GBBko buru izendatuta, Arrizabalagak zainduko du EAJren ildorik subiranistena

Gipuzkoako jeltzaleek batasuna islatu dute Maria Eugenia Arrizabalaga aho batez izendatuz presidente, baina barne prozesuak izan ditu bihurgune batzuk. Abertzaletasunaren eta euskararen aldeko aldarria egin du bere lehen hitzaldian.

Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga, gaurko Herrialde Batzarrean. EAJ
Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga, gaurko Herrialde Batzarrean. EAJ
xabier martin
2024ko azaroaren 20a
20:30
Entzun

EAJren zuzendaritza berritzeko barne prozesua lehen mugarrira iristen ari da. Gipuzkoan dagoeneko izendatu dute GBB berria, Maria Eugenia Arrizabalaga presidentea buru dela. Gaur iluntzean egin dute Herrialde Batzarra, Donostian, eta hark berretsi du Arrizabalagak eramango duela datozen urteetan Joseba Egibar buruzagi historikoaren lekukoa. Hura izango da alderdiaren ildo subiranistenaren zaindari datozen urteetan.

Beste hamalau burukide izendatu ditu Herrialde Batzarrak, Arrizabalagarekin batera Gipuzkoako zuzendaritza osatzeko. Hauek dira GBBko kide direnak datozen urteetarako: Itxaso Agirre, Jon Ander Azpiroz, Saioa Bandres, Juan Ramon Baztarrika, Ane Beitia, Edurne Egaña, Idoia Elorza, Mari Jose Etxegoien, Imanol Goenaga, Xabier Insausti, Imanol Lasa, Gorka Ocio, Jon Olano eta Olatz Peon. Beraz, zortzi emakumek eta zazpi gizonek osatuko dute GBB, denak euskaldunak; horrez gain, Gipuzkoako bailara guztietako ordezkariak daude zerrendan. Hamabost burukidetik zortzi ariko dira estreinakoz.

Kargua hartu ondoren, Arribalagak hitzaldi labur batean esan du EAJk «zabaltzen ari den populismo merkeari aurre» egin beharko diola, «demokrazia indartu, euskal nazioa erreibindikatu, herria euskaraz eraiki eta justizia soziala etengabe landu». Abertzaletasunaren alde sutsuki aritu da: «Herri hau eraikitzen jarraitu beharra daukagu, etsi eta utzi gabe, gure ikuspegi abertzalea maila guztietan zabalduz»; bai eta euskararen alde ere: «Euskaraz egin behar dugu, euskara delako gure izaeraren zutabea, herritar berriek behar duten integraziorako helduleku zuzenena».

Beste lurraldeak

Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzen presidenteak larunbatean izendatuko dituzte, lurralde horietako bilkuretan, baita zuzendaritzetako gainontzeko burukideak ere. Dagoeneko, jakinekoa da nortzuk hartuko dituzten ABB, BBB eta NBBren lemak: Jone Berriozabal, Iñigo Ansola eta Unai Hualde. Azken horrek Nafarroako EAJ gidatzen jarraituko du, barne prozesuan beste hautagairik egon ez denez; Hualde 2015etik da NBBko buru.

Berriozabal eta Ansola, ordea, estreinakoz ariko dira presidente gisa. Biak izan dira zuzendaritza jeltzaleen hautagai ofizialak, eta biak gailendu zaizkie beste hautagai batzuei. Araban, Gorka Urtaran, Gasteizko alkate ohia, lehiakide gogorra izan da Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuarentzat. Izan ere, ABBra salaketa bat igorri du Urtaranen hautagaitzak, prentsan egondako filtrazioek kalte egin diotelakoan. Batzoki batzuen emaitzen aurka, gainera, helegiteak jarri dituzte. Jose Antonio Susoren lekukoa hartuko du, nolanahi ere, Berriozabalek. Halaber, Ansolak hartuko du Itxaso Atutxarena, Bizkaian, nagusitasunez gailendu baitzaio David Salinas-Armendarizi.

