Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak Txomin Letamendiren heriotzaren inguruko auzia artxibatu du, argudiatuta hura torturatzeaz akusatutako bi polizia frankistak jada hilda daudela. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eman du erabakiaren berri, eta ontzat jo du epaitegiaren lana. Izan ere, uste dute mugarri bat ezarri dela, lehen aldia baita epaitegi batek bere kabuz ikerketa bat abiatzen duena polizia frankistek egindako torturen nondik norakoak argitzeko. Espero dute aurrekari gisa balio izatea.
Letamendi Eusko Gudarosteko komandante izan zen 36ko gerran, eta, behin hura amaituta, Euskal Informazio Zerbitzuentzat lan egin zuen. 1950eko abenduaren 20an hil zen Letamendi, polizia frankistak egindako «tortura fisiko eta mental larrien» eta «espetxe baldintza penagarrien» ondorioz. Hala, haren heriotzaren inguruabarrak argitzeko asmoz, GEBehatokiak eta Letamendiren senideek kereila bat aurkeztu zuten abenduan. Zehazki, haren torturetan inplikatutako bi polizia frankistaren kontra egin zuten: Fernando Escudero eta Jose Nogues.
GEBehatokiak otsailean jakinarazi zuen Donostiako epaitegiak tramiterako onartu zuela kereila, eta garrantzitsutzat jo zuen erabaki hura, iritzita epaitegiek ordura arte erakutsitako jarrerarekin hausten zuela. Izan ere, behatokiak berak salatu izan du 1977ko amnistia legea aitzakia gisa erabili izan dela auziak artxibatzeko, nahiz eta interpretazio horrek 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen kontra egin. Lege haren bigarren artikuluaren arabera, Espainiako legedia —ondorioz, baita amnistia legea ere— nazioarteko zuzenbidearen arabera interpretatu behar da, eta hark argi adierazten du gerra krimenak, gizadiaren aurkakoak, genozidioak eta torturak preskribaezinak eta amnistiaezinak direla.
Behin kereila tramiterako onartuta, epaitegiak zenbait eginbide abiatu zituen. Besteak beste, Polizia Judizialari —hau da, Espainiako Poliziari— eskatu zion identifikatutako bi polizia frankisten inguruko beharrezko izapideak egiteko. GEBehatokiak azaldu duenez, Poliziak epaileari jakinarazi dio Escudero 2013an hil zela. Noguesen kasuan, berriz, haren filiazioa soilik zehaztu da, «ez baitago informazio gehiago». Hala, epaileak uste du lehena hilda dagoela baieztatzea eta bigarrena ere hala dagoelako «aurresuposizioa» nahikoa argudio direla «erantzukizun kriminala azkentzeko». Hala, auzia artxibatzea erabaki du, «egitateen izaera eta inguruabarrak zehazteko» lanak eginak daudelakoan.
Giza Eskubideen Behatokiak ontzat jo du prozesua. Uste dute amnistia legea babes gisa erabiltzeari utzi eta torturatzaileen erantzukizunaren inguruko ikerketa bat gauzatu izana aurrekari bat izan daitekeela «epaitegietako bunker negazionistan». Are gehiago, azaldu dute epaileak bide eman diola Prozedura Kriminaleko Legearen 115. artikulua erabiltzeko aukerari. Hartan zehazten da akzio penala erruduna hiltzean amaitzen den arren akzio zibilak abia daitezkeela haren oinordekoen kontra.
Halere, GEBehatokiak eta Letamendiren familiak baztertu egin dute bai helegitea aurkeztea eta bai akzio zibil horiei ekitea: «Azpimarratu nahi dugu biktimak ez dituela mendeku edo errebantxa jarrera batek mugiarazten, are gutxiago torturatzaile frankisten senideen aurka».
Hori bai, eutsi egingo diote erreparazioa lortzeko eta Letamendi aitortzeko lanari. Helburu gisa jarri dute hark aitortza instituzionala eskuratzea, Alfredo Espinosa Eusko Jaurlaritzako lehen Osasun sailburuaren kasuan bezala. Hain zuzen, GEBehatokiak eta Espinosaren familiak Imanol Pradales lehendakariari eskatu zioten egin zezatela Osasun sailburu izanaren jarduna aitortzeko ekinaldi instituzional bat, eta hilabete hasieran egin zioten aitortza ekitaldia, Bilbon.
Oraingoan, GEBehatokiak Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari eskatu dio beharrezko administrazio mekanismo guztiak aktibatzeko Letamendik aitorpen ofiziala jaso dezan. Hain zuzen, abenduan beteko dira 75 urte Letamendi hil zenetik, eta nahi dute ordurako erreparazio hori jasotzea.
Bide guztiak
Donostiako epaitegiak egindako urratsek modua eman dezakete ate bat irekitzeko, GEBehatokiaren arabera. Ondorioz,baliteke aukera egotea beste kasu batzuetan ere antzeko eginbideak gauzatzeko, horiek frankismo garaikoak edo ondorengoak izanda ere. «Are gehiago erasotzaileak ezagunak baldin badira», gehitu dute. Esaldi horrekin, erreferentzia egin diete erakundeak aurkeztutako beste bi kereilei. Batetik, Josu Mujikaren hilketaren harira Mikel Lejarza El Lobo-ren aurka jarritakoa. Hura ere tramiterako onartu zuten; kasu hartan, Madrilgo 12. Instrukzio Epaitegiak. Bestetik, Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiaren kontrako kereila. GALek Ipar Euskal Herrian zeuden errefuxiatuen kontra egindako hainbat ekintzagatik eraman nahi dute auzitara Barrionuevo.
Izan ere, GEBehatokiak adierazi du biktimekin konpromisoa hartua duela «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideen bide posible guztiak jorratzeko», eta lan horretan jardungo duela aurrerantzean ere.