Gaztetxeak, elkar ezagutzen

Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Topaketak egin dituzte Leitzan, xede hauekin: atomizazioari aurre egitea, eta elkarren arteko harreman sareak indartzea.

Topaketen hasiera ekitaldia, gaur goizean, Leitzako Atekabeltz gaztetxean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Topaketen hasiera ekitaldia, gaur goizean, Leitzako Atekabeltz gaztetxean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Leitza
2024ko urriaren 19a
20:00
Entzun

Bina musu, besarkadak eta bostekoak. Leitzako (Nafarroa) Atekabeltz gaztetxearen kanpoan eta barruan bildutako gazteak elkar agurtzen ari dira, goizean goizetik. «Aupa, hi! Zer moduz hago?». «E! Gora Tutera!». «Han datoz Bilbokoak!». «Hendaiakoak atzeratu dira, ezta?». «Urte askotarako!». «Plazer bat». «Nola duzu izena?». «Ezagutzen dut zure gazte asanbladako bat!». Horiek dira solasak. Askok elkar ezagutzen dute, eta beste askok ez. Horretara joan dira: Euskal Herri osoko gaztetxeen eta gazte asanbladen arteko harreman sareak indartzera, eta mugimendua jasaten ari den atomizazioari eta polarizazioari aurre egitera. 

Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Topaketak egin dituzte gaur Leitzan, eta Euskal Herriko txoko guztietako berrogei gaztetxe eta gazte asanblada baino gehiagotako kide ugari bildu dira. Denetariko tailerrak, mahai inguruak eta hitzaldiak egin dituzte. Mobilizazio bat ere egin dute arratsaldean, kontzertuen aurretik. Etorkizun berri bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dute: «Hemen ez da ezer hasi, eta ez da ezer bukatuko. Ez gaude gure lurra, herria eta bizitza saltzen uzteko prest. Horregatik antolatzen gara gazte asanbladetan, ez direlako gaztetxeak soilik, mundua ulertzeko modu bat baizik».

«Norbanakoa geroz eta norbanakoagoa da, geure buruan pentsatzen dugu, eta kolektiboa ahazten ari gara»

LEITZAKO ATEKABELTZ GAZTETXEKO KIDEA

Egunaren hasieran, harrera ekitaldia prestatzeko garaian, Atekabeltz gaztetxeko mahai baten bueltan eseri dira topaketetako hiru partaide: Leitzako gaztetxeko kide bat, Baionako Zizpa gaztetxeko bat eta Donostiako Parte Zaharreko gazte asanbladako beste bat. Ez dute izen-abizenak argitaratzerik nahi izan, «protagonismoak eta pertsonalismoak» saihesteko. Izan ere, nabarmendu dute kolektibotasuna dela gaztetxeen eta gazte asanbladen oinarria. «Horizontaltasuna, asanblearismoa, aniztasuna eta irekitasuna dira geure printzipio ideologiko eta organizatiboak, eta kolektiboa eta kolektibotasuna dute oinarri. Askotan esaten dugu Bizitzak erdigunera, baina ez modu indibidual batean; hori da sistema kapitalista zisheteropatriarkalak bultzatzen duena: indibidualismoa. Gu kolektiboan antolatzen gara, eta kolektiboan erantzuten diogu errealitateari».

Kolektibotasuna galtzen ari da gizartean, indibidualismoaren mesedetan. Nabaritu dute, nabaritu ere, gazte asanbladek eta gaztetxeek. «Guk, bederen, beherakada sentitu dugu COVID-19az geroztik», esan du Zizpa gaztetxekoak. «Uste dut eragin handia izan duela. Norbanakoa geroz eta norbanakoagoa da, geure buruan pentsatzen dugu geroz eta gehiago, eta kolektiboa ahazten ari gara. Gainera, egoera politikoak hori ez du errazten», erantsi du Leitzakoak.