Gipuzkoan, berriz, Herrialde Batzarrak Arrizabalagaren inguruan islatu duen batasunaz harago, bihurguneak egon dira barne prozesuan. Lehen itzulian, Eneko Goia Donostiako alkatea gailendu zen zenbait batzokitan —Donostiako hirutan, esaterako—, eta, hark GBBko presidentetzarako lehian egoteari uko egin arte, emaitza hori tentsio iturri izan zen. Imanol Lasa ere gailendu zen batzoki gutxi batzuetan, prozesuaren lehen zati horretan, baina, Goiak egin bezala, uko egin zion Egibarrek aukeratutako hautagai Arrizabalagarekin lehiatzeari.

EBBren txanda

Lurraldeetako zuzendaritzak erabakitzeko prozesuan ez da parte hartze handirik egon batzokietan. Ez dago datu ofizialik, baina afiliatuen gehiengoak uko egin dio bozkatzeko aukerari, eta Uri Batzar batzuetan parte hartze hori benetan apala izan da. Edonola ere, lurraldeetako zuzendaritzak erabaki ondoren, Euzkadi Buru Batzarra berritzeko txanda iritsiko da, eta, beraz, Andoni Ortuzarrek alderdiko buruzagi gisa jarraituko duen ala ez argitzekoa. Prozesu horrek martxoaren 30ean du bukaera, Donostian egingo duten Batzar Nagusian, baina Ortuzarrek berak ipini du urtarrilaren 20a erreferentzia gisa, orduan hasiko baita EBB berria osatuko dutenen hautagaiak aukeratzeko lehen hautespen aldia, Uri Batzarretan. Egungo EBBko presidentearen asmoa da San Sebastian egunez jakinaraztea prozesuan lehiakide gisa parte hartuko duen ala ez.

Berez, erabaki hori hartua duela helarazi du Ortuzarrek, baina, lurraldeetako buruak izendatu ondoren, aro erabakigarria abiatuko da San Sebastian egunera arte, alderdiaren barruko orekak neurtu eta babesak pilatuz joateko, betiere EAJ datozen urteetan gidatuko duen buruzagi baten edo bestearen alde egiteko.

Maria eugenia arrizabalaga

MARIA EUGENIA ARRIZABALAGA
 

 

 

 

 

 

Egibarren apustua zen, eta GBBko presidente bihurtu da Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967). Ez alferrik EAJren ildo subiranista ordezkatu duen buruzagi jeltzale historikoaren albokoa izan da aspaldian. Zuzenbide ikasketak egindakoa da, Deustuko Unibertsitatean, eta EAJko militantea 1996az geroztik. Zumaiako alkate izan zen 2003tik 2007ra. Gaur egun, EBBko burukidea eta EAJren bozeramailea da Gipuzkoako Batzar Nagusian. Harekin eztabaidatu duten lehiakide politikoek, Arrizabalagaren zorroztasuna eta dialektika gogorra ezagutu dute, baita Eusko Legebiltzarrean ere —urrian utzi zion legebiltzarkide izateari—, bereziki EH Bildukoek.

 Azken urteetan burujabetzaren defendatzaile gisa azaldu da iritzi artikulu askotan, eta posizio hori ezker independentistaren zartailu izatearekin partekatu du, bere luma zorrotzaren bidez. Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioa onartu ondoren, irailean modu argian esan zuen EAJk ez duela «ezer asmatu», eta jeltzaleek EH Bildurekin «partekatzen dituzten printzipioei» buruz aritu zen. 2023ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan, Arrizabalagak hitz gutxitan laburtu zuen taula politikoa nola ikusten duen: «Gorriak eta urdinak espainiarrak dira. Eta gu ez. Eta hori da oinarrizko gakoa, zeren eta Euskal Herriaren biziraupena horrekin dago lotua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.