GED-k giza kate bat osatuko du Oiartzualdean

Pasaiako badiaren 8.400 metroak zeharkatu nahi ditu Gure Esku Dago-k, azaroaren 6an. Gutxienez, 8.400 lagun beharko dituzte

Gure Esku Dago-ko eta DemOarso-ko kideak, atzo Pasai San Pedron egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ander perez zala
Pasaia
2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Azaroaren 6an, giza kate bat osatuko du Gure Esku Dago herri mugimenduak, Pasaiako badia (Gipuzkoa) «eskuz esku» inguratuz. Pasai San Pedrotik eta Pasai Donibanetik aterako da, eta Pasai Antxotik eta Errenteriatik pasatu; Errenteriako Zumardian amaituko dute ekitaldia, bozka sinboliko batekin.

8.400 metro lotuko dituen giza katea osatzeko, gutxienez, 8.400 lagun beharko dituztela zehaztu dute, baina dinamikari ez diote «mugarik» jarri nahi; erronka 8.888 lagun eskutik lotzean finkatu dute. «Zortzi zenbakia 90 gradu okertuz gero, infinitu bilakatzen da», azaldu zuten atzo, Pasai San Pedron egindako agerraldian.

Egun hori hautatzeak badu arrazoi historikoa. 1936ko azaroaren 6an bozkatu zuten gizonek eta emakumeek Estatutuaren inguruan; 80 urte beteko dira aurten. Tokiari dagokionez, DemOarso herri plataformako kide Imanol Esnaolak azaldu du Pasaiako portua izan dela, Bilbokoarekin eta Baionakoarekin batera, Euskal Herriaren atea Europarekin eta Atlantikoarekin: «Hemendik joan da jendea mundura, eta hemendik ezagutu gaitu munduak». Ate horrek «ekarri duen guztia» jarri nahi du Gure Esku Dago-k etorkizuneko proiektu baten ilusioa eragitearen alde. Erabakitzeko eskubideari buruz, Esnaolak uste du denok gaudela ate horretan, denok parte hartzen dugula, eta aniztasun horrek egingo duela etorkizuna. «Hori ezin da erabakitze eskubiderik gabe egin». Azpimarratu du eskubide hori ez dela soilik sentsibilitate jakin batzuei dagokien zerbait, baizik eta «denoi dagokigun» eskubidea dela.

Oiartzualdeko eta Euskal Herriko herritarrei zein eragileei dei egin diete, «ariketa demokratiko» horrekin bat egin dezaten. Esnaolak gaineratu du erreferentziazko pertsonek parte har dezaten ari direla lanean: bai kultura mundukoak, bai kirol mundukoak eta bai beste herrialdeetatik etorritako komunitateetako jendea. «Euren inguruan sare sozial bat duten sektore horietako jendea bilatzen ari gara».

Gure Esku Dago-ren bozeramaile Angel Oiarbide ere izan zen atzoko agerraldian. Azken bi urteotako lana goraipatu du: «Gure eremua da elkarlana, konplizitatea sortzea, zubiak eraikitzea, mesfidantza gainditzea, eta gizartea ehuntzea eta saretzea». Gogorarazi du hautetsontziak ez dituztela «apainketarako» atera, erabiltzeko baizik. «Aurten hitzetatik ekintzetara pasatuko direnak asko izango dira».

Martxoko galdeketei begira

Oiartzualdeko 52.000 laguni egingo diete galdeketa datorren urteko martxoaren 19an. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako herritarrek izango dute bozkatzeko aukera. «Sekulako erronkatzat» hartzen dutela azaldu zuten atzo antolatzaileek, baina «sekulako ilusioz» egingo dutela lan ere azpimarratu zuten.

Datorren urtean, 60 herritan baino gehiagotan egingo dituzte herri galdeketak: horietako 28 Tolosaldekoak izango dira. Aulestin, Arrigorriagan, Barrikan, Bermeon, Busturian, Elorrion, Sopelan, Lemoizen, Urdulizen (Bizkaia), Usurbilen (Gipuzkoa) eta Sakanako (Nafarroa) hainbat herritan ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.