Ernaik Berriozarren (Nafarroa) biltzeko deia egin die milaka gazteri, apirilaren 17tik 20ra bitarte egingo duten topagunean. Gazteon eskutik independentziara lelopean egingo dute aurtengo ekitaldia, Amaiur Egurrola (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001) Ernaiko eledunak azaldu duenez, nazio auzian «jauzi bat» egiteko garaia baita. Bide horretan gazteek «agente aktibo» izan behar dutela adierazi du.
Ziklo politiko berri baten atarian gaudela diozue. Horri begira, Ernaik non jarri nahi ditu indarrak?
Ziklo berri bat definitzean, bereziki, nazio gisa eman nahi den jauziaz ari gara, nazio bulkada baten biziberritzeaz. Garai politiko honetan, aurrerapauso batzuk eman ahal dira. Uste dugu gainditzen ari garela herri honen aitortza politikoaren eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa eragin duten politikak. Eta badaude instituzioetan eman beharreko pausoak, baina, jauziaz hitz egiten dugunean, masa soziala askapen prozesuaren errailean kokatzeaz ari gara. Erronka da ahalik eta mobilizazio sozial gehiena lortzea datozen urteetan, eta Ernairi dagokio borroka horren transmisioa egitea, gazteak nazio bulkada horretara batu daitezen. Ernai izatea etxe gazte horientzat.
Instituzioak aipatu dituzu. Estatus politiko berriaren inguruko eztabaidaz asko hitz egiten da. Horri erreparatzen ari zarete?
Bai. Hainbat esparrutan egin behar dugu jauzia, baita arlo juridiko-politikoan ere, eta estatusaren inguruko eztabaidak aukera zabaltzen du gehiengo zabal bat elkartzeko, herri gisa ditugun eskubideak aitortuak izan daitezen. Beste arrazoi bat da ulertzeko ziklo politiko berri batez hitz egiten ari garela.
Urte hasieran Independentziara egunak ospatu dituzue.
75 herritan baino gehiagotan antolatu ditugu, eta masiboak izan dira. Esan izan dugu gero eta gazte independentista gehiago garela, eta hori agerian geratu da kalean. Ziurrenik, fase honetan pertenentzia bat sortzea beharko dugu, gazteriak atxikimendu bat sentitzea. Komunitate zabala elkartzeko aukera ematen dute halako egunek, eta baliagarriak dira elkar ezagutu eta pertenentzia hori sortzeko.
«Ez dago zentzu erreakzionarioari aurre egiteko modu hoberik gure agenda propioa markatzea baino»
Gero eta gazte independentista gehiago daudela diozue. Beste batzuek, berriz, independentismoa beherako bidean dela.
Agian, gaur-gaurkoz ez dago hautapen independentista handi bat, baina badago burujabetza eskuratzeko nahi bat. Gazteriak ikusten du ezin dela emantzipatu, eta osasungintzan eta hezkuntza publikoan atzerapausoak eman direla. Burujabetza behar dugula gure hezkuntzari, gure hizkuntzari, gure osasungintzari, gazteon emantzipazioari eta abarri buruzko politikak egiteko, guk geuk gertutik erabakitzeko. Hori gero eta gehiago antzematen da. Eta, nazioarteko jokalekua ezegonkorra den honetan ere, independentziaren auziak ematen ditu heldulekuak.
Nazioartera begira, topaguneko hitzaldietako bat «internazional erreakzionarioari» begirakoa da. Hain zuzen, inkestek diote gazteengan baduela indarra. Nola ikusten duzue euskal gazteria?
Ongi jakin behar dugu bereizten zer den faxismo antolatua eta zer diren bestelako balio erreakzionario batzuekin bat egin dezaketenak —patriarkala, migratzaileen aurkakoa, klima larrialdiaren negazionistak—. Mendebaldean badago ultraeskuinaren gorakada bat, eta ez gaude salbu, baina hori Euskal Herrian ez da modu berean gertatzen. Agian ez dago faxismo antolaturik, hain justu herri honetan badagoelako transmisio historiko bat, hala nola nazio askapeneko mugimenduarena, baina baita auzolanarena ere. Beraz, baditugu antigorputz batzuk, urteetako transmisioaren eraginez. Eta ez dago zentzu erreakzionario horri aurre egiteko modu hoberik Euskal Herrian gure agenda propioa markatzea baino, gure balioekin kaleak hartzea baino.
Gazteen kezka iturri diren hainbat gai jorratuko dituzue: etxebizitza, trantsizio ekosoziala, euskara... Ernaik nola ikusten du bere burua erronka horiei erantzuteko?
Gazteriari zuzen-zuzenean eragiten diete afera horiek. Ziurrenik, egungo gazte belaunaldiak ikusiko du klima larrialdiaren aurpegi gordinena, eta hala erronka guztiekin. Jokaleku globala nahasia den honetan, eta hain babesgabe gaudela, gazteriak tresnak behar ditu erronka horiei erantzuteko, eta herri moduan burujabetza gehiago izatea da tresna bat, ez baitaukagu mekanismorik erronka horiei heltzeko. Ernairen funtzioa da bestelako ortzi muga batzuk planteatzea, bestelako Euskal Herri bat irudikatzea. Gazteriak ikus dezala badagoela alternatiba posible bat. Alternatiba hori eraikitzeko agente aktibo izan behar du Ernaik.
«Gazteriak tresnak behar ditu erronkei erantzuteko, eta burujabetza gehiago izatea da tresna bat»
Eta zer irudikatu nahi duzue Berriozarren?
Egin beharreko jauziari begira indarrak hartzera goazela, eta gazteriak lehen lerroan egon behar duela. Agente aktibo bat izan behar duela prozesu independentistan. Horregatik, hiru ardatz daude egitarauan: mugimenduari edo ezkerreko independentismoari dagozkionak; egungo egoera globalaren interpretazioa egiteko tresna direnak; eta gazteriari zuzenean eragiten diotenak —etxebizitza, feminismoa...—.
Preso politikoen nazioarteko egunaren harira ekitaldi bat egitekoak zineten, baina bertan behera utzi duzue Auzitegi Nazionalaren ebazpen bat dela medio.
Astelehenean, Auzitegi Nazionalak Berriozarko Udalari eskatu zion espediente administratibo bat irekitzeko, eta agindu zuen ekitaldian Espainiako poliziak eta guardia zibilak sartzeko. Horrek, de facto, debeku bat dakar. Ezingo genuke normaltasunez egin. Nabarmena da Ernairen, ezker independentistaren eta presoen etxeratze bidean eman daitezkeen pausoen aurkako operazio bat dela. Kriminalizazio saiakera handi bat. Hori ikusita, mobilizazio nazionalera deitu dugu, askatasunaren eta adierazpen askatasunaren alde. Gu aurrera begira gaude, herri honen askatasunaren alde jarraituko dugu, eta topagunea bakean egin nahi dugu.
Epaitegietatik atera gabe, nola dago Segurtasun Sailak jarritako isunen auzia?
Badaude oraindik auzi batzuk irekita. Lehen ebazpenetan ebatzi zen Gasteizen ez zela desordena publikorik egon, eta Bilbon isunak erabat neurriz kanpokoak zirela. Epaileek adierazi zuten hori. Baina ez ziren behin betiko epaiak, eta ikusiko dugu ea helegiteak izango diren eta nola amaituko den.