Polarizazioa

Euskal Herriko gazteen artean dauden diferentzia politikoak gaztetxeetara ere heldu dira, noski, leitzarrak aurreratu duen moduan. Bide horretatik segitu du Donostiakoak: «Ukaezina da proposamen politiko ezberdinak daudela. Askotan kontrajarriak izan daitezke, edo tokiko gaztetxe eta gazte asanbladetan hainbat eztabaidatan katramilatzea eragiten dute. Hainbat talka sortzen dituzte. Horrek elikatu du —ez nahita, beharbada— zatiketa, polarizazioa eta atomizazioa».

Muga politikoek ere eragina dute horretan, Baionakoak azaldu duenez: «Justuki, Iparraldea eta Hegoaldea erabiltzeak ere muga hori onartzea dakar. Bestea beste egiten dugu elkar ez ezagutzeagatik».

«Euskaldunak izateagatik gutxiengo bat gara, eta horrek politizatzen gaitu. Gaztetxeak alde formatzailea du»

BAIONAKO ZIZPA GAZTETXEKO KIDEA

Gainera, gaztetxe eta gazte asanblada bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Leitzakoa, esaterako, tradizio luzekoa da: «Jende batek lan handia egin du gaztetxea egiteko, eta horrek asko erraztu du bidea. Baina ibilbide luze horrek zera dakar, jende historiko batek hemen segitzea. Laguntza handia dira, baina beste belaunaldi baten ikuspegiak ere bere mugak dauzka». Erantsi duenez, gazte politizatuak izan ohi dira gazte asanbladara batzen direnak.

Donostiako egoera bestelakoa da: «Gu gazte asanbladan bertan politizatu gara; bertan formatu gara militante gisa, eta bertan jarri dugu zalantzan geure burua eta gainerako guztia. Bertan ikasi dugu kolektiboki funtzionatzen eta elkar entzuten». Baionakoak zera nabarmendu du: «Euskaldunak izateagatik, Baionan gutxiengo bat gara, eta horrek politizatzen gaitu. Gaztetxeak alde formatzailea du».

Mugak gainditzera

Donostiakoak azaldu duenez, topaketen erronketako bat gaztetxeen eta gazte asanbladen «muga lokalak» gainditzea da: «Txikitik eragiten dugu, tokian-tokian antolatzen gara, eta tokian-tokian bizi ditugun arazoei heltzen diegu, baina horrek ez du esan nahi ikuspegi komun bat ez dugunik, elkarren laguntza edo elkartasuna sustatzeko beharrik ez dagoenik. Erronka bat litzateke lokalki ditugun mugak harreman sare horien bitartez gainditzea, baina ez dugu ordezkariz osatutako koordinazio sare iraunkor bat sortu nahi. Harreman sare horiek sortu eta indartu nahi ditugu, elkarrekin eztabaidatzeko eta hausnartzeko elkarguneak eskaini, baina gure printzipioei eutsiz».

Adibideren bat eman du Leitzakoak: «Baionan herri harresi bat egin behar dutenean, badakite nora jo; Donostian gaztetxe bat okupatu behar dutenean, badakite nora jo. Badago jendea gaztetxearekin, gaztetxerik gabe, gaztetxea galtzeko zorian, isunak dauzkana. Horri denari erantzun bat Euskal Herri mailan ematea, hori da helburua».

«Txikitik eragiten dugu, eta erronka bat litzateke lokalki ditugun mugak harreman sare horien bitartez gainditzea»

DONOSTIAKO PARTE ZAHARREKO GAZTE ASANBLADAKO KIDEA

Hori ez ezik, Besta bai, borroka ere bai lelo ezaguna ere guztiz bat dator gaztetxeekin. Musikak gaztetxeetan duen garrantzia nabarmendu dute —«lehen oholtza da askorentzat»—, eta baita festa ereduaz hausnartzeko beharra ere. Festa egin, egitekoak dira topaketen amaieran. «Gaurko ardatza gehiago da borroka, eta besta, sari bat». Beraz, leloa alderantziz erabili dute Leitzan: borroka bai, besta ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.