzen zen. Saiatu ginen planteamenduak bateragarri egiten, ez zedila kontraesanik sortu, baina ordurako dena bideratuta zegoen. Nafarroan eskuinak irabazi zituen hauteskundeak, eta PSOEk traizio egin zigun. Kontuan hartu behar da garai hartan PSN PSEren barruan zegoela eta balkoietan ikurrinak jartzen zituela. Bi urte lehenago, lau lurraldeen arteko autonomiaren aldeko akordioa sinatu genuen, eta Ramon Rubialek eta Enrique Mujikak Iruñean sinatzeko eskatu zidaten, balio sinbolikoa zuelako. Baina, denborarekin, Nafarroan ikuspegia aldatuz joan ziren, Diario de Navarra-ren eragina tarteko. Niretzat zailena hori izan da.

Zer beste korapilo izan ziren?

Arlo guztietan. Adibidez, Hezkuntza Sailean nahi zituzten inspektoreak ezarri, eta guk autonomia osoa nahi genuen, sistema gainbegiratzeko goi ikuskaritza batera mugatzea estatuaren zeregina. Poliziaren gaiarekin, segurtasun indarrak iletik tiraka zebiltzan. Suarezi kexaka deitzen zion orduko Barne ministroak: «Euskal Herritik atera beharko dugu?». Azkenean, hitzartu genuen guk poliziaren eskumena izatea, eta estatua geratzea atzerritartasun, muga, kontrabando eta halakoekin. Denborarekin, gaizki garatu da. Nire bi gobernuetan irmo defenditu nuen ordezkapen printzipioa betetzea. Aldiz, EAJren estamentuetan egokitzapen printzipioa onartu zen. Ordezkapena ordezkatzea da, eta egokitzapena... edozer gauza izan liteke. Zer gertatu da? Guardia Zibilak jarri dituela kuartelak han-hemen.

Estatutua hitzartu eta urte eta erdira, 1981ean, estatu kolpea etorri zen. Zer eragin izan zuen?

Kolpea ez zen aurrera atera, baina bere emaitza izan zuen: LOAPA lege organikoa. Autonomia mugatu nahi zuen arlo guztietan, eta autogobernuaren aurkako eraso izugarria zen. Auzitegi Konstituzionalera jo genuen, eta arrazoia eman zigun auzi gehienetan. Oztopo hura gainditu genuen, baina nolabaiteko politika inposatu zen: kafea guztiontzat, eta, goitik hegan egin beharrean, behetik hegan egitea.

Aipatu izan duzu estatutuak potentzialitate handia izan duela, baina interpretazio murriztailea inposatu dela.

Eusko Alkartasuna sortu ostean, 1987an, Eusko Jaurlaritza osatzeko PSErekin aritu nintzen negoziatzen, eta ezinbesteko bi baldintza ipini nituen: Gizarte Segurantza eta enplegu politiken transferentzia. Tentazio handia zen gobernura heltzea, eta hala esaten zidaten hurbilekoek. Beharbada arrazoi zuten. Agian zurrunegi jokatu nuen, baina ia 32 urte igaro eta gero, egoera berdin dago. Gizarte Segurantza ez dago eskualdatua, eta Jaurlaritzak dio 30 eskumen baino gehiago daudela eskualdatu gabe; batzuk garrantzitsuak dira. Adibidez, espetxe politika.

Espainiako Estatua ere mugatuz joan da hemengo autogobernua.

Auzitegi Konstituzionala da gatazken epaile, eta ematen du politikoki sexurik gabeko organo bat dela. Paralelismo bera eginez, beti esan izan dut Gibraltarko auzia Erresuma Batuko epaitegiek ebatzi dezatela, edo Ceuta edo Melillari buruz Marokoko epaitegiek. Auzitegi Konstituzionala espainiarra da, eta alderdiek eurek izendatzen dituzte epaileak! Haren inpartzialtasuna auzitan jar daiteke erabat. Espainiar sentimendu nazional baten arabera erabakitzen dute; hau da, gatazka baten aurrean irizpide aprioristikoak dituzte.

Estatutu berrirako lantaldea dago Eusko Legebiltzarrean. Nafarroan, Foru Hobekuntzaren erreforma erabat geldirik dago. Nola gaude oraintxe?

Egia esateko, zaila izango da akordioa lortzea. Ura eta olioa nahastea zaila da. Larrialdi batean salbuespen neurriak onartzea ulergarria gerta daiteke. 1980ko egoera halakoa izan zen, baina garai historiko honetan egoera desberdina da, eta ezin dugu onartu edozer gauza. Estatutu berrian erreferentzia bat jaso behar da Nafarroako auziari eta lurraldetasunari egina. Guk, EAren ikuspegitik, eta EH Bildutik ere bai, eredu konfederal bat onartuko genuke beharbada, erabakitzeko eskubidearen nolabaiteko aitortza baldin badu. Hala ere, beste aldean hori onartzea oso zaila izango da.

Eta nola ikusten duzu abertzaletasuna?

Ez dut gogoko nire ondorengoak kritikatzea, baina itxura moderatu horrekin, kontuz. EAJk beti ditu tenorrak, sopranoak, baxuak eta baritonoak. Gaur Ibarretxe Katalunian dago, bihar Urkulluk esango du zuhurtzia dela bidea, eta etzi Egibarrek zerbait sakonagoa esango du. Pragmatismoa bakoitzak neurtzen du hitzaren arabera, baina beharbada gehiegi moderatzen ari dira ofizialki azaltzen duten jarrera.

Joko zelaiaren azkeneko marra

Garai hartako gizartearen isla

Higadura baten kronika

Gizonek gizonentzat egina

191

60

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.